Eneko Carreterok Espainiako Kopa irabazita esan die agur lehiaketei

Eskalatzaile zumaiarrarentzat «emozio handiko asteburua» izan da: Jakan, Espainiako Boulder Txapelketan eta Kopako azken proban, hirugarren izan da, eta sailkapen nagusian irabazle. 18 urtez azpikoetan, Maddi Agirre bigarren izan da.

Eneko Carretero eskalatzailea
Eneko Carretero, hunkiturik, azken blokean goia jo eta bertaratutako ikusleen txalo zaparradari txaloz erantzuten. BERRIA
ramon olasagasti
2024ko azaroaren 12a
11:05
Entzun

«Emozio handiko asteburua» izan da Eneko Carretero Cruz eskalatzailearentzat (Zumaia, Gipuzkoa, 2001) igaro berri den hau: bere azken proban lehiatu da Jakan, boulderreko Espainiako Kopako hirugarren eta azken proban, eta, agurrekoan, garaile izan da Kopan. Boulderreko Espainiako Txapelketa ere bazen Jakakoa, eta horretan ere podiumera igo da, hirugarren postuan. «Oso berezia izan da Jakakoa. Lehiaketa uzteko erabakia ez da erraza izan, eta horrela bukatzea oparitzarra izan da», nabarmendu du Carreterok.

Bizitza guztia darama eskalatzen Eneko Carreterok. Oso txikitatik lehiatu izan da, besteak beste, 18 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan da, zailtasuneko eta boulderreko Espainiako txapeldun bi aldiz, eta, horregatik, lehiaketen mundu hori uzteko erabakia ez da erraza izan beretzat: «Buelta asko eman dizkiot, egia esan, baina azkenean, arrazoi askotarikoengatik, etapa honi amaiera emateko garaia zela erabaki dut. Alde batetik, neke mentalagatik, eta bestetik, kanpoko faktore batzuengatik. Goi mailan egon nahi baduzu, horretara egon behar duzu buru-belarri. Lehiaketak mugatu egiten zaitu: harkaitzera ateratzeko denborarik ez daukazu, eta kanpora bidaiatzea ere, ez bada txapelketetara, zaila da...».

«Azken blokeko txalo zaparrada hori... Ikusi jendea, neska, lagunak, denak negarrez, denak emozionatuta, zutik, txaloka... Bizitza osorako gordeko dudan oroitzapena izango da: ez zait inoiz ahaztuko» ENEKO CARRETEROEskalatzailea

Orain, horretarako gogoa dauka, harkaitzera ateratzeko eta proiektu gogorrak probatzeko; kanpora bidaiatzeko, eta hango eta hemengo bide eta bloke zailetan saiatzeko. «Bestalde, serio hasi nahi dut txapelketetako bideak ekipatzeko lanetan. Hurrengo urtean hasiko naiz Espainiako probetan ekipatzaile, eta nire helburuetako bat nazioarteko probetan ekipatu ahal izatea da. Hau da, modu profesionalean honetan jardutea».

Asteburu hunkigarria

Bazekien Carreterok asteburua berezia izango zela, lagun asko joango zela Indorwall Climbing rokodromora, etxetik jende mordo bat izango zuela animatzen, eta berak ere «lasai bukatu eta gozatu» egin nahi zuen. Aldi berean, ordea, bazekien Espainiako Kopa irabazteko aukera handia zuela. Cuencako lehen proban, bigarren izan zen; Mostolesko bigarrenean, garaile, eta, beraz, sailkapen nagusiaren buruan zegoen. «Bai, agurrarekin batera, Kopa irabazteko helburua eta motibazioa ere hor zegoen, eta helburua bete dut».

Eneko Carretero eskalatzailea boulderreko Espainiako Kopan
Azken blokean, goia jo aurreko mugimenduetan. ALBERTO GARAIZABAL / INDORWALL CLIMBING

Jakan, hirugarren egin zuen, baina azken blokekoa «hunkigarria» izan zen zumaiarrarentzat. Top-a egin zuen bloke horretan, eta goia jo zuen zentzu guztietan. «Azken blokeko txalo zaparrada hori... Ikusi jendea, neska, lagunak, denak negarrez, denak emozionatuta, denak zutik, txaloka... Bizitza osorako gordeko dudan oroitzapena izango da: ez zait inoiz ahaztuko». Asteburu osoa pasatu du Carreterok hunkituta. «Txapelketaren aurretik, lagunek ordu erdiko bideo bat prestatu zidaten, animoak emateko, eta azkenean, berotasun eta maitasun hori sentitzea, txapelketa baino lehen eta geroko guztia, niretzat oso hunkigarria izan zen». Bere ibilbidean ondoan izan dituen guztiei esker ona adierazteko asteburua ere izan da, «etxekoei, hurbileko guztiei, une txar guztiak jasan dituztenei...».

Eneko Carretero eskalatzailea Espainiako Kopako podiumean
Eneko Carretero Espainiako Kopako podiumaren maila gorenean.

Espainiako Txapelketan, Guillermo Peinado madrildarra izan zen garaile, Andres Vila kataluniarra bigarren, eta, aipatutako moduan, Eneko Carretero hirugarren. Emakumezkoetan, Julia Benach kataluniarra izan zen Espainiako txapeldun, Maria Paredes extremadurarra bigarren, eta Rebeca Perez aragoiarra hirugarren.

Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, Maddi Agirre ordiziarra bigarren izan zen Espainiako Txapelketan, sailkapen faseko seigarren postua nabarmen hobetuta. Finaleko zortzikotean beste hainbat euskal eskalatzaile ere izan ziren: Elur Arteaga bosgarren izan zen, Intza Elizalde seigarren eta Ainhoa Uskola zortzigarren. Maila berean, mutiletan, Asier Antunez gasteiztarra bosgarren izan zen, txapelketa bikaina eginda. 16 urtez azpikoetan, berriz, Udane Mujika bosgarren izan zen, eta 14 urtez azpikoetan, Aiora Perez seigarren.

Espainiako Kopako eta Espainiako Txapelketako emaitza guztiak esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.