Eguraldi eta elur baldintzek mugatutako Altitoy

Nahia Quincoces eta Marta Riba izan dira irabazle emakumezkoetan. Asier Labairu eta Daniel Izquierdo hirugarren izan dira gizonezkoetan, igandeko etapa irabazita. Guztira 210 eskiatzaile lehiatu dira Grande Courseko Pirinioetako proban.

Mendiko eskiko 2025eko Altitoy proba
Eguraldi eta elur baldintza zailak izan dituzte aurtengo ekitaldian. ALTITOY
ramon olasagasti
2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irrikaz zeuden mendiko eskiatzaileak: bi urteko hutsunearen ondoren, joan den asteburuan egin zen Altitoy proba, Grande Course zirkuituaren barnean Pirinioetan egiten den proba bakarra. Aurten, ordea, baldintzak ez zituzten lagun izan: eguraldi txarra, ikusmen eskasa eta elur baldintza zailak izan zituzten eskiatzaileek bai larunbatean eta bai igandean. Normalean egunetako bat Bareges aldean izaten da, eta bestea, Luz Ardiden ingurumarietan, baina oraingoan antolatzaileek bi egunak Luz Ardiden inguruetan egitea erabaki zuten. Elur jausien arriskua ere nabarmena zen, 4koa larunbatean eta 3koa igandean, eta, ondorioz, pistetan eta pista inguruetan egokitu zituzten ibilbideak.

Eskiatzaileek, ordea, ez zuten hutsik egin. Euskal herritarrak ziren asko eta asko, eta, Grande Courseko proba izanik, Europako beste hainbat txokotatik etorritakoak beste asko. Guztira 12 nazionalitatetako 210 eskiatzaile aritu ziren, 105 bikote beraz, bikoteka egiten baita proba. Haien artean zen Nahia Quincoces mendexarra (Bizkaia). Altitoy proba berezia da harentzat: «Nik egindako lehen lasterketa izan zen. Andoni Areizagak animatu ninduen parte hartzera, entrenatzen jarraitzera, eta izugarri motibatu ninduen. Altitoy izan zen hasiera, eta horregatik, berezia da niretzat. Gainera, han lesionatu nintzen: han apurtu nituen lotailu gurutzatuak, eta gero urtebete egon nintzen lehiatu gabe. Horregatik guztiagatik, ilusio handiz itzuli nintzen». Hasiera batean Igone Camposekin osatu behar zuen bikoa Quincocesek, baina zumarragarrak Bandres-Karolo proban izan zuen ezbeharra dela eta, Marta Riba kataluniarrarekin osatu zuen azkenean taldea.

Larunbatean baldintza makurrak izan zituzten, eta antolatzaileek 1.500 metro desnibeleko ibilbidea prestatu zuten, ohikoa baino desnibel dezente txikiagokoa. Emakumezkoetan, Quincoces eta Riba «beroketan pixka bat despistatu» egin ziren, eta ez ziren aurrekoen artean atera. «Ondorioz, kosta egin zitzaigun lekua hartzea, baina, behin hartuta, probaren buruan ibili ginen helmugara arte», azaldu du Quincocesek. Gizonezkoetan, Asier Labairu nafarra eta Daniel Izquierdo soriarra aurretik hasi ziren etapan, baina trantsizioetako batean, boluntario batek leku okerretik bideratu zituen, eta hor galdu zuten irabazteko aukera. «Bide zuzena hartzeko tarte horretan bi bikotek aurreratu gintuzten, eta azkenean bosgarren izan ginen», azaldu du Labairuk. Adria Bartumeu eta Marc Casanovas andorratarrak izan ziren garaile lehen etapa horretan, eta Louis Dumas eta Lucas Mouret frantziarrak, bigarren.

Nahia Quincoces eta Marta Riba mendiko eskiatzaileak
Nahia Quincoces eta Marta Riba izan dira garaile bi egunetan.

Igandean ere ez zituzten baldintza errazak izan eskiatzaileek, batez ere ikusmenari eta jaitsierei dagokienez, baina gutxienez etapa mendikoagoa izan zuten, 2.000 metro inguruko desnibelduna. Emakumezkoetan, Quincocesek eta Ribak, orduan bai, hasieratik hartu zuten aurrea, eta bukaeraraino eutsi zioten. «Une batzuetan ez zen askorik ikusten, eta jaitsieretan pixka bat kosta egin zitzaigun egokitzea, betaurrekoetan elurra izoztu egiten baitzen eta betaurrekorik gabe min egiten baitzuen, baina oro har ondo joan zen proba. Eta azkenean, oso pozik gaude irabazi genuelako», laburtu du Quincocesek. Bi egunetako denborak batuta, hamabi minututik gorako aldea atera zieten Maria Butxaka eta Nikola Matkova bigarrenei, eta hamazazpi minutukoa, Claudia Gutierrez eta Belen Rodriguezi. Uxue Loizu eta Nahia Etxetxikia euskal eskiatzaileak izan ziren laugarren.

Gizonezkoen artean, Asier Labairu nafarrak eta Daniel Izquierdo soriarrak erakutsi zuten sasoi betean itzuli direla Pierra Mentatik, eta irabazi egin zuten bigarren etapa horretan. «Igandekoa jada etapa normalagoa izan zen, desnibel handiagoa zuen, eta gu biok ere hobeto ibili ginen, bai igoeretan eta bai jaitsieretan, trantsizioak ere hobeto kudeatu genituen eta irabaztea lortu genuen», azaldu du Labairuk. Bezperan bezala, Louis Dumas eta Lucas Mouret frantziarrak izan ziren bigarren, eta, beraz, bi egunetako denborak batuta, garaipena ere haientzat izan zen. Labairu eta Izquierdo hirugarren izan ziren sailkapen nagusian. Hamar aurrenekoen artean sailkatu ziren Jon Ander Aranburu zumarragarra (Gipuzkoa) eta Asier Alonso oñatiarra (Gipuzkoa), zazpigarren, hain zuzen ere.

Sailkapen guztiak, esteka honetan.

Regil zeharkaldian, Basterretxea eta Hernani eta Jumere eta Rivero

Martxoaren 15ean, berriz, 56. Regil zeharkaldia jokatu zen Europako Mendietan. Euskal Herriko Taldekako Txapelketa ere izan zen proba. Sailkapen orokorrean, nazioarteko bikote batek lortu zuen garaipena: Wilfrid Jumere frantziarrak eta Davide Rivero italiarrak, hain zuzen. Bigarren, irabazleengandik denbora gutxira, Aitor Ugarte Eriz eta Jon Razkin Txurruka euskal eskiatzaileak izan ziren, eta hirugarren, bi Josebak, Joseba Ormazabal eta Joseba Tobar bikote beterano mitikoa. Euskal Herriko Txapelketa, beraz, Ugarte eta Razkin bikoarentzat izan zen.

Emakumezkoetan, berriz, Lur Basterretxea eta Ane Hernani izan ziren garaile eta Euskal Herriko txapeldun. Gazteen artean, U18 kategorian, Unax Solagaistoak eta Ibai Hernanik lortu zuten garaipena.

Regil zeharkaldiaren laburpena.

Sailkapen guztiak Euskal Mendizale Federazioaren esteka honetan deskarga daitezke.

Mendiko eskiko Euskal Herriko Kopako sailkapena ere zehaztu zuen Regil zeharkaldiak. Bandres-Karolo Oroimenezkoa, Causiat eta Regil zeharkaldia bera izan dira hiru proba puntuagarriak, eta, hiruretako emaitzak kontuan hartuta, maila nagusian, Uxue Loizu eta Aitor Ugarte izan dira irabazleak; bigarren, Lur Basterretxea —beteranoetan ere bera izan da garaile— eta Jon Razkin; eta hirugarren, Nahia Quincoces eta Ander de Miguel. U18 mailan, azkenik, Ibai Hernani izan da garaile, eta Unax Solagaistoa, bigarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.