Ehunmiliak

Ederra izan da itzulera

Javi Dominguezek seigarren aldiz irabazi du Ehumiliak lasterketa. Aritz Egea eta Gemma Barrabeig nagusitu dira Goierriko Bi Handiak proban, eta urretxuarrak errekorra lortu du

Javi Dominguez mendi korrikalari gasteiztarra, helmugara iristen, atzo, Beasainen. ARIANE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA.
Unai Ugartemendia.
Beasain
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Indartsu itzuli da Ehunmiliak bi urteko etenaren ostean. Baita korrikalariak ere. Ezuste gutxi egon da, ordea: aurrean ibiltzea espero zirenak ibili dira aurrean. Lasterketa nagusian, Ehunmilietan, faborito nagusia gailendu zen atzo: Javi Dominguez. 11 aldietatik seitan irabazi du korrikalari gasteiztarrak: 2011n, 2014ean, 2016an, 2017an, 2018an eta aurten.

Dominguezek, atzo, 23.04.06ko marka egin zuen. Nagusi izan zen, hasi eta buka, eta alde handia atera zien aurkariei: bi ordu eta erdi pasatxokoa bigarrenari, Ander Erize arbizuarrari (25.36.03), eta ia hiru ordu hirugarrenari, Oscar Perez de Nanclares herrikideari (25.59.38).

Oso pozik zegoen Dominguez amaieran: «Ez nekien nola egongo nintzen, baina oso gustura sentitu naiz. Antolatzaileei eskerrak ematea besterik ez dago».

Emakumezkoetan, berriz, Elena Calvillo beasaindarra izan da nagusi; 28:53:28 ordu behar izan ditu 168 kilometroak amaitzeko. Harekin batera, Irene Guembe eta Leire Martinez igoko dira gaur 18:00etan Beasaango plazako eskenatokira saria jasotzera. Guembek 29:39:22 egin du, eta Martinezek 29:57:16.

Goierriko Bi Handiak lasterketan, berriz, Aritz Egea urretxuarra eta Gemma Barrabeig kataluniarra nagusitu ziren. Egea zen faborito nagusia, baina bazekien aurkariek estutu egingo zutela. Irteera eman orduko, lehen hogei kilometroetan protagonista izan zen hirukotea aurreratu zen: Egearekin batera, Aizpuru eta Tofol Castanyer kataluniarra ziren beste faboritoak. Larraitzeko (20. kilometroa) kontrol gunetik batera pasatu ziren hirurak. Baina Txindokirako bidean, Egeak Aizpuru utzi zuen atzean, eta Lizarrustirako bidean (35. kilometroa), Castanyer izan zen Egearen erritmoa ezin izan zuena jarraitu. Hortik helmugara bere buruaren aurka borrokatu zen. Errekorra ezarri zuen Beasaingo helmugan (Gipuzkoa): 9.51.45. Ion Azpirotzek zuen aurreko marka, 2019an egina: 10.01.51. Goar Lopetegi ibartarra (10.09.24) eta Joseba Eskudero idiazabaldarra (10.16.28) izan zituen harekin podiumean Egeak.

Oso pozik zegoen Egea. Azaldu zuenez, 05:00etatik aurrera egin zitzaion luzea gaua, eta eguzkia noiz aterako zain egon zen. «Andraitzen atera zait, eta inoiz ikusi dudan egunsentirik politena ikusteko aukera izan dut». Bidea «oso ondo» markatuta zegoela nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkien lan horretan aritu ziren boluntarioei eta antolatzaileei.

Barrabeigek ere nagusitasunez irabazi zuen, 14.06.34ko marka eginda. Estreinako bikaina izan zuen, lehen aldiz hartu baitzuen parte. «Ez dut inoiz horrelakorik bizi», aitortu zuen helmugan. Amaia Larreategi beasaindarra izan zen bigarren (14.33.15), eta Amaia Otxoa de Alda donostiarra, hirugarren (15.06.05).

Ohiturak berreskuratuz

Ederra izan da itzulera. Ostegun arratsaldean iritsi ziren lehen korrikalariak Beasainera. Hurrengo egunetako gauak pasatzeko prestatuta zeuden aparkaleku gehienak eguerdirako beteta zeuden. Gogotsu zegoen jendea korrikalarientzako bazkaria prestatzen.

Eta iritsi zen ordua. Ehunmiliak lasterketa hasi baino ordubete lehenago, betetzen hasi ziren irteera inguruko kale eta tabernak. Bi urteko etenaldi behartuak ez zuen inor atzera bota, eta 2019ko irudiak ikusi ziren berriro ere. Aitor Sarriegiren eta Iñaki Apalategiren bertsoen animoekin gerturatu ziren irteerara Aralarko eta Aizkorriko parke naturalean barrena ariko ziren korrikalariak.

18:00etan eman zitzaion irteera proba luzeenari. Lasterketako zuzendari Mikel Valdivielsok esker oneko hitzak izan zituen parte-hartzaile guztientzat. Horiek guztiek 166 kilometro eta 12.000 metroko desnibel positiboa zuten aurretik. Aurreko egunetan botatako euri jasek hezetasun ikaragarria utzi zuten astebururako. Halere, ez zen aitzakia izan. Vangelis taldearen Conquest of Paradise abestiaren doinuekin batera ekin zioten erronkari. Bost ordu geroago hasi ziren korrika Goierriko Bi Handietan parte hartu behar zutenak. Bikain hasi zen dena, eta bikain amaitu da.

Baina oraindik ez da festa bukatu. Gaur jokatuko dute azken lasterketa: Marimurumendi maratoia (42 kilometro eta 2.300 metroko desnibela). 08:00etan hasiko da, eta 265 korrikalarik parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.