Ez zen ezustekorik izan herenegun Urnietan (Gipuzkoa) jokatu zen Mendi Lasterketetako Euskal Herriko Txapelketan. Ez zuten hutsik egin irabazteko faboritoek: Aritz Egea urretxuarrak eta Maite Maiora mendaroarrak.
Eguraldi tristearekin abiatu ziren 500 korrikalariak. Ibilbide osoan etsai izan zituzten ordularia, distantzia (21,6 kilometro), gorabehera (1.664 metroko desnibel positiboa) eta lokatza.
Gizonezkoetan, Aritz Egea euskal selekzioko kidea nabarmendu zen hasieratik. Atzetik jarri zituen errenkan Hassan Ait Xau eta Ismail Razga. Zortzigarren kilometroan, urretxuarrak minutu baten aldea ateratzen zien Ait Xauri eta Razgari, eta, handik aurrera, handitu egin zuen aldea. Helmugan, Egea izan zen lehena.
Emakumezkoetan ere ez zen ezustekorik izan helmugan. Maite Maiora izan zen azkarrena, aurkariei aukerarik eman gabe. Lasterketaren hasieratik jarri zen aurrean, eta aldea handituz joan zen. Bigarren, hamar minutura baino gehiagora, Montse Vazquez bilbotarra helmugaratu zen. Euskal Herriko mendi lasterketa bertikaletako txapeldunak maila onean jarraitzen du. Hirugarren postuan, Virginia Perezek aurrea hartu zion Andrea Gili.
Egea eta Maiora, mendi lasterketetan nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu