Mendia. Naturgas/BBK Nuptse 2012 espedizioa. Alberto Iñurrategi. Alpinista

«Erabakia ez zen gozoa izan, baina ez zegoen aukerarik»

Mikel Zabalza eta Juan Vallejo izan ditu berriro ere espedizio kide Alberto Iñurrategik, Himalayako Nuptsen (7. 861 m) egindako espedizioan. Hego hegala igotzea zuten helburu, estilo alpinoan. Ez dira gailurrera iritsi, baina, pozik daude egindako lanarekin.

BAT BASQUE TEAM.
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Asmo handiko proiektu batekin itzuli zen Alberto Iñurrategi (Aretxabaleta, 1968) Himalayara, urriaren hasieran. Azken espedizioetako taldekide berekin abiatu zen, Mikel Zabalza eta Juan Vallejorekin, Nuptseko (7.861 m) hego hegala estilo alpinoan eskalatzeko asmoz; Himalayako harresirik zirraragarrienetako bat da. Ez dira gailurrera iritsi, baina pozik daude egindako lanarekin.

Hamar egun inguru pasatu dira espedizioa bukatu zenutenetik. Guztiz indarberrituta, jada?

Indarberritzen ari gara. Nuptseren antzeko mendi altuetan desgastea handia izaten da; batez ere, giharrei dagokienez. Itxuraz, ez dugu inolako arazorik izango berriro ere tonua hartzeko, baina, pazientzia izan behar da, eta gauza bakoitzari bere denbora eman.

Nuptseko espedizioa ordura arte egindako beste edozein espediziorekin ezin daitekeela alderatu adierazi duzu. Zergatik?

Tira, konparatzea ez delako erraza. Nik esango nuke esaldi hori pixka bat testuinguruan ulertu behar dela; Nuptsekoa zailtasunaren aldetik baino gehiago konpromiso aldetik aztertu behar da. Lehenengo metrotik azkeneraino oso bide jarraitua da, uneoro tentsio apur batekin ibili behar direnetakoa eta gorantz zoazela beherako bidean pentsarazten dizuten horietakoa. Konpromisoa handia da denbora guztian. Beste espedizioekin ezin alderatu daiteke, alegia, beste mendietan ez bezala, Nuptsen denbora osoan gindoazen tentsioan. Garaiera handiko mendi gehienek dute konpromiso handiko tarteren bat; Nuptsek, berriz, ibilbide osoan du.

Oso espedizio arriskutsua izan da; baina zein mailataraino?

Egia esateko, ez dakit zein mailataraino. Azken batean, mendizaleak beti saiatzen gara gero eta igoera zailagoak eta ederragoak egiten, baina iristen da momentu bat zailtasunak gainditzeko gai izan arren gailurrera iristeko zorte pixka bat ere behar izaten dela, eta errematatzen jakin. Nuptseren kasuan, zailtasuna ez da beste mundukoa, baina, garaiera eta beste hainbat faktore kontuan hartuta, agian inoiz baino konpromiso handiagoa sentitu dugu.

Noizbait zuen bizitza arriskuan ikusi zenuten?

Ez. Bizitza arriskuan ikusi baino geiago, hanka sartzerik egin ezin dezakezulako sentipena da, deskuidu txikiena izanik ere. Azkenean, egunak aurrera joan ahala, sentipen hori astuna egiten da, eta psikologikoki asko nekatzen zaitu.

Gailurretik 150 metrora eman zenuten buelta. Zer du azken zati horrek ordurarte egindakoarekin alderatuta?

Haizea zeukan. Teknikoki ez zeukan itxura txarrik, baina hamabi eta erdiak ziren, eta kalkulatu genuen ordu pare bat beharko genuela gailurrera igotzeko, eta beste ordu eta erdi geunden tokira bueltatzeko. Orduan, gaua gainera zetorkigula ikusten genuen, eta azken zati horretan igo genuen aldapa tentea ez genuen gauez jaitsi nahi. Hiru mendizaleok elkarri lotuta gindoazen, eta bagenekien jaitsiera horretan hiruretako batek estropezu eginez gero hirurak eroriko ginatekeela bueltaka. Ez genuen arrisku hori hartu nahi izan.

Nola bizi izan zenuten altuera horretan beherako bidea hartzearen erabakia?

Erabakia ez zen gozoa izan, baina, bestalde, oso argi ikusi genuen hirurok ez zegoela aukerarik, eta ez genuen eztabaidarik izan. Haizea oso gogor zebilen, eta hotza oso handia zen; orduan, beherako bidea hartzearen arrazoia ez zen bakarra izan, faktore askoren artean ateratako emaitza izan zen.

Klima aldetik baldintza egokiagoak izan bazenituzte, gailurrera iritsiko zinetela uste duzu?

Zalantzarik gabe! Gaueko bederatzietan ilunduko balu eta 25-30 gradu zero azpitik egin beharrean 15 gradu egingo balitu eta, gainera, haizerik ez balego, seguru gorantz jarraituko genuela, nik ez daukat inolako zalantzarik. Baina kontua da hori ezinezkoa dela. Jakin bagenekien mendia oso garaiera handikoa zela urteko sasoi honetan eskalatu ahal izateko, baina aukera apurren bat ikusten genuen. Urriaren bigarren hamabostaldian elurraren eta izotzaren baldintzak oso onak izaten dira, baina neguko hotz eta haizeak ere gogor jotzen du. Izaten dira baldintza bikainak dituzten hiru edo lau eguneko tarteak, baina nagusiki oso haizetsuak dira. Hori guztia bagenekien; hala ere, beste batzuk egin izan dituzte garai honetan antzeko espedizioak,eta guk ere probatu nahi genuen.

Espedizioa martxan jarri aurretik, Nuptseko hego hegala estilo alpinoan egiteak benetan zer esan nahi zuen kontziente al zineten?

Bai, bai, oso kontziente ginen. Nuptsera ez da lehendik ere jende askok igo, baina bagenituen erreferentzia batzuk: frantsesek egindako igoera, Babanovek irekitako bidea eta Alex Lowe eta konpainiak egindako saioak, esaterako. Informazioa bagenuen, eta bagenekien egitera gindoazen jarduerak zer maila zeukan. Egia da, hala ere, bideak asko harritu gaituela, bai zailtasunari dagokionez eta bai edertasunari dagokionean ere. Ez genuen pentsatzen bidea hain ederra izango zenik, liluratuta utzi gaitu benetan.

Hasieran, ez zenuten argi zein bidetatik igoko zineten. Zergatik erabaki zenuten britainiarren bidetik egitea?

Gainontzeko bide guztiei zerbait ikusten genielako. Adibidez, frantsesek igotako bideak eta Steve House eta Marko Pretzelek irekitako bideak oso lehorrak zeuden beheko aldean. Lehenengo 500 metroak oso lehorrak zeuzkaten. Honek motibatzen gintuen benetan: Steve House eta Marko Pretzelek irekitako bidearen lehenengo zatia britainiarren azken zatiarekin lotzea; baina, egunak aurrera joan ahala, lehen aipatutako beheko zati horretako elurra urtuz joan zen, asko lehortzeraino, eta erabat haitzezkoa zen pareta bat gelditu zen. Orduan, garaierara egokitzeko jarraitu genuen prozesuan, britainiarren bidearen lehen zatia igo genuen, 6.300 metroraino, eta konturatu ginen bidea ikaragarri ederra zela. Behin edertasun hori ikusita, eta gainontzeko bideen egoeraz jabeturik, ez genuen zalantzarik izan.

Nola prestatu zinen espediziorako? Vallejo eta Zabalzarekin batera edo bakoitza bere kabuz?

Beti bezala! Faduran jartzen didaten entrenamendua egin ohi dut beti. Batetik, ahalik eta gehien eskalatzen saiatzen naiz, eta, bestetik, erresistentzia lantzeko lasterka aritzen naiz. Nuptserako prestatzen ari nintzela zuntz haustura bat izan nuen, eta lasterka egiteari utzi behar izan nion; bizikletan ibiltzeari ekin nion. Denboraldi hasieran, indarra lantzeko, gimnasioan aritu nintzen pisuekin gora eta behera. Alde fisikoa norberak bere kabuz egiten du eta eskalatzera elkarrekin irteten gara.

Zer ikasi duzu azken espedizio horretan?

Ikasi beti ikasten da, eta horrelako esperientziatan oraindik eta gehiago. Zenbat eta espedizio zailagoetan ibili, gero eta arreta handiagoa izan behar duzu. Gero, Mikel Zabalza soka-lagunak izanda, beti dago zer ikasi. Mikel alde teknikoan oso jantzia da, eta beti ikasten dugu harengandik.

Noizbait beste saio bat egiteko asmorik ba al duzu edo ba al duzue?

Ez, ez. Mendi eta bide asko daude munduan zehar, eta nahikoa egun eman ditugu jada, Nuptsen. Asko gozatu dugu han, eta, hurrengo batean, beste norabait joatea tokatuko da.

Egin duzuen igoeraz jabetuta eta zein gertu gelditu zareten ikusita,proiektu erakargarria izan al daiteke beste alpinista indartsu batzuentzat?

Niri baietz iruditzen zait. Bidea oso polita da, eta planifikazio ona eskatzen du. Mendian azkar ibiltzea eskatzen du Nuptsek;pasarte politak ditu, baina, era berean, esfortzu handikoak ere bai. Proiektu erakargarria izan daitekeela uste dut, golkora igotzeko moduko lorpen interesgarria.

Zer gomendatuko zenieke?

Nik ez daukat inorentzako gomendiorik… Ideia gisa, iruditzen zait gomendagarria, bai britainiarren bidea, bai frantsesena eta bai House eta Pretzelena ere.

Zein beste proiektu dituzu buruan etorkizunerako?

Oraingoz, ez dugu ezer pentsatu. Hasi beharko dugu etorkizunera begira zer egin dezakegun pentsatzen, baina ziur nago ez dugula lan handirik hartu behar izango, berehala asmatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.