Ederra eta Piztia

Urko Zabala eta Ekaitz Maiz nafarrek era askean eskalatu dute Peña Montañesako ‘Piztu da piztia’ bidea, Pirinioetako harribitxietako bat, Eneko Cesar, Arkaitz Yurrita eta Mikel Saez de Urabainek 2013an irekia. Zabaltzaileen ikuspegia goretsi dute.

'Piztu da piztia' bidearen eskalada. JAVIER VALERO PRODUCCIONES
ramon olasagasti
2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Hau ez da ipuin bat. Ederra eta Piztia, kasu honetan, bat eta bera dira. Ederra, basa bada ederragoa delako sarri. Eta piztiak, normalean, berez direlako ederrak. Edo beldurgarriro erakargarriak, nahiz eta haien atzaparkadak ez beti gozoak izan. Ipuina ez izan arren, behin batean... maiztuarekin has liteke kontakizuna. Behin batean, Eneko Cesar (Iruñea, 1982) eta Jose Zabalza Peña Montañesa mendian eskalatzen ari zirela, Cesarrek hego aurpegiko lerro eder bati erreparatu zion liluraz. «Garai hartan, beti nenbilen alde batera eta bestera begira, ea nondik zabaldu nitzakeen bideak, eta lerro horrek izugarri erakarri ninduen», oroitu du eskalatzaile iruindarrak. Ederra ez ezik basatia ere bazen lerro hura; behetik antzematen zitzaion.

Iruñera bueltan, Arkaitz Yurrita laguna «engainatu» egin zuen proiektu hura probatzeko, 2013ko azaro urrun batean. «Lehen aldian joan ginenean, berehala jabetu ginen bidearen gogortasunaz. Lehen aldi hartan, bi luze zabaldu genituen Arkaitzek eta biok, lehendabiziko biak. Lehen luzea 8a ingurukoa da, eta bigarrena, 7c ingurukoa, laburragoa, inklinazio pixka batekin», azaldu du Cesarrek. Hurrengo astean, Yurritak Mikel Saez de Urabainekin egin zuen topo proiekzio batean, eta Peña Montañesako bidearena aipatu zion. Saez de Urabainek, piztiaren begiek piztuta, ea bat egin zezakeen galdetu zien, eta Cesarrek eta Yurritak, noski, gogo onez onartu zuten hirugarren sokalaguna.

Ekaitz Maiz eta Urko Zabala 'Piztu da piztia' bidean
Urko Zabala 'Piztu da piztia' bidean. ANDER URIA

Bigarren ekinaldia hirurek egin zuten, Cesarrek, Yurritak eta Saez de Urabainek, eta bidearen beste lau luzeak zabaldu zituzten. Sei ditu guztira, zein baino zein gogorragoak. Ahalegin hartan, berretsi zuten benetan salbaia zela piztia hura, borrokatu beharra zegoela pausu bakoitza horma tente hari metro batzuk harramazkatzeko eta piztia menderatzeko. «Hirugarren luzea etzana eta oso teknikoa da, 7c ingurukoa. Laugarrena da zailena. Bilgunera iritsi aurretik sekzio oso gogorra du. Guk egin genuen moduan, 8b/+ eman genion», jakinarazi du Eneko Cesarrek. Bosgarrenean, Eneko Cesarrek lerroari zuzen-zuzen jarraitzea zuen buruan, baina Mikel Saez de Urabainek, ikuspegi alpinoago bat eman nahirik, ezkerragotik trazatu zuen. «Eta gero, seigarrena, Arkaitz eta bion artean bukatu genuen».

Estilo garbia

Arkaitz Yurritak berak eta Javier Valerok Al otro lado de la cuerda pelikula egin zutenean, Pirinioen eta «gure mendiguneko» eskalada bideen esentzia aldarrikatu nahi izan zuten, eta, ezinbestean, Piztu da piztia bidearen eskalada ere film horretan sartu zuten. Egileek Eneko Cesarri proposatu zioten bidera itzultzea irudiak hartzeko, eta berak bosgarren luzea «berriz zabaltzeko» aprobetxatu zuen egokiera. «Buruan nuen lerroari jarraituz berriro trazatu nuen luze hori, zuzen-zuzen. Hala, ezkerreko lerro hori ezabatzea erabaki genuen, Mikelekin hitz eginda, noski», zehaztu du Cesarrek.

«Garai hartan, beti nenbilen alde batera eta bestera begira, ea nondik zabaldu nitzakeen bideak, eta lerro horrek izugarri erakarri ninduen»

ENEKO CESAREskalatzailea

Behetik zabalduz, estilo garbian, arrakaletan friend-akerabiliz, ezinbesteko paraboltak soilik sartuz, horma ahalik eta gutxien zulatuz, lerroaren berezko edertasunari eutsiz zabaldu zuten bidea. Piztia bezatu eta otzandu gabe, alegia. Horregatik, kuraia pixka bat behar da bidea estilo horretan zabaltzeko. Kuraia taldea dezente entzuten zuen garai hartan Cesarrek, eta haien abesti batek etengabe mailukatzen zuen horman gorako aztarrika haietan: Piztu da piztia, piztu da piztia... Bego, izen hoberik nekez asmatuko zukeen bide harentzat. Eta doinu hoberik ere ez; badu bideak hardcoretik ere.

Eneko Cesar 'Piztu da piztia' bidea zabaltzen
Eneko Cesar 'Piztu da piztia' bidea zabaltzen. JAVIER VALERO PRODUCCIONES

Handik hilabete batzuetara, Eneko Cesar eta Iker Pou joan ziren bidea eskalatzera, ea librean egiten zuten. Eta poutarretan gazteenak, izerdia lodi aterata, lortu zuen mugimendu guztiak librean egitea. Bideak eta zabaltzaileen estiloak liluratuta utzi zuten Iker Pou. «Esan zidan bide oso ederra dela, ondo zabalduta zegoela...», oroitu du Cesarrek. Hori baino gehiago ere esan zuen poutarretan gazteenak: Rätikon mendigunean (Suitzako Alpeak) Beat Kammerlanderrek zabaldutako Silbergeier bide entzutetsuarekin (240m 8b+) alderatu zuen Piztu da piztia. «Europan hormako biderik ezagunenetakoa izango da Silbergeier, bide puska, eta horrekin konparatzea ederra eta pozgarria da».

Cesarrek, Yurritak eta Saez de Urabainek bidea zabaldu zutenetik gaur arteko hamabi urteotan, eskalatzaile gutxik esnarazi dute piztia. Iker Pouren ondoren, Dani Fuertes aragoiarrak lortu zuen bidea librean eskalatzea, 2020ko martxoan, koronabirusak itxialdira behartu aurreko astean. Urtebeteren buruan, Siebe Vanhee belgikarrak, gaur egungo eskalatzaile indartsuenetako batek, eskalatu zuen bidea, egun bakarrean, eta Pouren irudipena berretsi zuen: «Biak egin ditut, Silbergeier eta Piztu da piztia, eta bat nator guztiz Ikerrekin. Arroka sendoa eta kalitate handikoa da; graduak zuzenak dira, estuak ere bai agian, eta eskalada teknikoa eta bistaz irakurtzeko zaila da».

Arkaitz Yurrita 'Piztu da piztia' bidean
Arkaitz Yurrita ahalegin betean. JAVIER VALERO PRODUCCIONES

Zabalaren eta Maizen eskalada

Oraindik orain, berriz, beste bi sokaldik eskalatu dute bidea: batetik, Nil Alcubilla eta Xavi Sabater katalanek, eta bestetik, Urko Zabalak (Izkue, Nafarroa, 2003) eta Ekaitz Maizek (Etxauri, Nafarroa, 1979). Maizek aspaldiko ametsa zuen bidea, «baina izar guztiak lerrokatu behar dira bide hori eskalatzeko: bidea ondo egotea, maila paretsuko sokalagun bat aurkitzea, prestaketa fisiko eta psikologiko egokia izatea... eta orain arte ez da halakorik gertatu», azaldu du. Duela hiru bat urte, Jose Luis Palao Primo valentziarrarekin egin zuen saiakera, baina elurtua zegoen ingurua, eta laugarren luzean jaistea hobetsi zuten. «Geroztik bueltatu gabe nengoen».

«Horrelako bide bat egiteko kapaza zarela sentitzea izugarria da. Eta Ekaitzek ere lortu zuenean, poza are handiagoa izan zen. Ekaitz, niretzat, erreferentea izan da»

URKO ZABALAEskalatzailea

Urko Zabalak berriro tentatu zuen arte. Zabalak ere «betidanik» izan du gogoa bide hori eskalatzeko: «Askotan ikusi dut Al otro lado de la cuerda pelikula, eta oso gaztetatik amestu dut bide horrekin, baina urrun ikusten nuen». Izan ere, abentura maite duten eskalatzaileen barneko piztia pizten du Pirinioetako bide horrek, baina hari aurre egiteko prest egon behar da gorputzari eta buruari dagokienez. Zabalak iaz bildu zuen bidearen azpira hurbiltzeko adorea eta sasoia: «Etxaurin, hainbat bide gogor egin nituen; Tekken (8b+), adibidez. Plaka estilokoa da, teknikoa, helduleku txikiak eta oinak jartzeko toki txarrak ditu, Piztu da piztia-n aurkitu ditzakezun luzeen antzekoa. Peña Montañesan bertan ere hainbat luzetako bideak egin nituen, Caminant eta Lagrimas en la roca, adibidez, eta fuerte sentitu nintzen». Prest, piztiari ekiteko.

Lehen saiakeran bidea aztertu zuten, «horrelako bideetan logistika garrantzitsua baita», Maizen hitzetan. «Agian, Siebe Vanheek egunean egin dezake, baina maila ikaragarria behar da horretarako, eta guretzat pentsaezina zen. Bidea aztertzeko saiakera hartan jabetu ginen bigarren luzea erlaitz txikitxo batean amaitzen dela eta, hari jarraituta, erlaitz zabalago batera eta kobazulo moduko batera iristen dela. Gero, behin betiko saiakeran, bi gau egin genituen erlaitz horretan. Logistika aldetik, errepikatzaileek kontuan hartuko dute, ziur».

Ekaitz Maiz eta Urko Zabala 'Piztu da piztia' bidean
Bideak ez du atsedenik txikiena ere ematen. ANDER URIA

Aurreko abenduan egin zuten bigarren saiakera, eta, luzeari luze, saiatu, erori, berriro ekin, beste hegaldi bat, berriro saiatu... bidearen edertasunak eta gogortasunak mira eginda utzi zituen Zabala eta Maiz. «Lehen luzean (8a) erregeleta txikietan eutsi behar zaio gorputzari, eta arroka sekulakoa da. Bigarrena ere gogorra da. Hirugarrena, itsaspenezkoa, oso-oso ederra da. Luzeak hiru txapa bakarrik dauzka, eta azkenekotik gora nahitaezko sekzio gogor bat dago. Luze horretan, lehen saiakeretan, hegaldi handiak egin nituen», oroitu du Zabalak. Eta arrakaletan sartutako friend-etatik zintzilik, hegaldi horiek ez dira gozoak. Hala nabarmendu du Maizek: «Ez da maila teknikoa edo fisikoa bakarrik, tenplea behar da. Gainera, ez da luze bakar bat; luze guztiak dira gogorrak. Laugarrena da, agian, zailena, baina hurrengoak ere eskalatu egin behar dira, eta ez dira makalak. Exijentzia ez da bukatzen bidea bukatzen den arte».

Hiru egun behar izan zituzten bidea osorik librean kateatzeko. Hirugarrenean, gainera, haizeak gogor zafratu zituen bi eskalatzaileak. Baina lortu zuten. Zirrarak hartzen du oraindik ere Zabala, une hura oroitzean: «Amets bat egia bihurtzea izan zen; horrelako bide bat egiteko kapaza zarela sentitzea izugarria da. Eta Ekaitzek ere lortu zuenean, poza are handiagoa izan zen. Ekaitz, niretzat, erreferentea izan da, eta berarekin egitea poz izugarria izan zen». Maizek ere nabarmendu du «luxu bat» izan dela Urkorekin eskalatzea. «Gaztetasuna, sasoia, motibazioa... dena dauka. Bera izan da hara joatera animatu nauena. Biok librean egitea, gainera, ez da erraza. Emozio politak izan ziren».

«Hor barna eskalatu ditugun bideekin alderatuta, esango nuke hobea edo parekoa dela etxean [Pirinioetan] daukaguna»

EKAITZ MAIZEskalatzailea

Kuraiaren abestia eta krokisa

Bidea kateatzea lortu ondoren, Zabalak eta Maizek esker ona adierazi eta aitortza egin nahi izan zieten zabaltzaileei. «Krokisean, lerroa paper baten ikustean, antzematen diozu zaila izango dela, baina bidean zaudenean, pentsatzen duzu: ‘nola ostia pasatu ziren hemendik lehenengo aldian?’. Izan ere, zulagailuarekin eskalatzea eta 8b graduko bideak behetik irekitzea oso zaila da. Meritu izugarria izan zuten, bidea sekulakoa baita, eta irekitzeko modua, oso ona», nabarmendu du Zabalak. Maizek ere berak egindako «biderik osoenetakoa» dela gaineratu du.

Ekaitz Maiz eta Urko Zabala 'Piztu da piztia' bidean
Urko Zabala eta Ekaitz Maiz, pozik, bidea era askean eskalatu ondoren. URKO ZABALA

Zabalak aipatutako krokisaren harira, eskalatzaileek harkaitzean trazatutako artelanaren maila bereko margolana egin zuen Eli Azurmendik (Donostia, 1965) akuarelaz. Naturak Peña Montañesako harkaitz laranjan milaka urtean eginiko ur tantak nola, arte beraz bihurtu zuen Azurmendik bidearen krokisa urmargo. «Arkaitzen [Yurrita] filosofia da bideek zerbait berezia izan behar dutela horrelako krokis artistiko bat egiteko. Hala, Piztu da piztia egin zutenean, deitu egin zidan oso bide ona ireki zutela esateko eta krokisa egin nahi ote nuen galdetzeko», oroitu du Azurmendik. Ez zuen dudarik egin, eta baietz esan zion. «Gainera, motibazio gehigarri bat nuen, Kuraia taldeko kideak ezagunak baititut, eta dena borobila izan zen».

Bidearen izenak «atzapar bat, munstro bat-edo» iradoki zion Azurmendiri. «Bideak berak ere, gogortasunagatik, errespetua edo beldurra sortzen du, eta marrazkiak ere agian eskalatzera animatu baino gehiago uxatu egiten du jendea [barreak]. Kuraiaren abestiak eta bideak berak zerbait basatia eta beldurgarria iradokitzen zidaten. Horregatik iluntasun hori, letra gotiko horiek...».

«Kuraiaren abestiak eta bideak berak zerbait basatia eta beldurgarria iradokitzen zidaten. Horregatik [krokisaren] iluntasun hori, letra gotiko horiek...»

ELI AZURMENDIMargolaria

Izan Ansabere, Midi d’Ossau edo Ordesa, izan Montrebei edo Peña Montañesa, Pirinioetako mendi eta hormetan eskaladarako egiazko harribitxiak daude abentura nahi duenarentzat. Horietako bat da Piztu da piztia. Horregatik, hain kanpoeder izan gabe, Pirinioen aldarria egin dute Cesarrek, Zabalak eta Maizek. «Nik munduko leku dezentetan eskalatu dut, baina Pirinioetan aurkitu izan ditut biderik ederrenetako batzuk. Silbergeier, adibidez, ez dut eskalatu, eta ezin dut iritzirik eman, baina hor barna eskalatu ditugun bideekin alderatuta, esango nuke hobea edo parekoa dela etxean daukaguna», nabarmendu du Maizek. Eta Zabalak erantsi: «Oso gaztea naiz oraindik, eta gehienbat Pirinioetan eskalatu dut, eta asko baloratzen dut hemen daukaguna. Azken batean, Pirinioetan jolasteko leku bat daukagu bizitza osorako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.