Mendia

Emakumea bederatzigarren dimentsioan

'Pure imagination' eskalatuta, 9a mailara jauzi egin du DiGiulian gazteak; Bereziartu izan zen aitzindaria, 2002an

Sasha DiGiulian, Pure imagination bidea eskalatzen, goian; behean, berriz, Josune Bereziartu, Bain du Sang bidean, 2002an. KEITH LADZINSKI / RIKAR OTEGI.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Jakina zen sasoian zegoela, eta azkenerako Sasha DiGiulian eskalatzaile gazteak jauzi egin du kirol eskaladaren bederatzigarren dimentsiora. Red River Gorge eskalada gunean (AEB), Pure imagination bidea eskalatu du, eta bigarren emakumea da DiGiulian 9a zailtasuneko bide bat eskalatzen. Orain artean Josune Bereziartu zen mugarri horretara iritsitako bakarra. Abuztuaren 18an PPP 9a zailtasuneko bidea eskalatu zuela idatzi zuen bere blogean Charlotte Durif eskalatzaile frantziarrak, baina haren hitza zalantzan jarri dute eskalatzaile askok, argazkirik, bideorik edo bestelako frogarik ez duelako azaldu Durifek.

Jonathan Siegristek irekitako bide bat da Pure imagination, eta DiGiulianek sei ekinaldi behar izan ditu kateatzeko. Martxoan 8c+ mailako aurreneko bidea eskalatu zuela aintzat hartuta, oso denbora tarte txikian iritsi da 9. dimentsiora: «Ez nuen halakorik espero. Ni neu ere harrituta nago».

Ia hamar urte dira Josune Bereziartuk Bain de Sang eskalatu zuela, Suitzan, 2002an. Bereziartu izan zen 9a mailako bide bat kateatzen aurreneko emakumea. Lorpenak oihartzuna izan zuen garai hartan, baina denboraren joan-etorrian beste inork maila horretako biderik eskalatu ez izanak ageriko uzten du handia egin zuela Bain du Sang eskalatuta lazkaotarrak. Haren ondoren, 9a mailako beste bide bat ere eskalatu zuen: Logical progression, 2004an. Mugarria urte batera jarri zuen, Bimbaluna (9a/a+) kateatuta, 2005ean.

DiGiulianek gogoan izan du Bereziartu egunotan egin dizkioten elkarrizketetan. «Ez dut ezagutzen, baina eskalatzaile indartsua behar du izan, eta inspirazioa izan da gainerakoentzat. Ni pozik nago 9a mailako bide bat eskalatu dudalako, eta emakume gehiagok halakorik lortzeko pizgarria bada, are eta gehiago poztuko naiz», esan dio 18 urteko eskalatzaile gazteak planetmountain aldizkariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.