Ustela izan da Alberto Zerain eta Mariano Galvan alpinistak Nanga Parbaten (8.126 metro) bilatzeko egindako lehen ahalegina. Eguraldi txarrak zapuztu du. Helikoptero bat atzo goizean izan zen joan den larunbatean bi alpinistekin kontaktua galdu zen eremua airetik zeharkatzen, baina ez zituen Zerain eta Galvan begiztatu. Ezinezkoa izan zitzaion, hodei asko zeudelako, eta ez zelako lurra ikusten. Egoera kontuan hartuta, abiapuntura itzuli zen, Skarduko (Pakistan) aireportura, hiru orduko bira egin ondoren. Gaur da egitekoa bigarren ahalegina, betiere eguraldi txarra egiten ez badu. Bai atzo, bai gaur, Alex Gavan alpinista errumaniarraren laguntza izango dute erreskate lanetan. Gavan beheko kanpalekuan zegoen, eta Zerainekin eta Galvanekin kontaktua galdu zela jakin bezain laster, bere burua eskaini zuen laguntzeko. Eskarmentu handiko mendizalea da: besteak beste, sei zortzimilako igo ditu.
Espedizioaren bitartekari Jon Perezek itxaropenari eusten dio oraindik. «Espero dugu kontaktuak huts egin izana, besterik ez. Mendian edozer gerta daiteke, baina oso arraroa da ertz batean egonda elur-jausi batek harrapatzea, tokirik gorenean baitzaude». Perezek konfiantza osoa du alpinistengan. «Zerain 90eko hamarkada hasieratik dabil zortzimilakoak igotzen, eta oso ziurra da; askotan erakutsi du ez duela behar baino gehiago arriskatzen. Galvan, berriz, alpinista bikaina da, eta eskarmentu handia du. Jatekoa ere badute, gainera».
Eguraldi txarrak zaildu egin ditu Zerain bilatzeko lanak
Helikopteroak hiru orduko bidaia egin du Nanga Parbaten, baina hodei asko zegoenez, buelta eman du; gaur beste ahalegin bat egin nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu