Azkenetan da 2024a, mendi bete albiste aurtengoa ere. Mendi Federazioaren mendeurrena izan da, mugarriz mugarri, 2024 osoa ardaztu duen albistea. 1924ko maiatzaren 18an sortu zuten Federacion Vasco-Navarra de Alpinismo izenarekin; gaztelaniazko izenez baina lurraldetasunari dagokionez baturik, eta batasun horri eutsiz egin dira mendeurreneko ekitaldiak ere. Urtarrilean Iruñeko Planetarioan zabaldutako Gailurretan izan gaitun erakusketa izan zen lehen mugarria, 1924tik gaurdaino bidea urratu duten Euskal Herriko emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindariei eginiko aitortza. Maiatzean, duela ehun urte federazioa eratu zen Elgetako plaza berean, non bestela, ehunka lagun bildu ziren, urteurreneko ekitaldi esanguratsuena ospatzeko, Euskal Herriko Mendi Biltzarra sortzeko, eta «beste ehun urtez elkarrekin jarraitzeko konpromisoa» berresteko.
Urte osoan, beste hainbat ekitaldi ere izan dira: Ehun urte, ehun mendi ekinaldi arrakastatsua, Euskal Herriaren bihotzera eginiko ibilaldia eta mendeurreneko gala Gasteizen. Azken hori izan zen urte osoko ekitaldien gailurra, gure Everest, eta Martin Zabaleta eta Pasang Temba igo ziren oholtzara, euskal mendizaletasunaren historiako unerik gorenetako bat biziberritzeko. Ehun urte bete dituen honetan, ehun sendoak ditu mendi federazioak: Hego Euskal Herrian 54.000 dira mendian federatuak, 50 biztanletik bat gutxi gorabehera, bidea elkarrekin egiten jarraitzeko borondatea ere sendoa da, eta federatu horien artean ez dira gutxi goi mailako jardueretan dabiltzanak, mendiko diziplina ugarietan.
Beste mugarri seinalatu bat ere izan da 2024an: Tximist espedizioaren 50. urteurrena. Frankismoa bizirik zela artean, herri txiki bat munduaren gailurrera irits zitekeela amesteko txispa izan zen tximista hura, eta ate bat erdi irekita geratu zen, geroko mendizaleek eta taldeek parez pare zabaldu dutena. 1974ko hartan, 8.530 metrora heldu ziren Angel Vallejo Rosen eta Felipe Uriarte. Haize bortitzak galarazi zien gorago joatea. «Behera jotzea erabaki genuen, bizitzara», idatzi zuen Uriartek BERRIAn.
Tximist espedizioaren itzalean, 1974. urte hartan bertan izan zen Laponia alderik alde gurutzatu eta arrasto «zoragarri» hura utzi zuen zeharkaldia ere. Euskal espedizio horizontalen aitzindaria.
Bizitzakoak bapo gozatuta hil da Rosen aurtengo ekainean bertan, Tximist espedizioari buruzko erreportajea osatzeko bere etxean hartu eta hilabete eskasera. 1974ko eta 1980ko Everesteko espedizioetako kidea eta katebegi ezinbestekoa izan zen Rosen, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan eskalada handiak egindakoa Naranjon, Pirinioetan eta Alpeetan. Aurten zendu da Iñaki Aldaia ere, 1979an Dhaulagirira igo ziren mendizaleetako bat. Euskal mendizaletasunaren lehen zortzimilakoa izan zen hura.
Aurten hutsune ikaragarria utzi duen beste bat Izaskun Zubizarreta izan da. Mendiko eskiatzaile eta korrikalari oiartzuarra aurtengo abuztuan hil da, gaixotasun baten ondorioz. Mendiko eskiko eta korrikako hainbat proba irabazi zituen, eta mundu mailan ere hainbat podium lortu. Lehiaren gainetik, ordea, mendia «osotasunean» zuen maite, izan eskiekin, botekin, kranpoiekin, mendiko bizikletarekin edo korrika egiteko zapatilekin. Carlos Imirizaldu Karolo eta Andoni Areizaga lagun minek bezala, arrasto handia utzi du Zubizarretak; bide bat urratu du, eta ispilu bat eskaini die ondoren etorri diren askori.
Mendizaletasunaren historiaren ehundura zarrastatu zuen beste gertakarietako bat Mallory eta Irvineren desagertzea izan zen: 1924ko ekainaren 8an, aurten 100 urte, Everest gailurrerako bidean ikusi zituzten azkenekoz, 8.600 metrora. Iritsi ote ziren? Enigmak argitu gabe dirau. Ezinezko bati besarkatuta bizi izan ziren mendizale haiek mendiari besarkatuta geratu ziren betiko. Irvineren gorpua edo Kodak kamera agertu artean ez dela misterioa argituko nabarmendu izan dute beti adituek eta historialariek. Bada, desagertu eta ehun urtera justu, aurtengo irailean, Irvineren gorpuzkiak aurkitu zituen National Geographic-en lantalde batek Rongbuk glaziarrean, mendiaren magal-magalean: bota bat, hanka hezur bat, eta hari itsatsitako galtzerdia. Kodak kameraren arrastorik ez, oraingoz.
Cerro Torre, Mun Brakk...
Alpinismoan, euskal mendizaleen jardueren artean, nabarmentzeko hainbat igoera izan dira 2024an. Alain Andres (Galdakao, 1975) eta Garo Azkue (Donostia, 1980) alpinistek Sorterriko Koblak bidea (400 m, AI5+, M8, A1) zabaldu zuten urtearen hasieran Pointes des Nantillons mendigunean (Chamonix, Alpeak), eta kronika ederra idatzi zuten: Enaren mira arnasten. Tasio Martin urduñar gazteak Cerro Torre mendia eskalatu zuen hego-ekialdeko ertzetik, Marc Toralles eta Ignacio Mulero sokakide zituela, eta Patagonia zer den probatu zuen bere larruan. Udan, Eneko eta Iker Pou anaiek alpinismoko beren «biderik onena» zabaldu zuten, Micher Quito lagun perutarrarekin batera, Cordillera Blancako Copa mendiaren (6.190 m) hego-ekialdeko aurpegian: Puro floro.
Karakorumen, Ekaitz Maiz, Markel eta Oier de la Fuente eta Josu Linaza eskalatzaileek Mun Brakk orratza (5.430 m) eskalatu zuten uda partean, Sosbun glaziar ezezagunean. Harribitxi bat. Aurrez inork igo gabeko dorre horretan zabaldutako bideari Izar gorri, mamuon betiko argi izena eman zioten (M4, 7b, 1140 m).
Ainhize Belar, mugarriz mugarri
Eskaladan, beste mendeurren nabarmen bat izan da aurten: 1924ko martxoaren 16an, Angel Sopeñak Frailea Haitza, Txarlazo ondoko monolito ikusgarria eskalatu zuen, bakar-bakarrik. Huraxe izan zen euskal mendizaletasunaren historiako lehen eskalada, lehen mugarria. Eta ehun urte geroago, irailean, Ainhize Belar eskalatzaileak (Atxondo, Bizkaia, 2006) beste mugarri bat ezarri zuen: Iñi Ameriketan bidea (9a+) kateatu zuen Baltzolako kobazuloan. Lehen euskal emakumea izan da 9a+ gradu hori gainditzen, eta lehena bide hori eskalatzen. Eta egun batzuen buruan, Celedon bidea (9a) eskalatu zuen Lezen. Elkarrizketa luzean adierazi zuenez, ez dio bere buruari mugarik jartzen.
Parisko Olinpiar Jokoetan, Janja Garnbret esloveniarrak bere bigarren urre olinpikoa lortu zuen, eta mutiletan, berriz, Toby Roberts britainiar gazteak lortu zuen domina preziatua. Maila apalagoan, Mikel Linazisoro Espainiako txapeldun izan da zailtasunean, eta boulderrean, berriz, Eneko Carretero zumaiar gazteak Espainiako Kopa irabazita esan die agur lehiaketei.
Osa, Alonso, Kortazar, Urrestarazu...
Mendiko lasterketetan, Malen Osa Ansa ikusgarri aritu zen Zegama-Aizkorri maratoian, bere lehen Zegaman eta lehen maratoian, eta bigarren postuan helmugaratu zen. «Oso asebeteta» sentitu zen korrikalari oñatiarra. Golden Trail World Series (GTWS) Zirkuitu osoa aintzat hartuta, erregulartasun handia erakutsi du Osak, eta podiumeko hirugarren postuan amaitu du azkenean. Sara Alonsok ikusgarri hasi zuen denboraldia, bigarren izan zen GTWS zirkuikuko Kobe Trail proban (Japonia), baina, azken orduko pneumonia baten ondorioz, ezin izan zuen Zegama-Aizkorrin parte hartu, faborito nagusietako bat izanik. Denboraldiak aurrera egin ahala, hala ere, izan du aukera arantza hori ateratzeko: Mont Blanceko OCC proban laugarren egin zuen, GTWSeko finalean bosgarren eta zirkuitu osoan hamargarren.
Ikusgarria izan da Oihana Kortazarren denboraldia ere. 40 urte beterik, elgetarra hirugarren izan da Skyrunner World Series zirkituko finalean, eta laugarren zirkuitu horretako sailkapen nagusian. Gorges Du Tarn lasterketan garaile izan zen, Madeiran bigarren, Espainiako Sobrescobio lasterketan bigarren, Espainiako Acantilados del Norte eta Italiako Maga Skymarathon probetan hirugarren… Atera den lasterketa guztietan beti goiko postuetan ibili da.
Lide Urrestarazu gazteak eginiko agerraldiak ere ez dira nolanahikoak izan: Skyrunner World Series zirkuitu horretako bi probatan irabazle izan da ordiziarra, denboraldiaren hasieran La Palma uharteko Acantilados del Norte proban, eta denboraldiaren amaieran, Malaysian, Kailas Penang Skyrace lasterketan. La Palmako proba irabazi berritan emandako elkarrizketan, Munduko Kopan «asko» ari zela gozatzen adierazi zuen Urrestarazuk.
Ehunmiliak ultran, Chelo Velasco eta Fidel Fernandez espainiarrak izan ziren bizkorrenak, eta G2H proban, Mayi Mujika eta Ioseba Eskudero gailendu ziren. Aloñako Igoeraren hemeretzigarren aldian, Oihana Kortazar eta Ibai Larrea izan ziren irabazle. Domusa 40 MLK ultratailean, Gemma Arenas eta Miguel Heras izan ziren garaile, eta Gorbeia Suzien proban, berriz, Julia Font eta Luca del Pero heldu ziren aurrena helmugara. Leitzako EH Erronka proban, Euskal Herriko Ultra Txapelketan, Mayi Mujika eta Ander Iñarra gailendu ziren.
Izan da bestelakorik ere 2024an: Mendietxe museoak ateak zabaldu ditu, baina, horren ifrentzu, euskal mendizaletasunaren museoaren proiektuak gauzatzeke jarraitzen du oraindik; Kilian Jornet Alpeetako 82 laumilakoetara igo da 19 egunetan, giza ahalaren mugetan, oinez eta korrika, mendigune batetik bestera joateko bizikleta erabiliz; Mattin Iñiguezek Pirinioetan inoiz egin den hegaldirik luzeena egin zuen maiatzean; Imanol Rojo roller eskiko munduko txapeldun izan zen irailean; Bilboko Mendi Film jaialdia arrakastatsua izan da beste behin, hamabi euskal produkzio aurkeztu dira guztira, eta horietako batzuk sarituak izan dira gainera; Flyng Hands filmaren bi zuzendariek, Marta Gomez eta Paula Iglesiasek, zuzendaritza onenaren saria eskuratu dute, eta Mikel Lizarralde Asurmendiren Zazpi pelikulak, berriz, euskarazko film onenaren EITB Saria.
Elkarrizketatuak ere ugari izan dira mendiko orrialdeetan. Besteak beste: Pasang Temba, Parvaneh Kazemi, Sean Villanueva eta Nico Favresse, Julio Villar, Ainhize Belar, Juanito Oiarzabal, Lide Urrestarazu, Mikel Zabalza, Janire Etxabe, Eneko eta Iker Pou, Irati Cuadrado, Jonatan Garcia, Sara Alonso, Karlos Aretxabaleta Txapel, Malen Osa Ansa, Imanol Rojo, Naiara Irigoien, Iñaki Arantzamendi...