Kirol eskalada

Eneko Carretero eta Geila Macia txapeldun Klimb Zarautz Masters proban

Aurreko urtean bezala, goi mailako lehia eta giro paregabea izan ziren larunbatean Klimb Zarautz rokodromoak antolatutako txapelketan, Jacky Godofeek ekipatutako bloke ikusgarrietan.

I. Zarautz Klimb Masters-aren podiuma
Probaren podiuma. Koskarik gorenean, Geila Macia eta Eneko Carretero. KLIMB ZARAUTZ
Zarautz
2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako eskalatzailerik onenetako batzuk bildu ziren larunbateko proban, gaur egun nazioartean goi mailan lehiatzen diren eskalatzaileak. Antolakuntza ere ez zen nolanahikoa izan: Klimb Zarautzeko ekipatzaileekin batera, egun routesetter lanetan munduko erreferentzia den Jacky Godofee frantziarra eta Madrilgo Sputnik rokodromoko Juan Antonio Jimenez Portillo (@boulderlab) izan ziren. Parte hartzaileek I. Masters Klimb-eko giroa nabarmendu zuten, eta, blokeen maila goraipatzeaz gain, antolatzaileen gertukotasuna eta prestasuna eskertu zuten.

Kirolariek zailtasun ezberdinetako 25 bloke izan zituzten egiteko, eta finalera igaro zirenek gogorrenak egitea erdietsi zuten. Guztira 73 eskalatzailek hartu zuten parte, hiru txandatan banaturik, eta sei neska eta sei mutil igaro ziren finalera, tartean zenbait euskal herritar. Finalean sartu bakarrik ez: mutiletan, Eneko Carretero zumaiarra izan zen txapeldun. Carreterok nazioarteko txapelketak utzi berri dituen honetan, oraindik indartsu dagoela erakutsi zuen: Guillermo Peinado baino aurrerago geratu zen, eta Europako eskalatzailerik indartsuenen artean dago Peinado. Nesketan, Geila Macia kataluniarra izan zen txapeldun.

Eneko Carretero blokeetako bat gainditzen. KLIMB ZARAUTZ

Finalean, Carreteroren eta Peinadoren arteko lehia ikaragarria izan zen, eta sailkapen faseko emaitzetara jo behar izan zuten epaileek txapeldun zein izango zen erabakitzeko, finaleko blokeetan berdinduta baitzeuden. Hirugarren postua Money Titouan frantziarrak lortu zuen. Nesken lehian, bigarren Julia Benach kataluniarra izan zen, eta hirugarren, berriz, Udane Mujika elduaindarra (Gipuzkoa). Azken horrek ezusteko atsegina eman zien etxekoei, 15 urte izanagatik ere finalean sartzea erdietsi baitzuen. Mujkak benetan indartsu eta sasoiko dagoela erakutsi zuen, maila eta eskarmentu horretako eskalatzaileen artean sei onenen artean sartu baitzen. Aipatu beharra dago zazpigarren sartu zela sailkapen fasean, baina finalerako seigarren postua Mujikarentzat izan zela, Aida Torres kataluniarraren (bosgarren sailkatua) zoritxarrezko lesioaren ondorioz. Finalera iristea gutxi balitz bezala, podiumean sartzea lortu zuen eskalatzaile gazteak: emaitza ezin hobea elduaindarrarentzat, inolako ezbairik gabe.

Larunbateko Mastersaren ondoren, martxoaren 8an Klimb Zarautz Open proba irekia izango da, maila apalagoko eskalatzaileei zuzendua. Helburua kirol eskaladan dihardutenentzako topaketa bat antolatzea izango da, eta eskalada ezagutzen ez dutenei kirol hori probatzeko parada eskaintzea, betiere goi mailako blokeak eskainiz.

I. Zarautz Klimb Mastersa. Geila Macia irabazlea
Geila Macia irabazlea blokeetako batean. KLIMB ZARAUTZ

Eskalatzaile eta antolatzaileek Klimb Zarautzen azken urteetan antolaturiko moduko ekitaldien beharra aipatu zuten, kirol eskalada jende askorentzat kirol ezezaguna delako orain ere. Harrobia lantzeko ezinbestekoak direla diote, Europako zenbait lekutan kirol eskaladako txapelketak ikusten ohituak daudela, eta hemen antzeko ekitaldi gehiago ikusteko urratsa izan daitekeela. Sustatzaileen eta hedabideen inplikazioa eskertu zuten, EITBren bidez zuzenean eta ondoren ikusteko aukera, esaterako.

Finala ikusi nahi izanez gero, datorren larunbatean 15:00etan emango dute ETB1 katean, eta Klimb Zarautzen web orrian bertan edota eitb.eus-en ere izango da ikusgai.


SAILKAPENAK

Neskak
1.- Geila Maçia
2.- Julia Benach
3.- Udane Mujika
4.- Maria Paredes
5.- Paula Traverso
6.- Martina Muñiz

Mutilak
1.- Eneko Carretero
2.- Guillermo Peinado
3.- Money Titouane
4.- Baptiste Escalle
5.- Mikel Linazisoro
6.- Lluc Maçia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.