Eñaut Uson eskalatzaileak denboraldi biribila osatu du: Euskal Herrian eta Espainian irabaz zitezkeen proba guztiak irabazi ditu 14 urtez azpikoetan. Oraindik orain, zailtasuneko Espainiako txapelketa lortu zuen, eta joan den asteburuan, blokeko edo boulderreko modalitatea ere irabazi du eskalatzaile tolosarrak Caceresen (Extremadura, Espainia) jokatutako proban.
Euskal selekzioko 16 eskalatzailek hartu zuten parte Caceresko proban; horietatik bostek dominak lortu zituzten, eta hamarrek finalean sartzea lortu zuten boulderreko modalitatean. Hamalau urtez azpiko maila berean, Araceli de Bilbao bigarren izan zen. Hamasei urtez azpikoetan, Maddi Agirrek brontzea lortu zuen, eta Joanes Espartak ere gauza bera egin zuen 20 urtez azpikoetan.
Nagusien mailan, finalean aritu ziren Eneko Carretero (5) eta Mikel Linazisoro (7), baina dominen lehiatik kanpo geratu ziren. Mutiletan, 16 urtez azpikoetan, finalera iritsi zen Gari Markuerkiaga (6), eta 18 urtez azpikoetan ere zortzi onenen artean sailkatu zen Asier Antunez (7). Nesketan, 18 urtez azpikoetan, finalerako sailkatu ziren Ainhoa Uskola (4) eta Intza Elizalde (7). Hamasei urtez azpikoetan, berriz, Naroa Aierdi nafarra (7) finalean izan zen.
Eskaladako Euskal Selekzioaren zuzendaritza teknikoak denboraldiaren balantzea egin du, eta hiru alderdi hauek azpimarratu ditu: «Hainbat podium lortu ditugu, bereziki gaztetxoek; eskalatzaileek gora egin dute, eboluzio nabarmena izan dute, eta onenen artean lekua egin dute; eta, azkenik, taldeak erregulartasun handia izan du, eta nortasun handia erakutsi du». Hobetu beharrekoak ere aipatu dituzte zuzendaritza teknikoko kidek, eta hor abiadurako diziplinan hobetu beharra nabarmendu dute batez ere.
Sailkapen guztiak FEDMEren webgunean.