Elkartasuna hegan

Kontzertuz betetako astea du Urmugak. Araian, Errenterian, Aralarko Aizpearron eta Irulegin egin dituzte emanaldiak, eta bihar saio berezia izango dute Baigorrin, Etxauzia jauregian.

Elkartasuna hegan.
Joxemi Saizar.
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Kontzertuz betetako astea du hau Urmugak. Araban hasi zuten astea, Araiako Mairutegi gazteluaren babesean. Inguruetako Erdi Aroko gaztelu bakarra da, Portillarekin batera, Iruñeko erresumako Gartzia Enekoitzek eraikia VIII. mendean, Astorga-Bordele galtzada zaintzeko. Garrantzia izan zuen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko borroketan. Gonbidatu berezi bat izan zen egunean zehar inguruan, Urmugaren bi sortzaileen lagun zaharra: Martin Zabaleta mendizale hernaniar ospetsua, aspaldidanik AEBetan bizi dena. Ez zuen jaialdia ezagutzen, eta ederki pasatu zuen kontzertuan, alabarekin saltoka.

Etorkizun handiko ahots gazte ederrei lekua egiten ari zaie Urmuga —Jokin Pinatxo eta Sara Azurza Araian, adibidez—, sortzaile beteranoen abestiak —Oskorri, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Txomin Artola, Tapia eta Leturia— era berrian eskainiz. Konbinazio horrek emaitza ezin hobeak ematen ditu Et Incarnatus orkestraren jantziarekin.

Esperientzia handiko musikariak ere izan ziren Araian: Gorka Hermosa, Xabier Leturia, Rafa Rueda, Arkaitz Miner, Agus Barandiaran, Leire Letu eta Kristina Aranzabe... Behiek, txoriek eta txakurrek ere beren ekarpena egin zuten emanaldian, eta dantzan ibili ziren azkenean ikusle-entzuleak eta musikariak, Aritmetika arazoak kantarekin, Mairutegi gaztelua zaindari zutela.

Kilometroen arrastoan

Aste erdian, Gipuzkoara iritsi zen Urmuga, eta Errenterian izan zen Gure Añabitarte egun osoko ekitaldia, Kilometroak jaialdiaren egitarauan: mendi ibilaldiak, Arrabiten Zurdak taldearen emanaldia errioan —patatxe ontzi baten gainean—, eta Urmugaren kontzertua eta Iratzar taldearen erromeria Añabitarte baserrian. Aurtengo Kilometroen helburuetako bat baserri hori berritzea da hain zuzen, 50 urtez Orereta ikastola haren inguruan egon baita. Elkarlana sustatzea da Urmugaren helburuetako bat, eta Errenterian mamitu zuten asmo hori.

Urmugaren kontzertuan, Xutik taldea eta Aire Ahizpak etorri ziren Nafarroa Beheretik, Olaia Inziarte eta Jokin Pinatxo Bidaso aldetik, Alex Sardui Bizkaitik, eta Alaitz eta Maider eta Arkaitz Miner Oiartzualdetik. Emanaldia laino artean hasi arren, eguzkiak borroka irabazi, eta saio ederra eman zuten abeslariek eta Et Incarnatus orkestrak. Kontzertua giro ederrean amaitzeko, Jokin Pinatxok Kilometroak festarako sortutako Erriola kantua eta abeslari guztiek kantatutako Compostelako erromesa entzun ahal izan ziren.

Nafarroako lehen kontzertua ostegunean egin zuten, eta haren protagonista duela hamar urte zendu zen Iñaki Epelde pintore eta Et Incarnatus orkestrako partaidea izan zen. Haren lagun artistek lan plastiko bat sortu zuten, musikariak jardunean ari ziren bitartean, Aralarren, Aizpearroko anfiteatro naturalean. Kolore zuria, urdina, anila, arrea, gorria, beltza, horia erabiliz, konposizio ikusgarria osatu zuten.

Eta ez ziren putreak izan inguruan hegan ibili ziren bakarrak. Zinbulu taldeko neskek txundituta utzi zituzten ikusleak, tirolina batetik zintzilik dantzan, Olaia Inziarteren kanta intimistarekin. Lainoek ere parte hartu nahi izan zuten emanaldian, eta tenperatura freskatu zuen arren, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Bixente Martinez, Alex Sardui, Alaitz eta Maider eta gainontzeko musikariek giroa berotzen asmatu zuten. Inguruko artzain baten kantu zaharrak ginga paregabea jarri zion kontzertuari. Ikus-entzuleen parte hartzea txalotzekoa izan zen dena desmuntatu eta jasotzeko, sarbide konplikatuko agertokia zela konturatuta. Urmugaren filosofia hori baita: herritarren eta boluntarioen arteko auzolana.

Atzo Irulegin eman zuten kontzertua (Aranguren), eta herenegun, Lekunberrin (Nafarroa).

BIHAR

Baigorrin, 18:30ean. Eltzegor taldeari gorazarre egingo diote bihar, Baigorriko Etxauzian (Nafarroa Beherea), 18:30ean. Sasitik sasira kantata emango dute Donostiako Orfeoiak eta Et Incarnatus orkestrak. Bego Irigoien, Estitxu Pinatxo, Rafa Rueda, Jokin Pinatxo, Garikoitz Mendizabal, Bixente Martinez eta Baigorriko gaiteroek ere parte hartuko dute. Sarrera erosi behar da.

Baigorrin, 22:30ean. Plaza Xokoan Ibil Bedi taldeak joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.