Elur-jausi baten ondorioz zendu da, Perun, Mikel Gartzia Lopez de Sabando mendizale iruindarra. Atzo aurkitu zuten haren gorpua, elur azpian, 5.600 metro ingurura. 40 urte zituen, eta Malerrekako euskara teknikaria zen. Hamabi urtez aritu zen postuan, Donezteben eta, ondorioz, hagitz pertsona ezaguna zen inguru hartan. Malerrekako ikastetxeetan eta hango euskaltzaleen artean samina eragin du ezbeharrak. Iruñean ere bai, Donibanen bizi baitzen. Auzoan eta euskaltzaleen artean familia ezaguna da Gartziarena.
Istripua igandean gertatu zen, Ausangate inguruan, Cuscon. Mikel Gartzia Ana Mari Lopez emaztearekin zegoen Perun. Goizaldeko laurak aldera elur-jausi batek harrapatu zituen biak, eta haien mendiko laguntzaile Nosy Dueñas, kanpadendan lotan zirela. 5.600 metro ingurura ziren.
Lopezi, antza, beso bat elurretik kanpo gelditu zitzaion, eta horri esker onik atera ahal izan zuen. Hark eman zuen gertatu zenaren abisua. Berehala martxan jarri ziren larrialdi zerbitzuak. Peruko Poliziak, mendiko hainbat gidarik eta inguruko herritarrek parte hartu zuten erreskate lanetan, denera hamalau pertsonak. Oinez eta autoz, orduetako bidea egin zuten. Elur azpian aurkitu zituzten gorpuak.
Elur azpian aurkitu dute Mikel Gartzia mendizalearen gorpua
Malerrekako euskara teknikaria zen Gartzia; haren heriotzak samina eragin du inguruko euskaltzaleen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu