Mendia. Jokin Azketa. Mendizale eta idazlea

«Edonor izan daiteke eleberri honetako edozein pertsonaia»

Gizakiaren alderik ilunenaz idatzi du Jokin Azketa mendizale eta idazleak 'Lo que la nieve esconde' bere bigarren eleberrian. Lehenengoan baino «askeago» aritu da Desnivel saria jaso duen lan horretan.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Lendinez
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
XXI. mendeko alpinismoa, Zeelanda Berriko bi mendizale gazte eta britainiar idazle bat. Osagai horiek hartu eta «gai ilun eta ezkorrez» idatzi nahi izan du Jokin Azketa (Iruñea, 1957) idazle eta mendizaleak Lo que la nieve esconde liburuan. Muga liburu dendaren sortzaileak bigarren eleberria du hau. Irakurle askoren irudiko, fikzioaren eta errealitatearen muga lausoa da obra osoan, baina, gehienen hitzetan, irakurleak eleberriko protagonista dela sentituko du behin baino gehiagotan. 2013ko Desnivel saria jaso zuen lanak abenduan. Pati Blasco (Valladolid, 1978) Desnivel sariaren epaimahaikideak honakoa adierazi du liburuaz: «Gizakiok geure doilorkeria onartu eta ihes egiten dugu; mendira batzuetan, geure barneko leku ezkutuetara edo aldamenekoen istorioetara besteetan. Konpondu gabe utzi dugun hori, ordea, beti izango dugu segika, eta beti etorriko zaigu gainera, baita Himalaian ere». Sariaren fruituez eta liburuaren harreraz hitz egin du Azketak.

XX. mendeko alpinismoaz idatzi nahi duen idazle bat eta Himalaian galdu dituen bi lagunei zer gertatu zaien deskubritu nahi duen zeelandaberritar gazte bat. Nola uztartzen dira bi istorio horiek? Zer kontatzen du eleberriak?

Himalaian desagertu diren bi alpinista zeelandaberritarren laguna da Tom. Lagunei zer gertatu zaien jakin nahirik, Norman Scarf idazlearengana joko du Londresera. Orduan hasten da guztia. Norman Scarf idazlea goi mailako intelektuala da mendizaletasunaren munduan. Lagunen falta sumatzen duelako joaten da Scarferengana Tom, baina baita iraganean gertatutako zerbaiten zamak atsekabe handia sortzen diolako ere. Dena den, ez dut hemen deskubrituko zama hori zertan datzan (barrez).

Zu idazlea zara, eta liburuan idazle bat ageri da. Zergatik aukeratu duzu formula hori? Noraino da fikzioa eta noraino erreala?

Norman idazlearen figura erabiltzea modu egokia iruditu zitzaidan zenbait alpinista eta esploratzaile klasikori buruz hitz egiteko, hark idatziko balu bezala izan da. Aldi berean, Norman idazle bihurtzeak aukera emango zidan neure buruarekin horren zorrotza ez izateko, nahi nuena besterik ez nuen kontatu behar. Eta egia esan, Tichy, Longstaff eta Smythe bezala asko gustatzen eta interesatzen zaizkidan pertsonaiei buruz hitz egiteko aprobetxatu dut aukera hori. Izan ere, deskubritzeko gauza asko zeuden garai batez ari naiz liburuan. Liburuan bertan idatzi dudan bezala, «mapetan zuriune asko zeuden garai batez». Egia esan, oso interesgarria da hori niretzat, alegia, XXI. mende kontrolatu eta komunikatutik zuriune asko dauzkan garai batez aritzea.

Bigarren galdera dela eta… Dena da fikzioa, erabat, eta gauza bakarrak dauka zerikusi zuzena nirekin: neuretzat bezala, Norman Scarfentzat ere idaztea babesleku bat dela, salbu sentitzeko modu bat… Gainerako guztia irudimenaren ondorioa da.

Zergatik idatzi duzu iraganeko alpinismoaz, eta ez egungoaz?

Lehenik eta behin, alpinismoaren historia asko interesatzen zaidalako. Baina baita egungo alpinismoaz idazteko ausardiarik ez daukadalako ere, hori aitortzea gogorra bada ere. Egungo alpinismoaz idazten badut, iritzia eman behar dut eta kritikoa izan. Iraganaz idazten badut, ordea, ez Bruce [Herrod], ez Mallory [George Herbert Leigh Mallory alpinista britainiarra], ez Harrer [Heinrich Harrer mendizale austriarra] ez dira kexatuko [barrez]. Alpinismo modernoaren gertaera bakarra ageri da lanean; La estrella imposible bidea. Omenaldi gisa aipatu nuen neure lanean Baghirathi (Karakorum, 6.454 m) mendiko bide hori. Hain zuzen ere, Pou anaiak bide hori eskalatzen saiatuko dira aurtengo udaberrian.

Patrick eta Paul gazteek Himalaiara egin zuten lehen bidaia aukeratu duzu istorioaren oinarritzat. Zergatik dituzte ezaugarri horiek protagonistek? Eta zergatik aukeratu zenuen Himalaia?

Egia esan bai, gaztaroko bidaia bat aukeratu nuen, edozertarako astia daukaten bi mutilen bidaia. Zergatik? Niretzat oso interesgarria delako denborak aurrera nola egiten duen ikustea: urteak, galdutako denbora, higadura. James Salter idazle estatubatuarrak esaten duen bezala, «iluntasunean erortzen den ura da». Eta zergatik Himalaia? Garhwal gogoratu nahi nuelako, Indiako Himalaia, oso oroitzapen onak ekartzen dizkidan mundu baten parte delako.

Iraganak gizakiarengan daukan pisuaz ari zara lan honetan. Gezurrez, kontraesanez eta bizitzak ematen dituen bigarren aukerez. Patuaz ere ari zara, erabakitzeko ahalmenaz eta gizakiaren mugez.

Egia esan, oinarrian horretan datza eleberriaren egiazko trama. Horiek guztiak galderak baino ez dira niretzat, eta ni ez naiz gai horiei erantzuteko, baina erabakigarriak iruditzen zaizkit gizakion bizitzan. Ez dakit jaiotzen garenerako patuak aurretik erabakita daukan gure etorkizuna, eta, egia esan, oso galdera ona iruditzen zait. Ez dakit halaber gizakiak bere etorkizuna aukera dezakeen, eta zalantza daukat bigarren aukerarik ote dagoen. Alabaina, ziur nago erabat, gizakia gai dela inoiz usteko ez lukeena ere egiteko. Gure printzipioak uste baino errazago ahaz ditzakegu, eta ezbehar baten aitzakian, esaterako, ezusteko gertaera baten aitzakian, geure muga gainditu dezakegu. Egia esan, muga hori oso erraz gainditzen dugula uste dut.

Mugak gainditze hori nola uztartzen duzu mendiarekin? Geure mugak gainditzera ote goaz mendira?

Mugak gainditzeaz ari naizenean ez dauka inolako zerikusirik mendiarekin. Egia da mendian ere badagoela gainditzearen sentimendua, esfortzuaren sentimendu zoragarria, baina modu baikorrean, nor bere burua proban jartzera daramana. Eleberrian, berriz, gai ilun eta ezkorragoez ari naiz. Eta zergatik goaz mendira? Galdera horrek ezin konta ahala erantzun dauzkala uste dut… Neuretzat oso garrantzitsuak izan dira beti paisaia, edertasuna, esfortzua eta hori guztia maite ditudan pertsonekin, lagunekin, partekatzea. Ni neu horregatik joaten naiz mendira.

Sortu dituzun pertsonaiak oso errealak dira, edonork dauzkan buruhausteak dauzkate haiek ere.

Egia esan, edonor izan daiteke eleberri honetako edozein pertsonaia, eleberriko protagonista guztiek dauzkatelako gizakiok bizitzan dauzkagun ahuleziak eta zalantzak.

Zer esan nahi du Desnivel saria irabazteak?

Lehenik eta behin, poz handia eman zidan, eta esker oneko sentimendua ere sortu zidan Desnivel-ekiko. Ez sariarengatik bakarrik, baita liburua argitaratzeagatik eta ni bezalako pertsona ezezagun bat irakurleen ikusgai jartzeagatik ere.

Garrantzitsua da mendiko literaturari halako aitortzak egitea?

Desnivelek oso lan garrantzitsua egiten du argitaletxe gisa: batetik, egungo garai zailetan liburuak argitaratzeko gai delako, eta, bestetik, pertsona askok mendian daukagun interesari—berezko izaera daukan genero literario gisa— garrantzia ematen diolako.

Zergatik irakurri behar dugu Lo que la nieve esconde?

Egia esan ez naiz ausartzen galdera horri zuzenean erantzuten. Inguruan lan asko, gauza asko daude irakurtzea merezi dutenak, eta ez naiz ausartzen haien gainetik nirea irakurtzen gomendatzera.

Nolako iritziak jaso dituzu?

Oro har, irakurtzen dutenei liburua gustatzen zaiela uste dut; iritzi hori jaso dut nik behintzat. Aurkezpenen batean, Gasteizen Landher dendan egin nuen aurkezpenean, esaterako, kritika on asko jaso nituen. Gainera, liburua arretaz eta zorroztasunez irakurri zutela erakutsi zidaten pertsona askok. Nolanahi ere, ikaragarri gustatzen zait liburuaz hitz egitea, eta, horregatik, irakurleak animatu nahi ditut euren iritziak ematera, Facebook sare sozialaren bitartez, esaterako.

Bigarren eleberria duzu hau. 2012an Donde viven los dioses menores argitaratu zenuen, eta hura ere finalista izan zen Desnivel sarietan. Nola garatu zara eleberri batetik bestera?

Bigarren eleberri honetan askatasun handiagoz idatzi dudala uste dut, gustatzen zaidan bezala. Lehenengoan lotuago nengoen, idazten ari nintzen bitartean norbait sorbalda gainetik begira eta epaitzen ariko balitzait bezala.

Zer ematen dio literaturak alpinismoari?

Egia esan, ez dakit. Baliteke alpinismoak egitea ekarpena literaturari.

Idazlea eta mendizalea. Nor da Jokin Azketa?

Mendizale gisa zale apal bat baino ez naiz. Idazle gisa, berriz, asko daukat ikasteko oraindik.

Noiz eta nola hasi zinen idazten?

Orain dela zenbait urte hasi nintzen idazten. Bidaiei eta mendiari buruzko erreportajeak idazten hasi nintzen. Altaïr aldizkarian lehenengo, eta aldizkariaren harira sortu genuen blogean ondoren. Betidanik neukan gogoa idazteko, eta aldizkariak eta blogak posible zela sinetsarazi zidaten.

Zer ematen dizu idazteak?

Eleberriko Scarf idazlearentzat bezala, neuretzat ere idaztea babesleku bat da; neure gauzekin bakarka egoteko lekua, mundutik aparte. Horrez gain, eta batez ere idaztea oso jarduera atsegina da niretzat, eta zenbaitetan asko kostatu arren, ahaleginduz gero, oso ondo pasatzen dut nik idazten.

Iruñeko Muga bidaia eta mendi liburu dendaren sortzaileetako bat zara. Zer eman dizu?

1986an, Muga sortu genuenean, mendia eta liburuak uztartzeko modu ona izango zela uste genuen, eta 28 urteren ostean, sorrerako helburua bete dugula uste dut.

Zer da mendia zuretzat?

Galdera horrek bi erantzun dauzka: erantzun luzeenaz idazteko ez daukat behar eta nahi beste denbora eta tarte (barrez); erantzun laburrerako (eta egiazkorako), berriz, bai. Zalantzarik gabe, neure lagunik onenetako batzuk ezagutu ditudan lekua da mendia.

Une gogoangarririk baduzu mendian?

Mendizale apala naizen neurrian, une gogor gutxi izan ditut mendian. Unerik onenak, berriz, 1981eko neguan Pirinioetan eginiko zeharkaldiari lotuta daude.

Eta Himalaia? Nolako harremana daukazu mendigune horrekin?

Himalaia inspirazio iturri handia da idazteko; ikaragarri ederra delako eta historiaz eta istorioz gainezka dagoelako. Mendizale gisa, berriz, ozta-ozta gerturatu naiz hango mendietara.

Aurreko liburua Pirinioetan kokatu zenuen. Inoiz pentsatu al duzu Euskal Herriko tontorren inguruan idaztea?

Berriz ere idazten saiatzen ari naiz, eta zalantza asko dauzkat. Ez dakit Pirinioetan eta gertu dauzkagun mendietan geratuko naizen; edo mendiaren oinarria utzi eta zer ateratzen den ikusi eta bestelakoei bidea emango diedan. Ikusteko dago dena.

Hitzak dantzan dauzkazu, beraz, buruan bederen. Nolako lana izango da?

Orain ez bada geroago, argi daukat intrigazko zerbait idatziko dudala, paisaia ezagunetan oinarrituta. Baliteke, ordea, aurretik beste zerbait probatu behar izatea, beste gauza batzuk bilatzea. Argi daukadan bakarra da idazten saiatzen segituko dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.