Sonia Casas. Goi mendietako gidaria

«Emakume batek ausardia handia behar du mendi gidari izaten saiatzeko»

Bide urratzailea izan da goi mendietako gidari titulua lortzen eta lanbide horretan jarduten, baina Casasek zabaldutako bideak ez du segidarik izan. Casasek salatu duenez, emakumeek, emakume izateagatik, bazterketa edo gutxiespen egoerei aurre egin behar dietelako, besteak beste. Aurrera jarraitzeko asmoa du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Etxauri
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Lainopean dago eskalatzaileentzat tenplua den Etxauriko (Nafarroa) herria. Nabari da negua gerturatzen ari dela. Bertako herritarrentzat aurpegi ezagun bihurtu da Sonia Casas bilbotarra azken lau urteetan. Denek ikusi ohi dute bertako hormetan eskalatzen.

Iritsi berri zara Himalaiatik. Zer aurkitu duzu azken bidaia honetan?

Oso egun gutxi dira etorri naizela, eta maletak oraindik ere desegin gabe ditut etxean. Bi espedizio elkartu zaizkit oso denbora gutxian, eta zazpi aste pasatu ditut etxetik kanpo. Ibilbide zirkular bat egin dugu Himalaian: haran batetik igo gara, eta beste batetik jaitsi. Bestalde, hara joaten naizen bakoitzean gertatzen zaidan moduan, jendea geroz eta txiroago ikusten dut, eta aberatsak, geroz eta aberatsago.

Mendi gidari lanetan ari zara azken hamalau urteetan. Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?

Aitak mendira eramaten gintuen txikiak ginela. Gogoan dut gainerako anai-arrebak ez zirela gogo handiarekin joaten mendira, baina ni, berriz, oso gustura joaten nintzela. 14 urterekin-edo, beste gazte batzuekin joaten nintzen mendira. Gero, gimnastika erritmikoan hasi nintzen, baina, hala ere, beti joaten nintzen mendira.

22 urterekin, lana aldatu, eta bi hilabeterako joan zinen Himalaiara. Zure lehen esperientzia izan al zen?

Bai. Telekomunikazio enpresa batean lan egiten nuen, eta ordenagailuarekin pasatzen nuen egun osoa. Gogoan dut orduan Kataluniako emakume bat ezagun egin zela Nepalgo gizon batekin elkartu eta umeak zaintzeko fundazio bat sortu zuelako. Emakume harekin harremanetan jarri nintzen, eta esan zidan bere gizonak trekking egiteko enpresa bat zuela. Gizonak gaztelaniaz hitz egiten zuen, eta, nik zer egin nahi nuen esan ondoren, hark prezio bat eman zidan. Egonaldia adostu genuen. Bakarrik joan nintzen.

Zergatik bakarrik?

Inor ez nuelako aurkitu. Zaila da bi hilabete libre izatea eta hiru seimilako igotzeko nahia izatea. Lagun eskalatzaile asko nituen, izugarrizko gradua eskalatzen zutenak, baina inork ez ninduen jarraitu nahi horrelako abentura batean.

Hiru seimilako esan duzu?

Bai, hala izan zen. Bitxia da, baina orduan ez nuen horrelako erronka bat egiteko arroparik. Enpresa batzuetara idatzi, eta denek zerbait bidali zidaten espediziorako. Batzuek arropa, besteek galtzerdiak... Kanpadenda bakarrik erosi nuen. Orduan ez zen ohikoa emakume bat horrelako erronka batean ikustea, eta uste dut denei deigarria egin zitzaiela. Eta bai, hiru seimilako igo nituen: Mera Peak, Island Peak eta Lobuche.

Nolako esperientzia izan zen?

Ez zen izan ohiko bidaia bat. Nik ez nituen tokiko logelak erabili nahi; nik kanpadendan lo egin nahi nuen. Kanpadenda zamaketariarekin eta xerparekin partekatu nuen hilabete eta erdian. Nik eskuoihal hezeak erabiltzen nituen egunero garbitzeko, eta saiatzen nintzen haiek ere gauza bera egin zezaten, baina ia ezinezkoa zen. Espedizioaz, berriz, inoiz ez nintzen hain glaziar handietan ibili. Hiru gailurrak Khumbuko haranean daude, eta orduan harana ez zegoen gaur egun bezala. Oso oroitzapen onak ditut hango jendeaz, oso ondo zaindu nindutelako. Espedizioa amaitzerako, nepaleraz hitz batzuk ere egiten nituen.

Handik itzulita erabaki al zenuen mendi gidari izatea?

Himalaiarekin maiteminduta etorri nintzen, alpinismoarekin maiteminduta. Zainetan sartuta gelditu zitzaidan. Hala ere, Madrilera joan beharra izan nuen, lan berrira. Egun haietan Coleman saria irabazi nuen, urteko emakume abenturazalearen saria. 8.000 euroko saria zen, zortzimilako batera joateko, Cho Oyura hain zuzen. Kantabriako [Espainia] lagun batekin joateko asmoa nuen.

Zer gertatu zen espedizioarekin?

Eskalatzen ari nintzen egun batean, erori egin nintzen, eta hanka guztia txikitu nuen. Hogeita hamabi egun pasatu nituen ohean. Bertan behera gelditu zen dena. Aurretik, Sebastian Alvarorekin ere hitz egina nuen Al Filo de lo imposible programan kolaboratzaile gisa aritzeko. Orduan sinatu zuten Edurne Pasabanekin hamalau zortzimilakoak igotzeko kontratua. Cho Oyura joan baino bi aste lehenago gertatu zitzaidan hankeko istripua. Bizitza guztia aldatu zitzaidan. Urte oso bat pasatu nuen gaixoaldian. Urte bateko borroka izan zen oina berriro ere ondo jartzeko. Berriro ere eskalatzea zen nire helburua.

Baina mendi gidari izatea lortu zenuen osatu ondoren.

Bai, ez zen izan erraza, baina lortu nuen. Himalaiatik itzuli nintzenean argi ikusi nuen horretan lan egin nahi nuela. Benasqueko eskolan eman nahi nuen izena, baina, desadostasunak tarteko, esan zidaten urte batzuetan berriro ez zituztela ikasketak martxan jarriko. Nire lanean jarraitu nuen, baina oposizioak prestatzen hasi nintzen aukera sortzen zenerako.

Sarrerako probetara oina gaizki zenuela aurkeztu zinen.

Bai, izugarrizko minarekin igaro nituen hilabete asko. Gauetan ohetik jaiki ere ezin nuen egin; txiza egitera joateko lau hankatan joaten nintzen komunera... Oso gutxik dakite zenbat negar egin dudan. Hala ere, probak gainditzea lortu nuen.

Inguruko lehen emakumea izan zinen mendi gidari izateko tituluarekin.

Prestakuntza garaian oso gaizki pasatu nuen, bai pertsona gisa, bai emakume gisa. Denbora luze batean ez nuen ezer jakin nahi izan mendiko eskolez, ezta ikasleez eta irakasleez ere. Izugarrizko aldea nabaritzen nuen beste guztien eta nire artean. Ia ez nintzen baloratua ere sentitzen. Ez ninduten askorik lagundu neure burua baloratzeko garaian.

Mendi gidarien mundua matxista al da?

Batzuekin bai, eta beste batzuekin ez. Hala ere, gizon ororen artean bada emakumeak ezberdin ikusteko ideia, eta beste era batera tratatzen gaituzte.

Mendian askotan nabaritu al duzu hori?

Bai.

Mendi gidari izatea erabaki zenuenean, norbaiti aholkurik eskatu al zenion?

Ez nuen aholkurik eskatu. Jendeak uste zuen izaera bereziko pertsona bat nintzela. Banekien lehen mendi gidaria izango nintzela. Ingurukoen kritika asko jaso nituen. Emakumea nintzen, askok inoiz lortu ez zuen zerbait lortu nuen... Askok pentsatzen zuten: «Hau nor da? Iritsi berri hau nora doa?». Horrelako gauza asko irentsi behar izan dut nire bizitza guztian.

Euskal Herrian eta Espainian ez, baina ordurako Europan baziren mendi gidariak.

Gogoan dut Gouter-eko [Alpeak] aterpetxean egon nintzela lehenbizikoz emakume mendi gidari batekin, eta orduan zera pentsatu nuen: «Hau handia da, baina niri mila buelta ematen dizkit honek!». Niretzat erreferentzia bat izan zen. Ordurako, hala ere, baziren izugarrizko erronkak egindako emakumeak.

Gogoratzen al duzu mendi gidari lanetan egindako lehen espedizioa?

Egindako lehen espedizio handia Muztagh Ata-ra [Kunlun mendikatea, Txina, 7.546 metro] izan zen, eta koordinatzaile moduan joan nintzen. Hiru talde ziren: batzuk Khan Tengrira zihoazen [7.010 metro, Tian Shan mendikatea, Kazakhstan], beste batzuk Lenin Peakera [7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan] eta nirea Muztagh Ata-ra. Dena kudeatu nuen: bidaiak, hegaldiak, hotelak... Asko ikasi nuen bidaia hartan. Askok ez zuten ia laumilakorik ere igo, baina denak oso gizonak ziren [barrez]. Hamalau gizonezkorekin joan nintzen, eta ni nintzen haien arduraduna, pentsa! Denetik izan genuen: erreskate bat, hildako bat... Hildakoa ez zen nire taldekoa. Bidaia bat nola ez den antolatu behar ikasi nuen! Beste enpresa batentzat egin nuen lehen lana eta azkena izan zen hura.

Enpresa propioa sortu zenuen, Rocalia.

Ekintzailea izan naiz beti, eta argi izan dut beti balioek ikaragarrizko balioa dutela nire bizitzan. Nire gailurrik preziatuena hori izango da beti: balioez osatutako gailurra igotzea. Nire inguruan dauden pertsonek balioak behar dituzte ezeren gainetik.

Zer jarduera eskaintzen dituzue?

Glaziarretako zeharkaldiak; eskaladak eremu deigarrietan, non, teknikaz harago, konpromiso handiko sarbideak eta jaitsierak dituzten, esaterako, Jorassesetan [Alpeak, 4208 metro]; eta beste hainbat diziplina.

Bezero guztiek berdin ordaintzen al dute zuen zerbitzua?

Gu autonomoak gara, baina erreferentziazko salneurri bat izaten dugu. Nik badakit nire goi mendietako lanegun batek zenbat balio duen, baina beti ezin da berdin kobratu. Bada jendea ekonomikoki oso ondo ez dagoena, eta batzuetan eguraldi txarragatik jarduera bertan behera geratzen da. Hala ere, kontuan hartzen dugu gure lankideei kalterik ez eragitea.

Batzuetan gertatu da sasi mendi-gidariren batekin joandako taldeek istripuren bat izatea. Oraindik ere gertatzen dira, edo kontrolatuago dago dena?

Ez, ez, oraindik ere badira baimenik gabe ibiltzen direnak, eta badira oraindik prestakuntza jaso ez dutenak ere. Horregatik gertatzen dira askotan istripuak. Lehen baziren, orain ere badira, eta gero ere izango dira.

Hamalau urte dira zuk titulua atera zenuenetik. Geroztik ez da beste emakume mendi gidaririk izan inguruan. Zergatik?

Emakumeei gehiegi eskatzen digute, eta, hain zail jartzen dizkigute gauzak, ausardia handia behar da saiatzeko. Ni beti izan naiz ausarta edozer gauzatarako, eta uste dut horrek asko lagundu didala aurrera egiteko garaian.

Besteek baino gehiago erakutsi behar izan duzula uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Iruditzen zait gaur egun oraindik ere beste edonor baino gehiago naizela erakutsi behar dudala.

Hamalau urte daramatzazu honetan lanean. Egun txar asko izandakoa al zara mendian?

Ez, egia esan, ez. Egia da gertuko gero eta jende gehiago daukadala ondoan. Oso talde politak ditut, pertsona ikaragarriak, eta oso ondo pasatzen dugu. Bezero askok errepikatzen dute, eta horrela beti da errazagoa lan egitea.

Zein da mendi gidari gisa duzun oroitzapenik onena?

Zaila egiten zait bat aukeratzea. Hala ere, irteeretan bizitako uneekin gelditzen naiz, besarkada handi bat ematen dizun horrekin, pozez negar egiten duenarekin, lan ona egin duzula esaten dizunarekin... Gure lana ez da mendira joatea bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.