Imanol Rojo (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) «hutsetik» hasi beharrean izan zen aurreko denboraldian, Espainiako Federazioak selekziotik kanpo utzi eta gero. Worldloppeteko proba luzeetan Norvegiako taldearekin aritu zen, eta Munduko Kopako probetan, bere egitura propioa sortuta lehiatu zen, Basque Team, Kirolgi eta beste babesle batzuen laguntzari esker. Gurasoen laguntza logistikoa ere ezinbestekoa izan zen. 2024-2025eko denboraldian ere hala ariko da. Iaz lortutako emaitza onen ondotik, aurten entrenamendu sistema norvegiarra probatzea erabaki du, eta maiatzaz geroztik Trond Nystadekin ari da lanean, urte askotan Norvegiako selekzioaren prestatzaile izandakoarekin. Aldea nabaritzen ari dela dio, eta oso itxaropentsu dago elurretako denboraldiari begira. Trondheimeko Munduko Txapelketara «sasoi betean» iritsi nahi du. Ezinbestean, Tolosan norvegiarrei eskainitako lorategian izan da hitzordua. Haien eskutik iritsi zen eskia Euskal Herrira, eta hasi zen dena.
Hori da hori denboraldiari ekiteko modua.
Egia esan, bai. Aurten aldatu egin dugu prestakuntza sistema. Lehen, abuztura arte, bizikleta dezente sartzen nuen entrenamenduetan, eta aurten entrenatzaileak esan zidan bizikleta kentzeko eta roller eskia, korrika eta gimnasioa gehiago egiteko. Eta bai, ez dakit kasualitatea izan den edo roller eskiko entrenamendu horiek izan diren, baina Munduko Txapelketara joan eta irabaztea lortu dut.
Nola joan zen proba?
Alpe Cermis estazioan jokatu zen, neguan Tour de Ski probako azken etapa egiten den leku berean, baina errepidean eta roller eskiekin. Hasierako 12 kilometroak lauak ziren eta azken hiru kilometroak aldapa gora, %10etik gorako maldarekin. Norvegiarrak izan nituen aurkari nagusiak, Andreas Bergsland eta Kasper Herland. Haiek oso indartsu ibiltzen dira lauan, eta ni, berriz, zelaian baino hobeto moldatzen naiz maldan gora. Lehen kilometroetan, norvegiarrak saiatu ziren ihes egiten, baina eutsi nien, eta igoera hasi zenean, aurreko taldetxoa bakanduz joan zen, eta bi norvegiarrak eta ni bakarrik geratu ginen. Helmugarako bi kilometro falta zirela, aurrera jo nuen, eta helmugaraino eutsi nion tarteari.
«Cortina d'Ampezzoko Olinpiar Jokoetan egotea, harako sailkatzea, denboraldi honetan gauzak ondo egin izanaren ondorioa izango da»
IMANOL ROJOIraupen eskiatzailea
Munduko txapeldun. Hitz handiak dira horiek.
Bai, edozein kiroletan, edozein diziplinatan munduko txapeldun izatea oso zaila da. Roller eskian lehiatzen direnen artean, batzuk horretan bakarrik aritzen dira, berariaz prestatzen dira eta profesionalak dira. Beste erdiak, berriz, neguan iraupen eskian ibiltzen garenak gara, rollerra entrenatzeko erabiltzen dugunak. Hortaz, munduko txapelketa hau irabaztea sekulako poza izan da niretzat.
Eta bultzada elurretako denboraldiari begira ere, ezta?
Bai, banekien prestakuntza ondo zihoala, baina orain garbiago ikusi dut fisikoki ondo nagoela. Agerian geratzen ari da egiten ari garen lan hori fruituak ematen ari dela eta bide onetik goazela neguari begira. Noski, iraupen eskian ez da bakarrik fisikoa, badira beste faktore batzuk, eskiak, elur baldintzak, argizariak..., baina alderdi fisikoa ondo doala jakitea garrantzitsua da.
Trond Nystad duzu entrenatzaile maiatzaz geroztik, urte askotan Norvehiako selekzioko prestatzaile izandakoa. Zer gehiago aldatu duzue prestaketan?
Intentsitatearen kontrola, adibidez, eta eguneroko feedbacka. Nire ibilbidean entrenatzaile asko izan ditut, Espainiako selekzioan eta, baina inoiz ez dut eduki halako feed-back-ik. Trond ez dut uda guztian ikusi, baina egunero hitz egin dugu, eta egin dugu saioen jarraipena. Hilabetero proba bat egin dugu korrika, parametroak neurtzeko eta gorputza entrenamenduak ondo barneratzen ari zen ikusteko. Hasi, ez nintzen oso ondo hasi, baina lehen hilabeterako hobekuntza nabaria izan zen, eta beste urte batzuetan maiatzetik urrira arte lortu izan dudan hobekuntza hilabete bakar batean lortu dut aurten. Proba motzei begira indarra ere gehiago landu dugu, eta roller eskiko txapelketan ikusi da indar handiagoa dudala, suskoagoa naizela. Trondek dioenez, gaur egungo datuekin, maila onean nago Munduko Kopan lehiatzeko.
Beraz, datu horietan oinarrituta, zer helburu jarri duzue elurretako denboraldiari begira?
Roller eskiko munduko txapeldun geratu naizen honetan, kanpotik itxaropen handia sortu da, baina entrenatzaileak dio lasai joan behar dugula, lanean jarraitu behar dugula eta gero, probak hasten direnean, hitz egingo dugula postuez. Orain roller eskietan egin dugun lan guztia eskien gainera eraman behar dugu. Teknika igualtsua da, baina eskien gainean irristatzea desberdina da.
«Azken urteotan ez dute oinarria landu, eta neskei dagokienez ere berdin; ez dute Irati Cuadrado edo beste hainbat neskaren alde apusturik egin nahi izan»
IMANOL ROJOIraupen eskiatzailea
Zer egutegi egiteko asmoa duzu?
Iaz Europako Kopako probekin hasi nintzen, baina aurten, iazko maila eta emaitzak ikusita, Munduko Kopako probak bakarrik egingo ditut. Urte honen bukaeran eta 2025aren hasierako egunetan etapaka egiten den Tour de Ski ere egingo dut.
Trondheimeko Munduko Txapelketa izango da jardunaldi nagusia?
Otsailaren bukaeran eta martxoaren hasieran izango da, eta, bai, hori izango da helburua, Trondheimen sasoi bete-betean egotea. Horretarako ari gara lanean.
2023ko denboraldiaren amaieran Espainiako selekzioko egituratik kanpo utzi zintuzteten. Aurreko denboraldia zaila izan zen, ezta?
Espainiako Federazioak beste bide bat hartzea erabaki zuen, ni baino gazteagoak hartzea selekzioan eta esprinteko modalitatea lehenestea. Ez dute kontuan hartzen beste distantzia batzuk ere badaudela. Atletismoan, adibidez, 100 metroko esprintak edo 10 kilometroko probak daude, eta denak hartzen dira aintzat. Iraupen eskian, aldiz, erabaki dute dirua esprintera bideratzea eta gazteekin lan egitea, eta «zaharrak» [kakotxen keinua egin du hatzekin] kanpoan geratu gara.
«Zaharrak» eta neskak. Dauden guztiak mutilak dira.
Hala da. Azken urte hauetan ez dute oinarria landu, eta neskei dagokienez ere berdin; ez dute Irati Cuadrado edo beste hainbat neskaren alde apusturik egin nahi izan.
Zuk zeure kabuz aurrera egitea erabaki zenuen.
Ezustekoaren ondoren, hasieran zalantza izan nuen jarraitu ala ez, baina azkenean aurrera egitea erabaki nuen. Basque Teamek eta Kirolgik babes handia eman zidaten, eta beste pribatu batzuek ere bai, eta Norvegiako taldeak bere egituran hartu ninduen, distantzia luzeko probetarako. Baina oso gogorra izan zen hutsetik hastea. Ez neukan materialik Mundu Kopako probetan lehiatzeko, erosi egin behar izan nuen dena, skiman bat kontratatu, lo lekuak, hegaldiak eta abar lotu... Gurasoen laguntza ere oso garrantzitsua izan zen logistika aldetik. Aurten errazagoa izan da, baina batez ere apirilean, nire atsedeneko hilabetean, lotu ahal izan dudalako dena.
Cortina d’Ampezzo, 2026. Urrun ikusten dira bi urte barruko neguko Olinpiar Jokoak?
Urrun ikusten dira, baina egia esan aurten hasten dira hara sailkatzeko probak. Denboraldiko lasterketa guztiak kontuan hartzen dira, eta aurten helburua hori da: ahal den puntu gehien pilatzea eta sailkapena bideratzea. Cortinako Olinpiar Jokoetan egotea da helburua, baina badakit ez dudala erraza izango, Espainiako Federazioak, gaur egungo irizpideekin, ez didala erraz jarriko, baina gu saiatuko gara. Nik oraintxe Trondheim dut buruan, eta Olinpiar Jokoetan egotea, harako sailkatzea, denboraldi honetan gauzak ondo egin izanaren ondorioa izango da.