«Denok Elgetara!»

Duela mende bat sortu zen Mendi Federazioa, biharko egunez, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi izango dira bihar. Euskal Herriko Mendi Biltzarra aurkeztuko dute bi federazioek eta Iparraldeko taldeek, «aurrerantzean ere bidea elkarrekin egiteko».

1924ko maiatzaren 18a, Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zen eguna
1924ko maiatzaren 18a: jendetza Elgetako plazan, Euskal Herriko Mendi Federazioaren sorrerako ekitaldian. EMMOA ARTXIBOA / A. BANDRES BILDUMA
ramon olasagasti
2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

«Elgetara, Elgetara, trenean, oinez, nolanahi, baina denok Elgetara!», hala zioen 1924ko maiatzean —federazioa sortzeko atarian— zabaldu ziren oharretako batek. Eta deialdiak berealdiko arrakasta izan zuen: Euskal Herri osoko hainbat herritatik mendizale eta talde andana elkartu zen 1924ko maiatzaren 18an Elgetako plazan, Euskal Herriko Mendi Federazioa sortzeko —izatez, gaztelaniazko izenarekin sortu zen: Federacion Vasco Navarra de Montaña—. Ez ziren urte errazak: 1923ko irailetik indarrean zen Primo de Riveraren diktadura, eta mugimendu sozial eta politikoak arau eta muga zorrotz samarrak bete beharrean ziren. Alabaina, muga horien guztien gainetik, mendearen hasieratik, bultzada geldiezina zekarren euskal mendizaletasunak, eta biharko egunez, duela ehun urte, hezurdura bat, gorputz bat hartu zuen, federazioa sortuta.

Antxon Bandres Azkue (Tolosa, Gipuzkoa, 1874-1966) izan zen federazioaren bultzatzaile nagusia eta arima. Hogei urte zituela joan zen Bandres Bilbora bizitzera, eta Bizkaiko hiriburuan hasi zen, Club Deportivo Bilbao taldearen altzoan, bere ideia aurrerakoiak bultzatzen: naturismoa, kirolaren, naturaren eta gorputzaren gurtza... Eibarren, Donostian, Basaurin, Iruñean... batean eta bestean ere mendiko sekzioak sortzen hasi ziren kirol elkarteetan, eta, pixkanaka, arestian aipatutako bultzada hori geldiezina bilakatu zen. Mendi arteko herri txiki hau, menditarra zen artean, mendia halabeharra eta lanlekua zen, baina pixkanaka, mendizale bihurtu zen. Hala, duela mende bete pasatxo, errotu egin ziren egungo mendizaletasunaren zuztarrak.

«Gaur-gaurkoz, autonomia erkidegoen egitura politikoak ez digu aukerarik ematen bi federazioak batzeko, eta, horregatik, Euskal Herriko Mendi Biltzarra sortzea erabaki dugu bi federazioek eta Iparraldeko mendi taldeek, aurrerantzean bidea elkarrekin egiten jarraitzeko».

ZIGOR EGIAEuskal Mendizale Federazioko presidentea

Elgetako kaskoa aukeratu zuten euskal mendizaletasunaren magal, lurraldetasun aldetik bidegurutze izanik, Euskal Herri osoko taldeen topagune. Deialdiarekin 70 bat taldek eta elkartek egin zuten bat: Bizkaiko 29k, Gipuzkoako 22k, Nafarroako hiruk, Arabako bik eta Bartzelonako batek (El Solar Vasco Navarro). Hala, 1924ko ekainerako, 2.635 bazkide zituen federazioak. Gaur egun, ia 55.000 dira Hego Euskal Herrian mendian federatutakoak.

Euskal Herriko Mendi Biltzarra

Bihar, mende bat geroago, berriro ere «denok Elgetara!» joateko deia egin dute bi federazioek. Eta bihar, berriro ere, bi federazioek, mendi taldeek —Iparraldekoek ere bai— eta ehunka lagunek bat egingo dute Mendizaleen plazan, hala baitu izena Elgetako plazak. Mendeurrenarekin, gainera, duela ehun urte batera sortu zirenek eskutik jarraitzeko borondatea agertuko dute, eta Euskal Herriko Mendi Biltzarra aurkeztuko dute, bi federazioak batuko dituen organoa, aurrerantzean hainbat ekitaldi, proba eta txapelketa elkarrekin antolatzeko eta batasun horri eusteko. «Gure zuzendaritzaren apustua beti izan da lurralde bakoitzeko hiru federazioen arteko harremana indartzea eta Nafarrokoarekin betidanik izan den lotura berreskuratzea. Elkarrekin jaio ginen, elkarrekin urte gehiago egin ditugu bananduta baino, eta beti uste izan dugu eskutik jarraitu behar dugula. Gaur-gaurkoz, autonomia erkidegoen egitura politikoak ez digu aukerarik ematen bi federazioak batzeko, eta, horregatik, Euskal Herriko Mendi Biltzarra sortzea erabaki dugu bi federazioek eta Iparraldeko mendi taldeek, aurrerantzean bidea elkarrekin egiten jarraitzeko», jakinarazi du Zigor Egiak, Euskal Mendizale Federazioko (EMF) presidenteak.

Zigor Egia eta Martin Montañes, EMFko eta Nafarroako Federazioko presidenteak
Zigor Egia eta Martin Montañes, EMFko eta Nafarroako Federazioko presidenteak, Euskal Herriko erdigune geografikoan.

Martin Montañes Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeko (MEKNF) presidentea ere bat dator batasun gogo horrekin: «Sorreratik, 66 urtez eskutik joan eta gero, autonomien estatuak federazio bakoitza bere aldetik joatera behartu gintuen, baina, gutxi-asko, beti eutsi diogu erlazioari, eta orain sendotu egingo dugu, Mendi Biltzarraren egiturarekin. Orain eduki juridikoz hornitzen ari gara organoa, eta, prest dagoenean, sinatu eta martxan jarriko dugu. Bi federazioek erabateko konpromisoa dute elkarrekin lanean jarraitzeko; besteak beste, kirol jarduerak elkarrekin egiteko».

Aurrerantzean, Euskal Herriko Mendi Biltzar horrek antolatuko ditu, besteak beste, Besaideko Oroitzapen Eguna, Euskal Herriaren erdigune geografikora egiten den martxa, Euskal Herriko Mendi Ibilaldien Zirkuitua, Euskal Herriko ultratrail eta lineako mendi lasterketen Kopa, Euskal Herriko mendiko eskiko txapelketa eta kopa, Euskal Herriko eskalada txapelketa eta kopa... «Nolanahi dela ere, mendizaletasunari bizirik eusten diotenak ez dira hango eta hemengo lasterketak, ekitaldiak eta probak; horiek joan-etorrikoak dira, gaur badaude baina bihar agian ez. Mendi taldeak, elkarte batean eta bestean musu truk han eta hemen lanean dabilen jende hori guztia da mendizaletasunari eusten diona, ehun urtez honaino ekarri gaituena», nabarmendu dute Egiak eta Montañesek.

«Sorreratik, 66 urtez eskutik joan eta gero, autonomien estatuak federazio bakoitza bere aldetik joatera behartu gintuen, baina beti eutsi diogu erlazioari, eta orain sendotu egingo dugu. Bi federazioek konpromiso estua dute elkarrekin lanean jarraitzeko».

MARTIN MONTAÑESNafarroako Mendi Federazioko presidentea

Mendi Biltzar horren aurkezpenaz gain, beste hainbat ekitaldi gogoangarri izango dira bihar. Hasteko eta behin, Mendizaleen plazan, oroitzapenezko plaka bat inauguratuko dute Zigor Egiak eta Martin Montañesek, eta, ondoren, aurten 100 urte bete dituzten taldeei aitortza egingo zaie. Donostiako Fortuna, Basauriko Baskonia, Bilboko Club Alpino Bilbao eta CD Bilbao, eta Eibarko Klub Deportiboa dira talde horiek. Ekitaldi instituzionala etorriko da gero, eta bertan izango dira, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Iturriaga Nafarroako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Rafa Valdivielso Baionako Auñamendi mendi elkartearen sortzailea eta Errobert Larrandaburu alpinista eta mendizale zuberotarra.

Federazioko presidente izandakoei ere egingo zaie aitortza, eta bertan izango dira, besteak beste, Txomin Uriarte, Alvaro Arregi, Arantza Jausoro, Joseba Ugalde, Joserra Alonso, Marijo Lasa —Antxon Bandresen alarguna—, Idoia Iriondo —Pako Iriondoren alaba—, Cari Velez, Joan Mari Feliu, eta Txema Iriarte. Gailurretan izan gaitun erakusketaren bisita gidatua ere izango da Espaloia kafe antzokian, eta, amaitzeko, herri bazkaria.

egitaraua

  • 10:00. Oroitzapenezko plakaren aurkezpena.
  • 10:15. EMFko eta MEKNFko presidenteen esku hartzea.
  • 10:20. Aurten 100 urte bete dituzten mendi taldeen aitortza.
  • 10:45. Ekitaldi instituzionala Euskal Herriko ordezkari politikoekin.
  • 11:00. Mendi Federazioko presidente ohien aitortza.
  • 11:30. Euskal Herriko Mendi Biltzarraren aurkezpena —bi federazioak eta Iparraldeko taldeak batuko dituen organoa—.
  • Ibon Unzetabarrenetxea Elgetako alkatearen agurra eta itxiera.

  • Gailurretan izan gaitun erakusketaren bisita Espaloia kafe antzokian.

  • 14:30. Herri bazkaria eta musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.