Elurrak dirauen artean

Irati-Abodiko eta Larra-Belaguako iraupen eskiko estazioek denboraldi zaila izan dute orain arte, elur falta dela eta. Elurra arnasa da neguan Zaraitzu eta Erronkaribarrerako, eta, horregatik, luzaroan irauteko asmo sendoa dute.

Larra-Belaguako iraupen eskiko zentroa
Larra-Belaguako eski zentroko Ferial gunea. LARRA-BELAGUA
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Udaberriaren atarian heldu da negua: martxoan jantzi dira mendiak zuriz, eta heldu da, azkenik, ezinbesteko mama zuria eski estazioetara. Errege egunaren bueltan egin zuen elurte bat, baina zentimetro mendre haiek berehala eraman zituen hego haizeak. Oraingoan denbora dezentean irauteko bezain lodi bota duela dirudi. Irautea, hori da iraupen eskiaren edo kirolaren beraren funtsa, eta hori da, itxuraz, Euskal Herriko iraupen eskiko pisten patua ere. Iratiko estazioak neguaren atarian erabaki zuen eskirako ateak ixtea, baina beste bi estazioek irmo eusten diote: Abodikoak, Zaraitzun, Iratiko oihanean bertan, eta Larra-Belaguakoak, Erronkaribarren.

Larra-Belagua nahiz Abodi ikusgarri egon dira asteburuan: Iratiko oihaneko eta Larrako paisaiak Eskandinaviakoak izan zitezkeen lasai ederrean. Beste fronte batek areago loditu du elur mantua, eta oraingoan, zer diren gauzak, gehiegizko elurrak sortu ditu arazoak: elur jausien arriskuagatik itxita eduki dute Larra-Belaguako mendatea, eta zaleak ezin izan dira Ferialeko eta Contiendako pistetara igo. Eskerrak, hala ere, mendatearen magalean Mata de Hayako pistak (9,3 km) zabalik izan diren.

Orain arte, ordea, denboraldia «nahiko traketsa» izan da, Julen Garjon (Erronkari, Nafarroa, 1993) Larra-Belagua eski zentroko zuzendariaren esanetan. «Oso ongi hasi ginen, baina gero elurra joan zen, eta oso gutxirekin edo batere gabe egon gara ia denboraldi osoan. Elurra izanez gero, dena ongi doa: asteburuero jendea, aste barruan taldeak, eski kanpaina... Aurten, elur faltaren eraginez, ez dugu jarraitutasunik izan. Astero, egunero, goiz eta arrats, ibili gara baldintzak aztertzen, ireki dezakegun ala ez, erreserbak eginak zituzten taldeei astearen erdialdera erabakiaren berri ematen, den-dena planifikatzen... Azkenerako, ordea, Julio Zesarren esaldia gure egin dugu: ibai horretara iristen naizenean gurutzatuko dut zubi hori». Alegia, egoerara eta momentura moldatzen ikasi behar izan dute. Elurraren apetetara, finean.

«Aurten, astero, egunero, ibili gara baldintzak aztertzen, ireki dezakegun ala ez. Azkenerako, Julio Zesarren esaldia gure egin dugu: ibai horretara iristen naizenean gurutzatuko dut zubi hori».

JULEN GARJONLarra-Belaguako eski zentroaren zuzendaria

Andoni Aizpuru (Gabiria, Gipuzkoa, 1964) elurzale eta eskizale amorratua da, 40 urte inguru dira iraupen eskia egiten hasi zela, eta eguraldi iragarpenak egiten ere 30 urte pasatxo darama. «Adinean ere bagoaz aurrera, aurten 60ra bidean, eta irudipena da lehen askoz negu gogorragoak egiten zituela. Gabirian bertan, 400 metrotik gora dago gure etxea, eta txikitan zenbat aldiz goizean esnatu eta 40 zentimetroko elur geruza. 1985eko elurte hura, Kontxan eskiatzen... Guk Gabirian Aizkorri eta Aralar parez pare dauzkagu, eta neguan elurra oso maiz izaten zen, eta egun askotan segidan. 'Urriko ilberrin elurra Aizkorrin', esaten zuen Pello (Zabala) zenak. Ufff!! Noiztik ez ote du egin?».

Aizpuruak dio lehen ere izaten zirela hego haizeak edo lehorteak neguan, baina joera moduan, azken 10-15 urteotan elurra gero eta gutxiago edo gero eta gorago egiten duela diote datuek. Eta iraun ere, gutxiago. «Lehen, Aizkorrin, Aralarren eta, nola ez, Pirinioetan, elurra egin, atzetik izotza etorri, elurra gogortu eta iraun egiten zuen, 1.200 metrotik gora edo. Hutsuneak hutsune, neguko hilabeteetan altuera horretan dezente irauten zuen elurrak. Gaur egun, egun batetik besterako tenperatura gorabeherak handiagoak dira».

Amaia Aiarra, Irati-Abodi iraupen eskiko estazioaren arduraduna
Amaia Aiarra, Irati-Abodi iraupen eskiko estazioaren arduraduna egunotako elurtearekin.

Amaia Aiarra (Jaurrieta, Nafarroa, 1985) Irati-Abodiko eski estazioko arduraduna Zaraitzun bizi izan da beti, eta berak ere lehen baino askoz elur gutxiago egiten duen irudipena dauka. «Lehen, neguan, askotan egiten zuen elurra, eta iraun egiten zuen. Orain, Jaurrietan edo Otsagabian bertan lerekin ibiltzeko moduko bi egun izaten dira, askoz gehiago ez». Aurten, orain artean, hamar egunetan zabaldu ahal izan dute Irati-Abodiko estazioa, urtarrilean izandako elurtearen ondoren. Azken egunotan eroritako elurrak gehixeago irautea eta denboraldiari segida polita ematea espero du orain Aiarrak.

«Ohikotik kanpokoa»

Datuen argitan, aurtengo urtarrila mundu osoan sekula izan den urtarrilik beroena izan dela jakinarazi du Aizpuruk, eta horren eragina «hemen gertuan eta bereziki Pirinioetan oso nabarmena» dela gaineratu du. «Aretteko eski estazioan, Soumcouy gailurrean, Anietik gertu badago elur baliza bat 2.150 metrora. Prezipitazioak izan, izan dira, baina 0 graduren isoterma baliza horren oso goitik ibili da egun askotan. Eta horrek dakar elur eskasia. Prezipitazioena gorabeheratsuagoa da, urtetik urtera aldeak baitaude, baina tenperatura, horixe da koska: 2.150 metroan urtarrilean 10ºC baino gehiago egitea, ez egun batean edo bitan, egun dezentetan baizik; hori da arazoa».

«Prezipitazioena gorabeheratsuagoa da, urtetik urtera aldeak baitaude, baina tenperatura, horixe da koska: 2.150 metroan urtarrilean 10ºC baino gehiago egitea, ez egun batean edo bitan, egun dezentetan baizik; hori da arazoa».

ANDONI AIZPURU Eguraldian aditua eta eskizalea

Ados dira Aizpuru, Garjon eta Aiarra aurtengo negua, orain arte, «ohikotik kanpokoa» izan dela. Garjonek, esaterako, 22 urte daramatza Belaguan eskiatzen, eta ez du inoiz halakorik ezagutu. «Otsail ia osoan elur tantarik ez du egin. Aurtengo egoera ezohikoa eta berezia izan da». Aldi berean, ordea, bat datoz hirurak tenperaturetan joera orokor bat antzematen dela azken urteotan. «Aurten, adibidez, urtarrileko tenperaturak oso altuak izan dira. Elur gutxi egin, atzetik antizikloia sartu, eta Belaguan egunez 14ºC egiten baditu, pentsatu elur horrek zer ziztuan alde egingo duen. Joera hori nabarmena da. Etorriko dela urteren bat gogorra eta elurtsua? Seguru. Begira zer nahasmen sortu zuen Filomena-k duela hiru urte, baina joera orokorra bada klimaren berotzea», dio Azpuruk.

Tenperaturen gorakada hori dela eta, altuera da Euskal Herriko iraupen eskiko estazioen mugarik handiena. «Abodiko estazioa 1.400 metroan dago, eta asko nabaritzen da elurraren eskasia hori edo klima aldaketaren eragin hori. Urteak daramatzagu elur gutxirekin, eta etorkizunari kezkaz begiratzen diogu, nola ez. COVIDak asko mugatu gintuen, eta estazioaren ardura hartu nuenetik igaro diren bost urte hauetan denboraldi bakarra izan dugu ona, joan den urtekoa», azaldu du Aiarrak.

Julen Garjon, Larra-Belaguako zuzendaria
Julen Garjon, Larra-Belagua eski zentroaren zuzendaria. LARRA-BELAGUA

Larra-Belaguako estazioa hiru gunetan banatuta dago: Mata de Haya mendatearen magalean, eta Ferial eta Contienda goian. Azken hori 1.600 metroan dago, Larrako karstak egiten duen mendiarte babestu batean, eta, horri esker, elurra beste inon baino gehiago eta luzaroago gordetzen da han. «Siberia-Contienda esaten diogu guk. Benasqueko pistak, adibidez, 100 metro gorago daude, baina hemen, Atlantikoa gertuago dugunez, elur gehiago egiten du, eta hori apirilean nabaritzen da; udaberriak aurrera egin ahala, beste pistek baino elur gehiago dugu Contiendan», azaldu du Garjonek.

Arnasa bailarentzat

Nolanahi dela ere, gutxiago edo gehiago, lehenago edo beranduago, eskizaleen gozamenerako, elurrak zuritzen ditu oraindik ere Aralarko, Gorbeialdeko, Urbasako edo Aizkorrialdeko mendiak, baita Zaraitzuko eta Erronkaribarreko kaskoak eta herriak ere. Egunotan egin duena horren erakusle. Eta elurra arnasa da bi bailara horientzat. «Abodiko estazioak asko ematen dio Zaraitzuri. Hamar astez Nafarroako eskoletako 100 ume etortzen dira astero-astero. Lanean lau gaude egituran, eta, elurra badago, asteburuan 10 pertsona. Estazioak bizitza ematen die kanpinei, aterpeei, dendei, jatetxeei...», jakinarazi du Aiarrak. Beste horrenbeste gertatzen da Erronkaribarren ere. «Bailararako oso garrantzitsuak dira eski zentroa, eskola kanpaina, asteburuero etortzen den jendea... Lanpostuak ere sortzen dira: estazioan bertan, abendutik apirilera, 13 lagun gaude finko Larra-Belaguan, eta asteburuan, lana baldin badago, 18-20 izaten gara. Horri gehitu behar zaizkio eskiko begiraleak eta abar», azpimarratu du Garjonek.

«Abodiko estazioak asko ematen dio Zaraitzuri. Bizitza ematen die kanpinei, aterpeei, dendei, jatetxeei...».

AMAIA AIARRAIrati-Abodiko eski estazioaren arduraduna

Bailarako bertako jendeari eskaintzen zaion zerbitzua ere azpimarratu dute bai Garjonek eta bai Aiarrak. Larra-Belaguako estazioan, adibidez, aurten 250 lagunek hartu dute denboraldi osorako abonua. «Bailarako jende asko igotzen da arratsaldean eskiatzera. Elurra dugunean, egunotan bezala, Mata de Haya ere zapaltzen dugu, eta astean zehar saiatzen gara mantentzen. Nork ez luke nahi herritik 10 minutura eskiatzen egon, Europan bezala?», galdetu du Garjonek.

Aizpuruk ere gero eta gehiago estimatzen du elurra denean etxe inguruan eskiatze hori, autoa asko hartu gabe eta kilometro asko egin gabe. «Horregatik, sasiko iraupen eskia egiten dugu guk, mendian. Agroeski esaten dio lankide batek: arrastoa zabaldu, pendizetan eta muinoetan goitik behera ibili...». Plazera baita etxetik gertu eskiatzea, Aralarren, Urbian, Urbasan... Baita Larra-Belaguan eta Abodin ere. Aiarrak, adibidez, Iratiko oihanean eskiatzea «ikaragarri ederra eta probatu beharrekoa» dela nabarmendu du. Horregatik, «elurra egiten duen bitartean, iraungo dugu guk ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.