Beste kirolari askoren antzera, mendi korrikalariek ere ez dute berehalakoan ahaztuko 2020ko denboraldia. Euskal Herriko mendi lasterketen denboraldia hastera zihoanean, dena bertan behera gelditu zen COVID-19aren ondorioz. Punta-puntako korrikalari gehienek berriz antolatu behar izan dute sasoia. Batzuek Munduko Kopa zuten helburu nagusi; beste askok, berriz, Salomon Golden Trail serieak edo ultra distantziako egutegia. Baina, horiek ez egonda, zaila izango da dortsala janzteko aukera asko izatea. Beste lasterketa batzuetan topatu beharko dute aukera. Adibidez, Sorginen Lasterketako antolatzaileek aurrera jarraitzen dute irailaren 26an proba jokatzeko asmoarekin.
MAITE MAIORA Mendi korrikalaria
«Konturatzen zara gauzagarrantzitsuagoak daudela korrikaegitea baino»
2017an irabazi zuen Zegama-Aizkorri lasterketarekin batera, iaz Chamonixko (Frantzia) UTMB lasterketan lortutako hirugarren postuarekin, bere ibilbideko emaitzarik onena lortu zuen Maite Maiorak (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). Aurtengo sasoia, berriz, desberdina izango da: «Mendi lasterketetan, norberak egiten du bere egutegi propioa, baina lasterketa garrantzitsuenak ez dira jokatuko», azaldu du. Denboraldi honetarako bi helburu nagusi zituen Maiorak: UTMB bera eta New Yorkeko errepideko maratoia.
Ez dio buelta askorik eman nahi: «Azkenean, konturatzen zara gauza garrantzitsuagoak daudela korrika egitea baino». Itxialdiaren ondoren, bi erronkatan murgildu zen. Biak bizikletan izan ziren, halere. Aspaldiko helburua zuen eguneroko bizitza egiten duen etxetik, Mendarotik, Pirinioetan duen etxera joatea. Tartean, 263 kilometro zituen aurretik. Ekainaren 22an, hamar orduan burutu zuen erronka. Bigarrena ere antzekoa zen. «Baziren hiru urte Jose Antonio De Pablo Depa lagunak, nire bikotekideak eta nik hitzeman genuela egunen batean Zegamatik Valladolidera (Espainia) bizikletaz joango ginela. Udan egin dugu azkenean».
Uztailaren 18an, 06:00etan Zegamako plazatik irten, eta 22:00etan iritsi ziren. Beste lau lagun izan zituzten bidelagun ibilbideko 370 kilometroak osatzeko. Bizikletaren gainean bai, bainakorrika lasterketa pare bat ere jokatu ditu. Lehenean, irailaren 3an, Frantzian izan zen, Nizatik gertu, Mercantou parke nazionalean. 70 kilometroko UTCAMean (+5000 metroko desnibel positiboa), hirugarren izan zen. Asteburu honetan Canfrancen (Espainia) jokatu duen lasterketan, berriz, laugarren sailkatu da.
OIHANA KORTAZAR Mendi korrikalaria
«Lehen lasterketan asko gozatu nuen»
Entrenatzen gustura dabil Oihana Kortazar korrikalari beteranoa (Elgeta, Gipuzkoa, 1984). Konfinamendua amaitzearekin batera hasi zen. «Denei bezala, kostatu egin zitzaidan erritmoa hartzea», nabarmendu du. Otsailean izandako lesio txiki batetik osatzeko baliatu zuen egonaldi behartua Kortazarrek. Behin hori igarota, korrika, mendian eta bizikleta gainean egin ditu entrenamendu gehienak. Helburu argirik ez izateak ere ez zuen entrenatzen jarraitzeko errutinatik atera.
Hala ere, Kantabrian (Espainia) eta Canfrancen jokatutako bi lasterketatan parte hartu du orain gutxi. Biak irabazi ditu. Lehena 21 kilometroko gaueko lasterketa bat izan zen. «Oso gustura egin nuen. Lasterketa oso azkarra izan zen, puntuan jartzeko aproposa». Lasterketetatik harago, erronkaren bati heltzeko aukera ere ez du baztertu oraingoz. Halere, gauzak ondo antolatzea gustatzen zaien horietakoa da Kortazar, eta gaur egun ez du nahikoa denbora topatzen exijentzia handiko xede bati aurre egiteko. Lasterketazalea den aldetik, denbora laburrean jokatuko diren esperantzarekin jarraitzen du. «Lasterketen egutegia hasten denerako, sasoi onean egon nahi nuke. Oraingoz, eta azken unean bertan behera uzten ez badituzte behintzat, Palentziako [Espainia] eta Trail Cap de Creuseko [Herrialde Katalanak] lasterketak egingo ditut». Askatasunez ibiltzeko aukeraren falta sumatzen dut, eta, sasoi egokia topatu ezean, ez da lasterketetara joango.
ANDER IÑARRA Mendi korrikalaria
«Egin ditudan erronketan gustura sentitu naiz»
Iaz, Munduko Kopan lehen hamarretan sartzeko zorian egon zen Ander Iñarra (Lezo, Gipuzkoa, 1991). Aurtengorako asmo handiak zituen, eta urtea ondo hasi zuen. «Otsailean, nire herriko Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa egin nuen. Urteko lasterketarik berezienetakoa izaten da niretzat, eta oso gustura geratu nintzen». Baina pandemiak haren asmo guztiak zapuztu zituen. Iñarra, ordea, ez da geldirik egoten diren horietakoa. Behin itxialdia igarota, etapetan egiteko zerbaiten bila aritu zen. Hala, Senda Camille (Pirinioak) egitea erabaki zuen, 110 kilometroko ibilbide zirkularra. Uztailean egin zuen, bi egunetan. «Oso gustura egin nuen, eta gorputzak ondo erantzun zidan».
Hori ikusita, Carros de Foc (Pirinioak) egitea pentsatu zuen. Lehen erronka egin eta aste eta erdira izan zen. 70 kilometroko ibilbide zirkularra izan zen. 10 ordu eta 36 minutu behar izan zituen. Egun batzuk lehenago, Andreu Simon kataluniarrak 9 ordu eta 22 minutu behar izan zituen errekor berria ezartzeko. Bi erronka horiekin, mota horretako erronkak baztertu ditu aurtengorako.
MAYI MUJIKA Mendi korrikalaria
«Ez dut erronken beharrik sentitzen»
Oso gustura dabil korrika eta bizikletan naturaz gozatzen Mayi Mujika euskal selekzioko mendi korrikalaria (Legazpi, Gipuzkoa, 1988). «Oso urte arraroa da zentzu guztietan, eta kalean kirola egite hutsak plazer handia sortzen dit». Oraingoz, ez du erronkak ezartzeko beharrik sentitu. Horrelakoek ez dute bereziki motibatzen. Lehian, berriz, asteburuan izan da lehenbizikoz. Igartzako mendi duatloian (Beasain, Gipuzkoa) hirugarren amaitu zuen.
Oporretan gauza desberdinak egin ditu, baina helburu jakinik gabe. Aurten Munduko Kopan parte hartu behar zuen, baina aspaldi utzi zuten bertan behera. Hala ere, dortsalik ez janzteak ez du arduratzen oraindik. «Dudan ezaugarri on bat, agian, hori izan daiteke. Oso gustura egiten dut kirola, eta inoiz ez dut neure burua behartuta sentitu entrenatzeko garaian».
Oporretan ez dio entrenamendu plan jakin bati jarraitu, baina kirola egitea oporren parte izan du betidanik. Aurten ere ez da geldirik egon. Motibazio falta sumatu duen aldiro, etxean konfinatuta pasatutako egunekin akordatu da. «Hala, segituan berreskuratu dut gogoa». Nahiz eta egoera etengabe aldatzen ari den, argi erantzun du mendi lasterketak berriz martxan jartzearen inguruan: «Beste kirol batzuk martxan dira jada. Baina, mendiko lasterketek interes ekonomiko eskasa dutenez, ez da aurrerapauso handirik eman oraingoz». Lasterketen «falta» sumatzen duela aitortu du. «Dortsal bat jartzeak ematen dizkidan sentsazioak dortsalarekin bakarrik lor ditzaket».
SARAH UGARTE Mendi korrikalaria
«Lasaiago entrenatzen ari naiz»
Denboraldia beste filosofia batekin hartu du Sarah Ugarte mendi korrikalariak (Donostia, 1986). Udan, mendiaz gozatzen ari da, asmo jakinik gabe. Izan ere, lasterketa sasoia hurbilduz doan heinean gehiago entrenatzen saiatzen diren horietakoa da. «Mendira, lasterketak izango banitu bezala joaten naiz. Baina, oharkabean, lasaiago ibiltzen naiz. Lasterketa garaian beti izaten dut bizkorrago entrenatzen laguntzen didan urduritasun puntu bat». Euskal selekzioarekin estreinakoz aritzekoa zen aurtengo denboraldian, baina orain artean ez du elastiko urdina janzteko aukerarik izan. Hala ere, ez du ezer baztertu.
Dena den, argi dauka lasai-lasai hartuko dituela lehen lasterketak. Hain eten luzearen ostean, fisikoki ez dago aurreko denboraldian bezala, eta ez du min hartu nahi. Lasterketen hutsunea antzematen du, baina egunerokoan bilatzen du motibazioa: «Mendia gustatzen zait, eta nire gorputzak mendira joatea eskatzen dit. Ibilbide bat egitea edo korrika egitea berdin dit. Motibazioak berean dirau». Egutegiaren inguruan baikor azaldu da «Espero dut egoera hau laster aldatzea eta berriro lasterketak martxan jartzea».
JON ARANBURU Sorginen lasterketako antolatzailea
«40ko multzotan abiatuko dira korrikalariak»
Martxo erdialdean konfinamendua ezarri zutenetik, ez da mendi lasterketarik jokatu Euskal Herrian. Askok lasterketaren data atzeratzea erabaki zuten hasieran, baina, COVID-19ak izandako bilakaera tarteko, asko eta asko bertan behera gelditu ziren. Iraila iristearekin batera, ordea, lasterketa batzuk jokatuko diren esperantza sortu da. Horietako bat da larunbatean Atxondon (Bizkaia) jokatuko den Sorginen Lasterketa. «Oraingoz, dena aurrera doa. Behar ditugun baimen guztiak eskuratu ditugu, baina egungo egoerak zalantzak sortzen ditu», azaldu du Jon Aranburuk (Atxondo, Bizkaia, 1986), antolaketa taldeko kideak. Neurri zorrotzak ezarriko dituzte, eta, horretarako, Espainiako Mendi Federazioak mendi lasterketetarako ezarri duen protokoloan oinarritu dira. «40 korrikalariz osatutako taldeetan abiatuko dira, eta irteeran metro eta erdiko tartea izango da korrikalarien artean. Gainera, derrigorrezkoa izango da irteeran eta helmugan maskara eramatea»
Helburua bakarra izango da:jende pilatzea eragoztea. Horretarako, anoa gunerik ez ezartzea erabaki dute. Korrikalari bakoitzak eraman beharko du beharrezko guztia. Euskal Herrian, Atxondokoarekin batera, Aramotz mendi lasterketa (Zornotza, Bizkaia) ere jokatuko dela uste da.
Aranburuk, hala ere, zalantzak ditu. Azken asteetan pandemiak izandako bilakaerak lasterketa bera ere kinka larrian jarri duela aitortu du. Beraiek, adibidez,aurrez izena emateko besterik ez diete eskatu korrikalariei. Uztailaren lehen egunetan ireki zuten izen ematea, eta badirudi ia-ia leku guztiak bete dituztela. 300 korrikalari espero dituzte irteeran. Esperantzara kondenatuta jarraitu beharko dute mendi lasterketetako antolatzaileek. Eta horrek eman die, besteak beste, aurre egiteko indarra.
Dortsala jarriz doaz
COVID-19aren ondorioz lasterketa nagusiak bertan behera geratu diren arren, badirudi mendiko lasterketak martxa hartzen ari direla berriro ere. Korrikalariak sasoia hartuz doaz pixkanaka horri begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu