Elurteak zapuztu du

Eguraldiak okerrera egin du ezustean, eta Juan Vallejok, Mikel Zabalzak eta Alberto Iñurrategik bertan behera utzi dute Gasherbrumgo igoera

Juan Vallejo, Gasherbrumeko lehen kanpalekuaren kanpoaldean. Elur ugari ikus daiteke. JUAN VALLEJO / WOK.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Elurrak zapuztu du Gasherbrum II.rako euskal espedizioa (8.035 m.). Juan Vallejo, Mikel Zabalzaeta Alberto Iñurrategi elurpean esnatu ziren atzo, ezustean, eta, hurrengo egunetarako eguraldi iragarpenak onak ez direnez, igoera bertan behera uztea erabaki dute. Burumakur itzuli dira, eguraldi petralak atsedenik eman ez badie ere egokitze prozesua oso ona izaten ari zelako.

Espedizioko kideak Gasherbrumeko lehen kanpamentuan (5.950m) esnatu ziren atzo. Bi egun zeramatzaten bertan, eguraldi txarraren ondorioz gora ezin eginda. Goizean, baina, ezusteko garratza izan zuten: elurtea. «Ez genuen halakorik espero. Eguraldi iragarpenak ez ziren onak, baina kolpetik 40 zentimetro loditu da elur geruza», azaldu zuen atzo Iñurrategik.Hori gutxi ez, eta hurrengo egunetarako iragarpenak ez dira onak; ondorioz, ikusi zuten ez zutela merezi itxoiten jarraitzeak. «Sentsazio gazi-gozoarekin goaz. Altuerara oso ondo egokitu gara, eta sasoiko geunden. Tamalez, baina, ez gara 6.000 metrotik pasatu».

Hirurak eskarmentu handiko mendizaleak dira, eta ondo aztertu zuten egoera erabakia hartu aurretik. Azalpena Vallejorena da: «Lehen zatia mendiertz oso zorrotz bat da, eta, zorte pixka batekin, eskalatzeko aukera izango genuen. Hortik aurrera, baina, bideak eremu oso ireki batzuk gurutzatzen ditu, eta hor elurrak arazo asko sortuko zizkigun, eta baldintza oso arriskutsuetan egongo ginen».

Espedizioaren helburua Frantziarren bidetik igotzea zen, ezohiko bidetik, bi espediziok lortu baitute soilik hortik gailurrera iristea. Gasherbrum II.a munduko mendirik altuenetan 13.a da—han zendu zen Felix Iñurrategi—, eta euskal mendizaleek aukeraturiko bidea, mendiertz politenetakoa. Ekainaren 21ean iritsi ziren oinarrizko kanpamentura, datak nahita aurreratuta. Aurreratzearen arrazoia eguraldi hobea izateko itxaropena zen, baina ez da hala izan, eta tontorrera iristeko bi saiakerak ustelak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.