Felipe Uriarte
Tashi Delek. Gaintza. 2024ko urtarrilaren 15a.

Emigrazioak

2024ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Gosaldu ostean motxila bizkarrean eguneroko mendi buelta egiteko asmoz etxetik irten nintzenean, besteetan ez bezala, ez nuen Mingma Doma bere etxearen aurrean aurkitu. Goizero tashi delek alai batez agurtzen genuen elkar, eta ondoren saiatzen zen esamolde xerpa berri bat nire belarri ertzera irristarazten. Aurreko gauean izan genuen agur afaria; izan ere, goizean goiz Luklarako bidea hartzekoa zen Nam Karsam senarrarekin batera. Luklan Katmandurako hegazkin txikia hartu behar zuten, hiriburuan hurrengo hiru hilabeteak igarotzeko asmoarekin, Khumjungo hotzetik ihes eginez. Martxoan itzuliko dira, giroa goxatzen denean, eta epeltasunarekin batera mendizaleak azaltzen direnean. Bide beretik abenduaren bukaeran Katmandura joatekoak ziren Ang Tserki eta Pemba Tsering, urtarrilean Sonam Tashi - Lhakpa, eta Nigma Kantza - Tashi Doma. Neguan Khumjungo etxe asko itxita geldituko dira, udaberriaren usain gozoa zabaldu arte.

Prem Bahadur Rai, Sonam Dikiren etxeko neskamea, rai etniakoa.
Prem Bahadur Rai, Sonam Dikiren etxeko neskamea, rai etniakoa. FELIPE URIARTE

Bestalde, ikasketak Kathmandun egin ondoren, asko dira atzerriko bidea hartzen duten xerpa gazteak ere. Esaterako, aipatutako lagunen seme-alabak, Ang Dawa eta Punga Dawa, Australian daude; Pemba Yantzi eta Pemba Tsering, Kanadan; Mingma Dorjee eta Palmo Kantza, New Yorken... Lana, bizimodu erosoa, klima gozoagoa edota diru iturri samurragoak bilatzea, asko izango dira xerpa gazteen arrazoiak Himalaiako jaioterritik alde egiteko.

Sonam Dikiri Portseko bere etxean egin nion azken bisitan horretaz jardun genuen. Berak esaten zidan seme-alabak Kanadan bizi direla, baina gazteak itzuliko direla familiaren etxeetara, hemengo lanekin jarraitzeko. Ni ez nintzen bera bezain baikor.

- Eta zure seme-alabak itzultzen ez badira? Edo Sonam Tashi eta Lhakparenak, edo Mingma Doma eta Nam Karzamenak? Nork eutsiko die zuen etxe eta lur sailei?

Bizitzaren aurrean sherpek erakusten duten ikuspegi bereziarekin, buruarekin keinu egin zion Prem Bahadur Rairi, rai etniako etxeko neskameari; ondoren, niri begiratu, eta irriz esan zidan:

- Hauek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.