Engainatuta sentitu dira

COVID-19ak gogor jo du Himalaia ingurua azken asteetan, eta Euskal Herriko hainbat alpinista handik itzuli ezinda daude. Nepalgo Gobernuaren «utzikeria eta negozioa egiteko gogoa» salatu dituzte, besteak beste.

Juanito Oiarzabal eta Jonatan maskararekin, Katmandun. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Pandemiak segitu arren, 2021ak berriro ere Himalaiara itzultzeko urtea behar zuen. Baina ez da hala izan. Alpinista asko iazko martxoan pandemiak Nepalen harrapatu zituen bete-betean, neguko espedizioen azken egunetan. Aurten, zortzimilako mendien inguruan ibiltzen diren agentzia gehienek bezeroak pilatuta zituzten, besteak beste, Annapurnara (8.091 metro), Everestera (8.848 metro) eta Dhaulagirira (8.167 metro) igotzeko. Apirilean bertan eurek amestutako espedizioan zeuden jada horietako asko, oinarrizko kanpaleku ezberdinetan. Zoritxarrez, COVID-19 kasuek gora egin dute inguru haietan, eta espedizio asko bertan behera utzi behar izan dituzte. Baina are larriagoa dena: alpinista horietako asko han harrapatuta geratu dira, irten ezinik. Horien artean daude Juanito Oiarzabal eta Jonatan Garcia. Amesgaiztoa laster amaitu daiteke, ezusterik ezean balitekeelako aste honetan itzultzea, Espainiako enbaxadak antolatutako hegaldi batean.

 

JUANITO OIARZABAL Alpinista

«Itzultzeko hegazkina guk ordainduko dugu»

Haren omenez prestatzen ari diren bigarren dokumentala grabatzeko aitzakiarekin eta bezero batzuekin Hiru Mendixken ibilaldia egiteko asmoz joana zen Juanito Oiarzabal (Gasteiz, 1956) Nepalera. 28 mendizalez osatutako taldeak Island Peak (6.189 metro) mendia igotzeko asmoa ere bazuen bidean, besteak beste. Egonaldia Oiarzabalen lagun zahar baten agentziarekin zuten lotuta, Pasang Sherparenarekin. Euskal Herrian trebatu zen orain dela urte asko Pasang Sherpa, eta gaur egun Nepalgo agentzia handienetako baten nagusia da. Baina Sherpak berak ere ezin izan ditu konpondu Oiarzabal eta haren taldea Nepalen izaten ari diren arazoak. «Katmandu osoa itxita dago. 07:00etatik 09:30era baino ez dituzte irekitzen dendak, erosketak egin ahal izateko. Beste ordu guztietan, dena itxita dago. Taldea ondo dago, baina etsita», azaldu du Oiarzabalek egoeraz galdetzean.

Azken egunak gogorrak izaten ari dira denentzat, baina badirudi datozen orduetan gauzek beste itxura bat hartuko dutela. «Espainiak Indian duen enbaxadatik deitu ziguten, eta bertan gauden denon izenak hartu dituzte. Tartean dira ere Jonatan Garcia eta Alex Txikon. Oraindik ez dakigu ezer ziurrik, baina badirudi datozen egunetan hegazkin bat izango dugula etxera itzultzeko. Printzipioz, Nepalera laguntza humanitariorako materiala ekarriko duen hegazkin batean itzuliko gara etxera». Arnasa hartzeko gailuak eramango dituzte hegazkin horretan Nepalera. «Egia da Espainiako enbaxadak hemen gauden guztiak ateratzeko antolatu duela hegaldia, baina hegaldia ez da debalde izango». Itzuliko diren guztien artean ordainduko dute. Azken informazioen arabera, txartel garestiak izango dira: 1.500 euro inguru ordaindu beharko dituzte. «Ordaintzen ez duena ezin izango da itzuli», zehaztu du Oiarzabalek. Gasteiztarrak baieztatu duenaren arabera, denera 50-60 inguru izango dira hegazkina hartzeko aukeran. Printzipioz, Katmandutik Madrilera joango den hegaldi bat izango da, baina oraindik ez dakite Europa osoko beste alpinistak ere hegaldi berean itzultzeko aukera izango duten. Halere, argi dauka. «Ziur aste honetan Nepaldik etxera itzuliko garela».

Haserre dago Oiarzabal egoerarekin: «Engainatuta sentitu gara. Nepalgo Gobernuak inoiz baino baimen gehiago eman ditu aurten Dhaulagirirako, Lhotserako, Everesterako eta Annapurnarako. Badirudi Annapurnatik Everesteko oinarrizko kanpalekura etorri direnek ekarri dutela birusa». Gainera, hau gehitu du: «Baimen eta bisa guztiak ondo genituela sartu ginen herrialdera. Horren berme guztia geneukan, baina hemen konturatu gara dena iruzur bat izan dela. Argi ikusten da gobernua dirua biltzera joan dela, lotsagabe».

Otsailean pandemiak gogor eragin zion Oiarzabali. Hamahiru egun pasatu behar izan zituen ospitalean. Gutxinaka, haren sasoia hobera doa. «Egunetik egunera fisikoki hobeto sentitzen ari naiz, baina ibilbideko lehen egunetan asko kostatu zitzaidan. Oraindik ere COVID-19aren eragina sufritzen ari naiz. Egun hauetan, goizero, bi edo hiru orduko ibilaldiak egin ditut, sasoia berreskuratzen jarraitzeko».

JONATAN GARCIA Alpinista

«Alpinista guztiok ez gaituzte berdin tratatu»

2017an Annapurna eta 2018an Manaslu ( 8.156 metro) igo eta gero, bere hirugarren zortzimilakoa igotzeko asmoarekin abiatu zen martxoaren 10ean Euskal Herritik Nepalera Jonatan Garcia alpinista (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Oraingo honetan, Dhaulagiriko gailurra zuen helburu. Bigarren saiakera zuen zortzimilako horretan. 2018an egin zuen lehena. Orduan, aurtengo neguan K2 mendian desagertu zen Juan Pablo Mohr txiletarra izan zuen soka lagun.

Oiarzabalen antzera, Garcia ere egoera antzekoan sentitzen da. «Egun zailak izaten ari dira denontzat azken aste honetakoak. Dena kinka larrian dago, eta iristen diren albisteak ere ez dira oso fidagarriak». Garciak hiru test egin ditu azken egunetan, eta denetan negatibo eman duela azaldu du. Halere, egunak daramatza hotelean, kalera ia irten gabe, eta jende askorekin elkartu gabe. «Kalean jende asko dabil maskararik gabe, eta kontu handiarekin ibili behar gara une oro. Arrisku handia dago kalean bertan».

Espedizioa nahiko ondo hasi zuen Garciak. Aurtengo erronkarako Steffi Troguet zuen kide. Beste urte batzuekin alderatuta, kirolean Garciak hasieratik izan zituen zalantzak. «Inoiz ez nuen oinarrizko kanpaleku batean horrelako zerbait bizi. Nik, behintzat, ez dut gogoan. Dhaulagirik ez digu aukerarik eman. Ez da gailurreko egunik izan, eta oinarrizko kanpalekutik irteteko ere oso aukera gutxi izan ditugu. Bigarren kanpalekua izango zen lekuraino, 6.500 metroraino, nahiko egoera onean igo zitekeen, baina handik igarotzea oso zaila zen».

Mendiaren zailtasunez gain, Koronabirusak dena zaildu zuen. Lehen kasuak lau xerpenak izan ziren. Helikopteroan eraman behar izan zituzten oinarrizko kanpalekutik. Osasunez gaizki zeuden, baina testik ez zegoenez, ez zen ezer ziurra. Hasieran ez zitzaien garrantzirik eman haien osasun arazoei, gehienbat, askotan gertatzen delako altuerako gaitzak jotako gaixotasuna izatea. Handik hiru edo lau egunera, beste alpinista batzuk ere gaizki sentitzen hasi ziren, tartean Mexikoko alpinista bat. Gauean oxigenoarekin lo egin behar izan zuen baten batek. Hainbat alpinisten artean, bertan zegoen ere Carlos Soria beteranoa(Avila, Espainia, 1.939). Soriak berarentzat eta bere taldekideentzat bederatzi test eramanak zituen etxetik. Bertakoen larritasuna ikusita, jendeari test guztiak eskaini zizkion. Egindako bederatzi probetatik zazpik positibo eman zuten. Proba haietako emaitzek agerian utzi zuten arazoa uste baino larriagoa zela oinarrizko kanpalekuan.

Garciak argi du: «Jende gehiegi zegoen oinarrizko kanpalekuan. Ez nuen inongo momentutan Himalaiako girorik sentitu, ez lanerako gogorik, ez koordinaziorik... Inoiz ikusi nahi ez nuen gauza bat ikustea tokatu zait aurtengoan. Bizitako egoerak etorkizunean gauzak beste ikuspuntu batetik planteatzera eramango nau. Ez dakit behar ez dudan leku batean ez ote nagoen...».

Jakina da Nepalgo Gobernuarentzat diru sarrera oso garrantzitsuak direla zortzimilakoetatik datozenak. Beti izan da horrela. Horri ere heldu dio Garciak. «Bakoitzak bere gauzak esplotatzea ondo dago. Zortzimilako bat igotzeko bezeroek zenbat eta gauza gehiago behar, agentzietako jendeak orduan eta diru gehiago biltzen du. Asko bi, hiru edo lau xerpekin ere joaten dira, oxigenoz lepo...». Garciak hau erantsi du: «Alpinismoaren etika eta estiloa alde batera uzten ari dira nabarmen. Dirua duen jendearentzat helburu bihurtzen ari dira Himalaiako mendiak ere».

Katmandun daramatzan egunetan buruari galdera asko egin dizkio, eta arrazoi baten bila ere ibili da. Etxetik irteterako lehen kontrola egin behar izan zuen hegaldia hartzeko. Negatibo izan zenez, bidaiatzeko aukera izan zuen. Nepalera iritsi bezain pronto, beste proba bat egin behar izan zuen, eta ondoren bost eguneko itxialdia osatu behar izan zuen bertako hotel batean, oinarrizko kanpalekura abiatu aurretik. Amorruz gogoratzen ditu orain artean egin izan dituen kontrolak. «Niri egin dizkidaten proba guztiak besteei egin izan bazizkieten, orain ez ginen egoera honetan egongo».

Bertako agintarientzat ere hitz gogorrak izan ditu Garciak. «Utzikeria handia izan dutela esango nuke. Argi daukat negozioa egitera joan direla, patrikak ondo betetzera, alegia. Eta horretarako denak balio du. Gero, baten bat hiltzen bada, espedizioren bat bertan behera utzi behar bada, edo ezin badu etxera itzuli, hor konpon!». Garciak ez ditu sekula ahaztuko egun hauetan bizitakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.