Open Altitoy Ternua 

Eguraldi txarra eta lehia estua

Eguraldi txarrak ezin izan du zapuztu Pirinioetan ospatzen den festa. Aurten, gainera, Grande Courseren barruan jokatu da Open Altitoy Ternua. Gazteen mailan, mutiletan, Iñigo Martinez de Albornoz eta Pablo Oderizek irabazi dute, eta, nesketan, Carla Martinez de Albornoz hirugarren izan da. Helduek postu duinak lortu dituzte.

Kilian Jornet eskiatzaile kataluniarra, Baregesen lehiatzen. ALTITOY.
Unai Ugartemendia.
Bareges
2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lasterketak hasi aurretik itzal egiten die, bai lehiakideei, bai probei berei, izan mendiko eskian, izan mendi lasterketetan. Lehia hasi orduko, protagonista izaten da, eta bere itzala handitzen du. Hala izan da Open Altitoy Ternuan ere, asteburuan, Baregesko eski estazioan (Okzitania). Kilian Jornet mendiko eskiatzaile eta korrikalari kataluniarra da. Ez hura bakarrik, ordea: bikoteka lehiatzen da, eta Jornetek Matheo Jacquemod eskiatzaile frantziarra izan zuen alboan.

Bi egunetan jokatzen den probak ez zuen eguraldia alde izan. Probaren ibilbidean aldaketak egin zituzten antolatzaileek.

Lehia oso estua izan zen bi egunetan. Jornetek eta Jacquemodek aurkari binkainak izan zituzten, italiarrak: Matteo Eydallin eta Damiano Lenzi, batetik, eta Robert Antonioli eta Michele Boscacci, bestetik.

Larunbatean, hiru bikoteak elkarrekin iritsi ziren helmugara, lau segundo eskaseko aldearekin. Eydallin-Lenzi bikoteak irabazi zuen, baina Jornet-Jacquemod bikotea segundo berean sartu zen. Herenegun ezagutu zen irabazlea, beraz. Hasieratik jarri ziren buruan Jornet eta Jacquemod, baina aurkariek haien itzalaren atzetik ibili ziren, metro gutxitara, azken metroetaraino. Helmugara iristeko 100 metro falta zirela, korrika egiteko unean, Jornetek eta Jacquemodek aurrea hartu zuten. Azkenean, bederatzi segundoren aldea besterik ez zieten atera. Bederatzi segundo, bi egunetan, ia lau orduko lehia jokatu eta gero.

Roux eta Mollaret nagusi

Lehen euskal herritarrak Iñigo Lariz eta Igor Alzelai izan ziren, 18. postuan. Horien atzetik, elkarren segidan, Lander Alvarez eta Joseba Tobar 35. postuan eta Arkaitz Irureta eta Javi Dominguez 36.ean. Emaitza bikainak, Grande Courseko proba dela aintzat hartuta.

Emakumeetan faboritoek irabazi zuten: Laetitia Rouxek eta Axel Mollaretek. Bi egunetan irabazi zuten, eta hamargarren izan ziren sailkapen nagusian.

Nahia Quincoces mendexarra zen Euskal Herritik joandakoen artean aukera gehien zuena, baina larunbatean erori egin zen, eta, ondorioz, herenegun parte ez hartzea erabaki zuen. Uxue Fraile eta Lide Leibar zortzigarren izan ziren. Frailek ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu.

Gazteen mailan izan ziren albiste pozgarrienak. Iñigo Martinez de Albornoz donostiarraren eta Pablo Oderiz iruindarraren bikoteak irabazi zuen mutiletan. Lehen egunean B ibilbidean aritu baziren ere —motzagoa eta desnibel positibo gutxiagorekin—, bigarren egunean A ibilbidean lehiatu ziren, helduekin. Bederatzigarren izan ziren.

Carla Martinez de Albornozek ere podiumera igotzeko aukera izan zuen. Chloe Formigue lagun frantziarrarekin hirugarren postuan sailkatu zen donostiarra.

Eguraldiak ez zuen asko lagundu bi egunetan. «Ibilbideak asko baldintzatu gaitu», zioen Carlos Hernando lasterketako zuzendariak. Espero zuten: «Asteazkenean iritsi ginenean bagenekien eguraldia nolakoa izango zen, eta bete-betean asmatu dute».

Balorazio gazi-gozoa egin zuen proba amaitu berritan. «Larunbatarekin nahiko gustura gelditu gara, baina igandearekin ez». Ibilbide gogorragoak nahi zituen antolakuntzak. Hala ere, neurri batean haien etsipena berdindu du lehia estuak.

Datozen urteetan Grande Courseren barruan jarraitzeko aukera handiak dituzte, zirkuituko arduradunek antolatzaileei jakinarazi zietenez: «Oso pozik daude lasterketarekin, eta egiten zuen eguraldia ikusita lasterketa bera egitea ikaragarria izan dela esan digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.