Elkarrekin, beste ehun urterako bidean

Mendi federazioek baturik ospatu dute mendeurreneko gala, Gasteizen. Sarituen artean izan dira Martin Zabaleta eta Pasang Temba —horiek ere aspaldiko partez elkarturik—, Edurne Pasaban, Amaia Aranzabal eta Pili Ganuza. BERRIAk ere jaso du saria.

Martin Zabaleta, Pasang Temba eta Zigor Egia EMfko presidentea, federazioaren mendeurreneko galan
Martin Zabaleta eta Pasang Temba, Zigor Egia EMFko presidentearekin, Antxon Bandres saria jasotzen. EMF / ITURRIBERO MT
ramon olasagasti
Gasteiz
2024ko urriaren 19a
10:40
Entzun

«Gasteiztik Everestera» izan zitekeen goiburua, Gasteizen baitziren Martin Zabaleta eta Pasang Temba argazki historikoa berrituz, edo, gisa berean, «Euskal mendizaletasunak gailurra jo du» ere izan zitekeen, baina horrek esan nahiko zukeen euskal mendizaletasunak ezingo lukeela gorago jo, Everestetik gora ezin baita joan, edo gailurrera iritsiz gero behera egin beharko lukeela ezinbestean. Eta ez: euskal mendizaletasunak bidea eginez jarraitzeko eta elkarrekin jarraitzeko konpromisoa agertu zuen atzo. Duela ehun urte Elgetan elkarturik sortu ziren bi federazioek aurrerantzean ere halaxe jarraitzeko borondatea agertu zuten atzo Gasteizen, Euskal Mendizaletasunaren Gala berezian.

Gasteizko Europa biltzar jauregia leporaino bete zen Iturribero mendi taldeak (Dura, Araba) antolatutako ekitaldian, ehun urte hauetan egindako bideak merezi baitzuen neurriko ospakizuna. Ohiko agur hitzaldiekin hasi zen gala. Iturribero taldeko presidente Leonardo Trejo eta presidenteorde Begoña Cabrerizo arduratu ziren ongietorriaz, eta oso eskerturik agertu ziren mendeurreneko ekitaldi historikoa antolatzeko aukeragatik. «Hemen gauden guztiok gauza batek batzen gaitu: mendia maite dugu», nabarmendu zuten.

Ondoren, Nafarroako eta EAEko mendi federazioetako presidenteek hartu zuten hitza. Martin Montañes Nafarroako presidenteak azpimarratu zuen Euskal Herriko Mendi Biltzarra, bi federazioak batuko dituen egitura, «errealitate» bihurtu dela jada: «Erregistratu dugu, eta bi federazioek bidea elkarrekin egiteko konpromiso sendoa dugu». Zigor Egia EMFko presidenteak, berriz, ehun urte hauetan egindako bidearen meritua nabarmendu zuen, «eta gure herrietan borondate hutsez lan egiten duten mendi elkarteei eta ehunka mendizaleei esker izan da hori». Euskal mendizaletasunaren osasun onaren adierazle, kide gehien duen federazioa dela azpimarratu zuen Egiak, «futbolekoaren gainetik jada», gaur egun EAEko 50 biztanleko bat mendian federatuta baitago.

Mendi Federazioaren mendeurreneko gala
Saritu guztien familia argazkia, mendeurreneko galan. EMF / ITURRIBERO MT

Beste agintari batzuek ere ekitaldi historikoaren garrantzia azpimarratu zuten, hala nola Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Laura Perez Bolinaga Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatuak eta Beatriz Artolazal Gasteizko Udaleko alkateordeak.

Labetik atera berri, federazioaren mendeurrenari eta, aldi berean, euskal mendizaletasunaren historiari buruzko 40 minutuko dokumentala proiektatu zen gero, Labrit enpresak ekoitzia.

Urrezko intsigniak

Mendeurreneko egitarauaren barnean, urtean zehar urrezko intsigniak banatu zaizkie gutxienez 40 urtez jarraian federatuta egon diren mendizale guztiei, eta, atzoko galan ere, urrezko intsignia bana eman zitzaien federazioaren garapenean aparteko ekarpen iraunkorra egin duten zenbait laguni. Besteak beste, federazioko presidente eta presidente ohi guztiei eta Pyrenaica aldizkariko zuzendari eta zuzendari ohi guztiei. Presidenteen artean, Zigor Egia, Juan Bautista Maiz, Arantza Jausoro, Txomin Uriarte, Alvaro Arregi, Joseba Ugalde eta Jose Ramon Alonso igo ziren oholtzara, eta, Antxon Bandresen eta Paco Iriondoren izenean, Antxon Iturriza eta Idoia Iriondo alaba. Pyrenaica-ko zuzendarien artean, berriz, Ivan Ruiz Rotaetxe, Luisa Alosno Cires, Antonio Ortega, Jesus Polo eta Casimiro Bengoetxea izan ziren intsignia jaso zutenak.

Urrezko intsigniak jaso zituzten, halaber, Kepa Lizarragak eta Zuriñe Forondak, federazioaren zerbitzu medikoan emandako urteengatik; Joseba Undurragak, Ehun Mendien Anaidian emandako urteengatik; Gotzon Larreak, Zirkuitua iraupen luzeko ibilaldien koordinatzaile gisa emandako urteengatik; Josean Mulasek, eskaladaren munduan erreferente gisa egindako lanagatik; Ramon Malkorrak eta Goyo Larrañagak, mendiko lasterketen munduan urteetan egindako lanagatik; eta, azkenik, Antxon Iturrizak, euskal mendizaletasunaren historia ikertzen egindako lan handiagatik.

BERRIAri aitortza

Urrezko intsigniak banatuta, federazioaren sariak banatu ziren gero. Andres Espinosa Euskal Mendizale Sariak federatu guztiei egin nahi izan zien aitortza, eta, haien ordezkari, federatu beteranoena eta gazteenak igo ziren oholtzara: Jacinto Lizarralde Aiestaran, 93 urterekin oraindik sasoi betean, eta iaz jaiotako Arkaitz Oteiza Matute eta Malen Celada Iruarrizaga, gurasoen besoetan.

Ibilbidearen saria, berriz, aurten ehun urte bete dituzten bost taldek jaso zuten: Bilbao Alpino Club, Club Deportivo Bilbao, Eibar Klub Deportiboa, Fortuna eta Baskonia Mendi Taldeek, hain zuzen.

Euskal Mendizaletasunaren Laguna saria, berriz, euskal prentsarentzat izan zen, «ehun urte hauetako historian gure kirolari emandako babesagatik, mendizaletasunaren mugarriak transmititzeko tresna ezinbestekoak izan direlako eta ekitaldiei, martxei, ibilbideei, segurtasunari eta abarrei buruzko informazioa jaso dutelako beren orrialdetan». BERRIA, El Correo, Diario Vasco, Noticias Taldea eta Gara izan ziren sarituak.

BERRIA eta aurrez Euskaldunon Egunkaria 1994an hasi zen mendiari buruzko informazioa modu finkoan lantzen, duela 30 urte jada, eta, geroko urteotan, kirol honen historian izan diren hainbat mugarriren lekuko izan da euskarazko kazeta.

'Euskal Mendizaletasunaren Laguna' Saria Federazioaren mendeurreneko galan
Euskal Mendizaletasunaren Laguna saria jaso zuen euskal prentsak. Ezker-eskuin: Jose Angel Martinez Viguri Correo-ko kazetaria, Elisa Belauntzaran Diario Vasco-koa, Ramon Olasagasti BERRIAkoa eta Alberto Ruiz de Azua EMFko zuzendaritzako kidea. EMF / ITURRIBERO MT

Galako unerik hunkigarrienak etorri ziren gero. Amaia Aranzabalek eta Pili Ganuzak Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak saria jaso zuten. Biak izan ziren, 1992an, zortzimilako batera igo ziren lehen euskal emakumezkoak, Cho Oyu gailurrera hain zuzen. Eta haiek urratutako bidean, etorri dira geroztik beste asko. Tartean, Edurne Pasaban. Mendizale tolosarrak jaso zuen, hain zuzen, Kutxabank Euskal Mendizale Federazioa saria, hamalau zortzimilakoak lortu dituen lehen euskal eta munduko alpinista izateagatik.

Mendeurreneko galaren gailurra iristear zen. Eta atzoko gailurrak Everest behar zuen izan. 1980ko maiatzaren 14 hartan Martin Zabaleta eta Pasang Tembarekin batera, herri oso bat heldu zen munduko mendirik garaienaren gailurrera; federazioaren mende osoko bidean mugarri nagusietakoa izan zen hura, eta sentimendu haren garrak oraindik ere bizirik direla agerian geratu zen atzo Martin Zabaleta eta Pasang Temba oholtzara igo zirenean Antxon Bandres Jarduera Onenaren Saria jasotzera, urte askoren ondoren berriro elkarrekin. Jendea zutik jarri zen biei txalo zaparrada beroa eta luzea eskaintzeko.

Pyrenaica sariak

Gala borobiltzeko, Pyrenaica aldizkariaren urteroko sariak ere banatu zituzten. Pyrenaica-ko 41. mendi argazkien lehiaketaren lehen saria Carlos Mediavilla Arandigoienek jaso zuen Teneguía argazkiagatik, eta bigarren saria Marcos Ramos Gomezek, Sierra de Guadarrama argazkiagatik.

Bigarrenik, Pyrenaica-ko mendi artikuluen 40. lehiaketaren lehen saria Joseba Iztuetak jaso zuen, Zanskar 2023 lanagatik, bigarren saria Jose M. Torresek, Recorriendo la Línea Comète, camino a la libertad artikuluagatik, eta hirugarren saria Iratxe Ayala eta Aitor Fernandez de Ortegak, Islandia oinez erreportajeagatik.

Amaitzeko, Pyrenaica blogaren VIII. saria Jose Antonio Ramosen lan honentzat izan zen: Jbei Toubkal (4167m) y Toubkal oeste (4030m) desde Imlil subiendo por Azib Tamsoult.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.