Ehun urte, ehun mendi, mendeurrena gogoan

Euskal Herri osoko 116 taldek gure geografiako ehun tontor igoko dituzte asteburu honetan, Mendi Federazioaren sorreraren mendeurrena gogoratzeko eta ospatzeko. Euskal Herriko gailur ofizialak jasotzen dituen maparen edizio mugatua ere argitaratu dute.

Euskal Herriko gailurrak ekimena, Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrena ospatzeko
Mendizale talde bat Orhi gailurrean, Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrena ospatzeko aurreko ekimen batean. EMF
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 25a
12:00
Entzun

Ehunka, are milaka mendizale batuko da asteburu honetan Euskal Herriko gailurretan, duela ehun urte sortu zen Euskal Herriko Mendi Federazioa gogoratzeko eta mendeurrena ospatzeko. 100 urte, 100 mendi, halaxe izendatu dute egitasmoa. Hala, batzuk larunbatean eta besteak igandean, Euskal Herri osoko 116 taldetako hainbat kide aurrez aukeratutako tontorretara igoko dira, argazki jendetsua ateratzeko eta herri honen kulturan hain erroturik dagoen mendizaletasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko.

Sortu, baturik sortu ziren Hego Euskal Herriko bi federazioak, eta mendeurreneko ekitaldiak eta ospakizunak ere elkarrekin ari dira antolatzen, berariaz sortu zen mendeurreneko batzordearen eskutik. Hain zuzen, batzorde horren lehen bileran proposatu zuen Javi Fernandez Aldabe Tafallako Trinkete taldeko kideak ehun mendi igotzeko ekimena. «Begi onez hartu zuten, eta halaxe heldu genion lanari. Euskal Herriko ehun gailurrez osatutako zerrenda bat prestatu genuen, eta taldeak, pixkanaka, gertutasunagatik edo atxikimenduagatik, nor bere gailurra aukeratuz joan da, gailur horren nolabaiteko aitabitxi edo amabitxi bihurtuz», jakinarazi du Fernandez Aldabek.

«Administrazio egituren oztopoak hor daude, baina gure artean elkarlanerako eta batasunerako espiritu hori hor dago».

JAVI FERNANDEZ ALDABEMendeurreneko batzordeko kidea

Taldeen atxikimendua «ikusgarria» izan dela nabarmendu du mendeurreneko batzordeko kideak. Guztira Euskal Herri osoko hainbat mendi elkarte eta talde izango dira partaide: Nafarroako 38, Bizkaiko 35, Gipuzkoako 28, Arabako hamalau eta Ipar Euskal Herriko bi, Bidarraiko Artzamendi eta Atharratzeko Orhimendi. Azken horiek, nola ez, Orhira igoko dira. Izatez, gailurrak baino gehiago dira elkarte partaideak, eta, beraz, zenbait tontorretan talde bat baino gehiago batuko da. Esaterako, Etxauriko haitzetan elkartuko dira Nafarroa kirol elkarteko eta Anaitasunako mendizaleak; Artzamendi gailurrean bat egingo dute Bidarraiko Auñamendi eta Zumaiako Indamendi taldekoek; Aketegin Zegamako Ameztikoek eta Leioa mendi taldekoek...

Talde bakoitzak finkatu du abiatzeko ordua eta gailurrean argazkia ateratzeko ordua, aukeratutako gailurraren eta bidearen arabera. Taldeen erdiek larunbatean egingo dute igoera, eta beste erdiek, igandean. Egitasmoan parte hartzeko gogoa eta interesa dutenek aski dute beren herriko mendi taldearekin harremanetan jartzea, jakiteko haiek zer gailurretara igoko diren, edo norberaren herritik hurbilen dagoen gailurrera zer mendi talde joango den.

Mapa berezia

Egitasmoari loturik, Euskal Herri osoko gailurren mapa egokitu bat ere argitaratu dute, edizio mugatuan. Hala azaldu du Fernandez Aldabek: «Ehun Mendietako Mendizaleen Anaidiak osatutako gailur ofizialen katalogoa oinarritzat hartuta, mapa bat argitaratu zuen bere egunean Nondik argitaletxeak. Euskal Herriko 597 tontor ofizialak agertzen dira mapa horretan, eta, orain argitara eman dugun edizio berezian, 100 urte, 100 mendi egitasmoan igoko diren ehun tontorrak eta gailur bakoitzera igoko den taldearen izena nabarmendu ditugu».

Sorburuan batera ziren bi federazioak batera ari dira mendeurrena ospatzen, eta aurrera begira ere «batean aritzea» nahiko luke Javi Fernandezek. «Administrazio egituren oztopoak hor daude, baina gure artean elkarlanerako eta batasunerako espiritu hori hor dago», nabarmendu du Tafalla trinkete elkarteko eta mendeurreneko batzordeko kideak. Bi federazioek argi dute, administrazioek ezarritako mugetatik harago, ehun urteotan aldatu ez den zerbait dagoela muinean: «Gure mendizaletasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.