Eskarmentu handiko kirolaria da Julen Larruzea (Larrabetzu, 1982). Kirol eta diziplina askotatik igarotakoa da, nahiz eta oraindik gaztea izan. Bizikleta eta korrikarako oinetakoak izan ohi ditu bidelagun gehienetan, eta azken urteetan biak uztartzeko aukera izan du, mendi duatloietan. Egun, Euskal Herriko Mendi Duatloiko Zirkuituko txapelduna da. Gauzak okertzen ez badira behintzat, aurten ere irabaziko du, orain arte jokatutako bost probak poltsikoratu baititu bizkaitarrak; azkena, joan den larunbatean Arriaranen (Beasain).
Betidanik izan zara kirolaria. Baina zein izan dira orain artean jorratu dituzun kirolak?
Hamabi urterekin hasi nintzen atletismoan eta; batez ere, korrika egiten pasatu ditut urte gehienak. 25 urterekin duatloiren batean parte hartu, eta, hortik aurrera, beti eduki dut bizikleta bat etxean. Triatloiren bat ere prestatu izan dut eta, aurten, urtarriletik maiatzera bitartean, mendi bizikletako probak prestatzen ibili naiz, arrakasta gutxirekin. 33 urte beteko ditut hilabete honetan, etajadanik probatzen ibiltzeko aukerak agortu ditut. Badakit zertan gozatzen dudan eta zertan naizen ona, eta horiei ekin nahi diet.
Zein kiroletatik zatoz?
Atletismotik nator. Asko zor diot atletismoari. Kirol horrek moldatu nau, bai barrutik bai kanpotik, gaur egun naizen gizontxoa izateko.
Nolatan hasi zinen mendi duatloietan?
Atletismoko probekin erreta, mendi lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, buru eta prestaketa gutxirekin. Horrela, hilabete gutxira lepoko lesio bat agertu zen, eta urte pare bat nahiko geldirik igaro nituen. Bizikletan ibiltzeko gomendatu zidaten. Fisikoki berriro indartsu bueltatu eta duatloietan parte hartzen hasi nintzen. Urte haietan nahiko galduta ibili nintzen. Pistako atletismoak asko erretzen du, eta, erreta nengoela, ez nekien zein bide aukeratu. Gaur egun nola joan zaidan ikusita, uste dut ondo aukeratu nuela.
Entrenatzailerik baduzu?
Nire kirol bizitzan bi entrenatzaile handi izan ditut, ez bakarrik kirolerako, eguneroko bizitzarako ere prestatu nautenak. Asko zor diet. Une honetan, nik neuk egiten dut nire prestakuntza plana. Urte pare batez prestatzaile ikasketak egin ditut eta, printzipioz, neure buruarekin probatu nahi dut. Emaitza onak lortuz gero, aurrerantzean jendea prestatzeko asmoz.
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Ia egunero aritzen naiz. Denboraldiaren eta urte sasoiaren arabera prestaketa ezberdina izaten da. Batez ere bizikletan, korrikan eta gimnasioan indarra lantzen aritzen naiz.
Non ibiltzen zara gusturago, korrika ala bizikletan?
Bietan. Korrika kilometro asko egiten dituzunean, bizikleta gogoz hartzen duzu, eta alderantziz. Bi kirol prestatu beharrak alde on hori dauka, ez zarela batean erretzen. Bat aukeratu beharko banu, korrika da benetan gogokoen dudana.
Esfortzu handia al dakar bi kirol ezberdin entrenatu beharrak?
Ez. Biak gogoko izanda, askotan deskonektatzeko aukera ematen dizu. Adibidez, korrikako entrenamendu espezifiko asko egiten ditudanean, bizikletan ibiltzen naizen egunean gogotsu ekiten diot. Kirol bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta horrek monotoniatik kanpo mantentzen nau.
Zein dira ezberdintasun handienak triatloiarekin alderatuz?
Nagusia, duatloietan ez dagoela igeriketako sektorerik. Mendi duatloietan, triatloietan bezala, lasterketa hiru sektorez osatuta dago, baina korrikarekin hasi, bizikletarekin jarraitu eta azkenean berriro korrikarekin bukatzen da. Ikuskizun aldetik, igeriketako sektoreak beti kolorea ematen dio probari, itsasoaren hurbiltasunak edo laku baten edertasunak oso lasterketa erakargarriaegiten du, bai ikusteko bai parte hartzeko. Duatloiak kolore ilunagoa dauka, mendian izaten da, udazken-negu sasoian. Hori bai, duatloiak askoz ere gogorragoak izaten dira, giharrentzat batez ere.
Azken urteetan zirkuituan lehen postuetan ibili diren kirolari asko (Jon Ergin, Unai Yus, Amaia Lukin…) jada ez dira duatloietan ibiltzen. Zein iruditzen zaizu dela arrazoia?
Bueno, bakoitzak bere arrazoiak ditu: Ergin mendi bizikletan dabil buru-belarri; Lukinek umea izan du, eta Yus Kanaria uharteetara joan da lanera. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan (EHMDZ) oso parte hartzaile gutxik egin dituzte bost aldiak; ni, zorionez, horietako bat naiz. Iaz zirkuitua irabazi nuen, eta nik beti pentsatu izan dut lehen aldiz irabaztea baino gehiago bigarrenez irabaztea dela gauza handia eta zaila. Behin irabazita, bigarren izatea ez du baliorik; askotan kirolarioi hori gertatzen zaigu, eta jarraitu beharrean beste norabide bat hartzen dugu. Agian hori gertatu zaie askori: EHMDZk fisikoki indartsu egotera derrigortzen zaitu, eta, askorentzat, urteak goraka doaz. Erorketen kontua ere azpimarratzekoa da, urte guztietan baten batek zirkuitua nahi baino lehen alde batera utzi behar izan du. Aurten ere, zoritxarrez, jada kirolari garrantzitsu pare batek utzi behar izan dute lehia.
Zein iritzi duzu Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari buruz?
Bost hitzetan esango dizut: munduko mendi duatloi zirkuiturik onena. Esan al dizut Bilbon sortua naizela? Kar-kar. Ez, egia esan zirkuitua itzela da, bai parte hartzaileen kopuruagatik eta mailagatik, bai antolakuntza aldetik, baita parajeen edertasunarengatik ere.
Aurtengoan nabaria da emakumeen falta lasterketetan. Zein iritzi duzu?
Zoritxarrez, emakumeen partaidetza ez da inoiz oso nabaria izan EHMDZn. Lokatzetan ibiltzeak ez ditu askorik erakartzen, ezta zirkuituen gogortasunak edo bizikletan jaisteko behar den teknikak ere. Nahiz eta azken urteotan zirkuituak parte hartzaile guztientzako egokitu, exijentzia handikoak dira oraindik ere, eta horrek asko mugatzen du emakumeen parte hartzea.
Parte hartzaileen kopuruak ere beherantz egin du azken urteekin alderatuz. Zein izan daiteke arrazoia?
Aurten, orokorrean, emakume eta gizon gutxiago gabiltza. Zirkuituak hamabost proba ditu, eta askok parte hartzea atzeratu egin dute; zirkuituko bigarren zatia dute helburu. Ea emakumezko eta gizonezko gehiago animatzen diren hemendik zirkuitu bukaerara.
Horrez gain, gero eta lasterketa gehiago daude astebururo. Euskal Herrian kirolari asko daude, baina askotan aukeratzen ibili behar dugu, batera edo bestera joan, edo zirkuitu hau edo beste hura prestatu.
Zer falta zaio mendiko duatloien munduari? Eta zer du sobera?
Aurten, historian lehen aldiz, duatloi kroseko Europako Txapelketa jokatuko da, datorren urriaren 10n Castron (Kantabria, Espainia). Txapelketa nagusi ofizial bat falta zitzaion, eta hori aurten lortuko da. Sobera, ba ez dakit zer esan. Hemen sobera dagoena alde batera uzten dute urteek eta mendiek.
Nola ikusten duzu duatloien etorkizuna?
Euskal Herrian, mendikoei dagokienez, proba berriak gehitzen ari zaizkio zirkuituari, eta hori seinale ona da. Zirkuituko proba kopurua handituz joan da urtez urte, eta aurten hamabost probaz osaturiko zirkuitu dotorea osatu dute.
Errepideko duatloietan, orain dela 5-8 urteko boom horrek ez du segidarik izan. Proba aldetik, Euskal Herrian behintzat, kopurua eta kalitatea jaitsiz joan da. Lehen, jendeak triatloira jauzi egin baino lehen, duatloiak erabiltzen zituen proba konbinatuen munduarekin lehen harremanaizateko. Orain ez, orain jarraian triatloietara joaten dira, duatloien mundua ezagutu gabe. Triatloiak indar handia dauka, eta nik beti pentsatu izan dut duatloia triatloiaren anaia txikia izatera zigortua dagoela bizi guztirako.
Azken urteetan aurrean ikusi zaitugu eta lasterketa asko irabazi dituzu. Zerk bultzatzen zaitu oraindik aurrean ibiltzen segitzera?
Gustuko dut astebururo nire taldeko zein zirkuituan ibiltzen den jendearekin elkartzea. Nahiz eta batzuetan pixka bat erreta sentitu, barneko motibazioak bizirik segitzen du oraindik. Horrez gain, nire eguneroko lanaldia ez da nahikoa nire bizitza aurrera ateratzeko, eta asteburuetan diru saritan lortzen dudanarekin, ahal den neurrian nire egunerokoan aurrera jarraitzeko aukera daukat. Aurten horrela egitea erabaki dut, eta ez dakit kirol jarduera bat horrela antolatzea oso etikoa den; baina momentu honetan hori da nire egoera, eta ez daukat beste aukerarik.
Zein aholku emango zenieke mendi duatloien munduan hasi nahi dutenei?
Pausoa eman dezatela! Aurten, lasterketa nagusiaren aurretik, proba herrikoi bat egiten ari dira zirkuituko zenbait herritan. Mendi duatloietan hasi edo ez erabat argi ez badaukate, proba dezatela proba herrikoian. Behin hasierako beldur hori kenduta, seguru nago hurrengo asteburuan proba nagusian emango dutela izena. Giroa sanoa eta herrikoia da, hemen guztiontzako lekua dago eta maila guztietako kirolariak errespetuz hartzen dira. Aldatz gogorra zein jaitsiera latza izan, beti bizikleta eskuan hartzeko aukera dago, ez dezatela horregatik beldurrik izan.
Julen Larruzea Loroño. Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko txapelduna
«Duatloien zirkuitua itzela da, kirolari eta antolatzaileei esker»
Atletismoko pistetatik mendi bideetara pasatu zen, tartanetik lurrera eta lokatzetara. Korrika ez ezik, mendiko bizikletan ere hasi zen. Ondo. Nagusi da Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu