Eneritz Aramendi eta Iraitz Legorburu izan dira irabazle Kobaz Koba Trail lasterketan

Guztira 614 korrikalarik osatu dituzte Zaldei (26 km) eta Artzei (15 km) ibilbideak, Zestoa inguruko historiaurreko bide, haitzulo eta aztarnategietan barna. Ibilbide laburrean, Ainara Urrutia eta Mikel Arriola izan dira aurrenekoak.

Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketaren 9. ekitaldia
Probako bi partaide, ibilbideko haitzuloetako batean. KOBAZ KOBA TRAIL
ramon olasagasti
2025eko otsailaren 10a
08:00
Entzun

Guztira 614 korrikalarik parte hartu zuten atzo Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren bederatzigarren ekitaldian, Antola Arazi IKT eta Agiro mendi klubek Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatutako proban. Eguna haizetsu eta euritsu esnatu zen, eta korrikalariek lokatz ugari topatu zuten mendian, baina probaren parterik handienean ateri eutsi zion, ikusleen eta boluntarioen zorionerako.

Mendi lasterkariek bi ibilbide zituzten aukeran: Zaldei (26 km) eta Artzei (15 km), biak ere Zestoa inguruan ugariak diren «historiaurreko koba, aldapa eta bidezidorretan barrena», antolatzaileek nabarmendu bezala. Hala, Ertxiña, Endoia eta Santa Engraziko gainak, eta Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia, Erlaitz, Irikaitz eta Arluze haitzuloak, aztarnategiak eta monolitoak lotu behar zituzten bidean.

Zaldei ibilbide luzean, Eneritz Aramendi azpeitiarra (2.58.12) eta Iraitz Legorburu getariarra (2.14.39) nagusitu ziren. Aramendik hiru minuturen aldea atera zion bigarrenari, Naroa Uria herrikideari, eta Tanit Perez de Lezeta donostiarra izan zen hirugarren. Mutiletan, berriz, Paul Ormaetxea muruetarrak eta Beñat Ibañez zumarragarrak osatu zuten podiuma.

Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketaren 9. ekitaldia
Zaldei ibilbideko hiru aurrenekoak helmugako lerroan. KOBAZ KOBA TRAIL

Artzei bidean edo ibilbide laburrean, berriz, Ainara Urrutia aretxabaletarra (1.33.05) eta Mikel Arriola eibartarra (1.17.14) izan ziren aurrenekoak. Nesketan, Ane Elzaurdia beratarra izen zen bigarren, eta Irati Larrañaga usurbildarra hirugarren. Mutiletan, berriz, Joxe Errasti oriotarra izan zen bigarren, Arriolarekin lehia estua izan ondoren, eta Ibai Angulo azpeitiarra igo ziren podiumaren hirugarren mailara.

Lasterketaren ondoren, eskualdeko kalitatezko produktuekin eginiko hamaiketakoa izan zuten parte hartzaile guztiek kiroldegi inguruan.

SAILKAPENAK

Zaldei bidea (26 km)

Emakumezkoak
1. Eneritz Aramendi / Azpeitia / 2.58.12
2. Naroa Uria / Azpeitia / 3.01.20
3. Tanit Perez de Lezeta / Donostia / 3.12.41

Gizonezkoak
1. Iraitz Legorburu / Getaria / 2.14.39
2. Paul Ormaetxea / Murueta / 2.16.49
3. Beñat Ibañez / Zumarraga / 2.16.58

Artzei bidea (15 km)

Emakumezkoak
1. Ainara Urrutia / Aretxabaleta / 1.33.05
2. Ane Elzaurdia / Bera / 1.33.54
3. Irati Larrañaga / Usurbil / 1.34.26

Gizonezkoak
1. Mikel Arriola / Eibar / 1.17.14
2. Joxe Errasti / Orio / 1.17.17
3. Ibai Angulo / Azpeitia / 1.18.27

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.