ABODI
Iraupen eskia eta erraketak
Basoen basoa deitzen diote Abodiko eski estazioari, Iratiko basotik gertu dagoelako, Otsagabian, Zaraitzu haranean (Nafarroa). Oso estazio egokia da iraupen eskirako. 25 kilometro dauzka guztira, balizatuta. Aurten, gainera, bi ibilbide berri prestatu dituzte erraketekin egiteko: 3,5 kilometrokoa bata eta 5,5 kilometrokoa bestea. 850 metroan dago puntu baxuena eta 1.520 metroan garaiena. Jende askok mendiko eskia egiteko jotzen du inguru horretara, besteak beste, Hiru Erregeen Mahaira (2.428m) igo litekeelako handik. Oraintxe itxita dago estazioa, elurrik ez dagoelako, baina aurki zabaltzea espero dute arduradunek. Eguneko forfait-ak 8 euro balio du, eta eskiak ere han bertan alokatuta 19 euro. Informazio gehiago:www.valledesalazar.com
LARRA-BELAGUA
Iraupen eskia eta erraketak
Larra-Belaguako eski estazioa Belaguan dago, Erronkarin (Nafarroan). Estazio hau ere bereziki egokia da iraupen eskirako, baina erraketekin ibiltzeko ibilbideak ere badaude. Eskiatzeko 24 kilometro ditu guztira. 1.600 metroan hasten da elurra, eta 1.720 metroan dago lekurik garaiena. Eski eskola ere badago. Auñamendira (2.504m) igo liteke handik. Eguneko forfait-ak 10 euro balio du, eta materiala alokatuta, 19 euro. Informazio gehiago:www.roncalia.com
ARETTE - L.PS. MARTIN
Iraupen eskia eta alpinoa
Okzitaniako Pirinioetan dago, Auñamendi eta Arlas mendien inguruan, 1.500 metroan hasi eta 2.000 metroraino. Eski alpinorako 24 pista eta 25 kilometro dauzka. Bi teleaulki dira berritasuna. Iraupen eskiko pistak ere baditu. Eguneko forfait-ak 33 euro balio du. Informazio gehiago:www.lapierrestmartin.com
IRATI
Eski alpinoa eta erraketak
Iratiko eski estazioa Zuberoan dago, 1.300 metroko garaieran. Iraupen eskian eta erraketan ibiltzeko bereziki aproposa da, Iratiko basoak eta Ossau eta Aspe haranek inguratuta. Lau pista dauzka iraupen eskian ibiltzeko, 28 kilometro guztira. Erraketekin ibiltzeko, berriz, 14 kilometro ditu. Eguneko forfait-ak 6,5 euro balio du. Informazio gehiago:www.chalets-iraty.com
GOURETTE
Iraupen eskia eta alpinoa
Gouretteko eski estazioa Pirinioetako zaharrena da, 1907tik dago martxan. Aubisque gainaren oinetan, eski alpinoan aritzeko 29 pista daude, 35 kilometro guztira. Iraupen eskian ibiltzeko 26 kilometro eta erraketan ibiltzeko hainbat pista ere badaude. Haurrentzako elur parkea eta bi eski eskola dauzka. Eguneko forfait-ak 35,5 euro balio du. Aurten, lehen aldiz, Frantziako eski alpino eta iraupen eskiko txapelketako etapa bat Gouretteko estazioan jokatuko da. Informazio gehiago:www.gourette.com
CAUTERETS
Alpinoa eta iraupen eskia
Cauteretseko eski estazioak bi eremu ditu eskiatzeko: Lys mendigunean eski alpinoa eta snowboarda egiteko pistak daude, 36 kilometro eta 23 pista dira guztira; Pont d' Espagne-n, berriz, iraupen eskirako pistak, erraketan ibiltzeko ibilbideak eta lerekin ibiltzekoak daude, 36 kilometro eta 9 pista guztira. Eski eskolak, patinatzeko pista estalia, igerileku estalia eta ezinduentzat egokitutako zerbitzuak ere badaude. Berrikuntzetako bat estilo librean aritzeko gunea da. Eguneko forfait-ak 34,5 euro balio du. Informazio gehiago:www.n-py.com/es/cauterets
LUZ-ARDIDEN
Alpinoa eta snowboarda
Okzitaniako Pirinioetan dago. Aproposa da snowboardean eta snowscootean (elurretako bizikleta itxurakoa) aritzeko. 60 kilometro ditu eskiatzeko, 30 pistatan. Iraupen eskian ibiltzeko bi pista eta estilo librean aritzeko lau pista ere egokitu dituzte. Mendiko eskia, erraketa ibilbideak eta barneko eskalada ere egin litezke Berritasunetako bat snow tubing-ean (ontzi puzgarrietan irristatzea) aritzeko pistak dira. Eguneko forfait-ak 33,5 euro balio du. Informazio gehiago:www.luz.org
BAREGES - LA MONGIE
Eski alpinoa, 100 kilometro
Bareges-La Mongieko eski estazioa Okzitaniako Pirinioetan dago, Tourmalet mendate ezagunean. Okzitaniako Pirinioetan eskiatzeko kilometro gehien daukan estazioa da: 100 kilometroeta 68 pista. Eski alpinoa da ohikoena, baina iraupen eskiko 22 kilometro pista ere badaude bost pistatan banatuta. Erraketekin, txakur leretan, zalgurdian eta elur motoetan ibiltzeko bideak ere badaude. Bestelako zerbitzuak: parapente eskola, gimnasioa, squash aretoa eta bainuetxea. Eguneko forfait-ak 40 euro balio ditu. Informazio gehiago:www.n-py.com/es/gran-tourmalet
VALDEZCARAY
Eski alpinoa
Errioxan (Espainia) dagoen eski estazio txikia da Valdezcaraykoa. Guztira 22 kilometro ditu eskiatzeko 26 pistatan banatuta. Elur artifiziala sortzeko 108 kanoi ditu eta horiei esker 13 pista hornitzen dituzte, 8 kilometro guztira. Mendiko eskia gustuko duten asko joaten dira Valdezcaray-ra, pisten puntu gorenetik gertu San Lorenzo (2.271 m) mendi ezaguna baitago. Eguneko forfait-ak 28 euro balio du goi denboraldian eta 19,5 euro behe denboraldian. Informazio gehiago:www.valdezcaray.es
PIAU - ENGALY
Eski alpinoa eta mendi eskia
Okzitaniako Pirinioetan dago, Aure haranean. 65 kilometro dauzka eskiatzeko, 41 pistatan. Beste aukera batzuk: mendiko eskia, erraketa ibilbideak, izotz eskalada, parapentea, izotz azpiko urpekaritza eta txakur lerak. Ezinduek ere badute eskiatzeko aukera. Forfait-ak 34,5 euro balio du. Informazio gehiago:www.piau-engaly.com/
SOMPORT
Iraupen eskia, alpinoa eta snowboarda
Okzitania eta Espainia artean dago, Aspe haranean. Oso leku aproposa da iraupen eskia egiteko, patinatzaile modalitatean eta klasikoan. Estazioak 34 kilometro dauzka eskiatzeko, 9 pistatan banatuta. Erraketetan ibiltzeko 5 kilometro ere badude. Eguneko forfait-ak bederatzi euro balio du. Informazio gehiago:www.lesomport.com