Javi Dominguezek (Gasteiz, 1974) beste mugarri bat ezarri du bere kirol ibilbidean. Mendi korrikalari gasteiztarrak Tour des Geants irabazi du, 330 kilometroko luzera eta 24.000 metroko desnibel positiboa duen lasterketa erraldoia. Itzela izan da Javi Dominguezek lortu duen marka ere: 67.52.15. Ia bi ordu eta erdian hobetu du Iker Karrera amezketarrak 2013ko ekitaldian egindakoa.
Makina bat lasterketetan parte hartutakoa da Javi Dominguez, baita asko irabazitakoak ere. Hala ere, estreinakoa zuen 2010etik Italiako Aosta eskualdean jokatzen den ultratrail ospetsuan; ospetsuan eta izugarri gogorrean. Izan ere, haren izenak dioen bezala, erraldoien itzulia egiten da, eta Mont Blanc (4.810 metro), Monte Rosa (4.534), Cervino (4.478) eta Grand Paradiso (4.061) mendiak kateatu. Hori, ordea, ez da arazo izan gasteiztarrarentzat, eta nagusitasunez irabazi du. Ia ordu eta erdiko aldea atera dio helmugan bigarren sailkatuari, Olivero Bosatelli italiarrari (69.16.19), eta zazpi ordu hirugarrenari, Andrea Macchi italiarrari (74.51.14).
Hain zuzen, Dominguezek italiar batekin izan du oso lehia estua, Franco Collerekin. 2014ko txapeldunak gasteiztarrari aurrea hartu dio 205. kilometroan. Ziztu bizian zihoan Colle, eta helmugarako 40 kilometro pasatxo falta zirela, ia hiru orduko aldea zuen. Hori ikusita, lo egiteko baliatu du, baina atsedenak kalte egin dio, eta hustu egin da. Gasteiztarrak ondo baliatu du 308 kilometroan berriz lasterketa buruan jarri eta irabazteko. Izugarri pozik zegoen helmugan, baina baita akituta ere. «Oso pozik nago, baina txikituta ere bai. Toki guztietan dut mina. Lasterketa duela hilabete hasi zela iruditzen zait. Hiru egun dira, baina 24 orduz korrika».
Gasteiztarra ez da proban aritu den euskal ordezkari bakarra. Imanol Alesonmazkoitiarra bosgarren izan da (81.17.37), eta Silvia Trigueros abadiñarra bigarren zihoan edizio hau ixterakoan.
SOSLAIA. Javi Dominguez
Erraldoi erraldoien artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu