Denboraldi bat, bi kirol

Gero eta gehiago dira mendiko eskia edo iraupen eskia eta mendi lasterketak uztartzen dituzten kirolariak, bai fisikoki, bai egutegian, elkar osatzen duten kirolak baitira. Haietako batzuen iritziak bildu ditu BERRIAk.

Bi eskiatzaile, maldan gora, Open Altitoy iraupen eskiko proba ospetsuan. JORGE GARCIA DIHINX.
Unai Ugartemendia.
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Mendiko eskia eta mendi lasterketak. Udazkenean eta neguan bata. Udaberrian eta udan bestea. Gorputz guztiko giharrak lantzen dira mendiko eskian, baina korrika egitean lurrari ematen zaion kolperik gabe. Eta, beraz, giltzadurak, lotailuak eta giharrak hainbeste zigortu gabe.

Mendiko eskia eta mendi lasterketak. Biak mendian, biak osagarri. Kirolari asko ari dira batean edo bestean. Gero eta gehiago batean eta bestean. Mendi korrikalari askok baliatzen dute mendiko eskia edo iraupen eskia denboraldi-aurreko kirol gisa; baita alderantziz ere. Gehienek kirol bat izaten dute oinarri eta bestea osagarri.

Kilian Jornet efektuak ere badu eragina. Mendiko eskiatzaile eta korrikalari kataluniarrak urteak daramatza biak uztartzen, emaitza ikusgarriekin bi jardueretan. Apiriletik azarora, mendian korrika ibiltzeko oinetakoak izaten ditu bidelagun; azarotik apirilera, berriz, eskiak. Bietan izan da munduko txapeldun. Eta Jornet ispilu da kirolari askorentzat.

Hona hemen mendiko lasterketak eta mendiko eskia edo iraupen eskia uztartzen dituzten Euskal Herriko zenbait kirolari.

1. Zertan aritzen zara gusturago, eskiatzen ala korrika?

2. Zer falta zaizu eskiatzen ari zarenean?

3. Eta korrika aritzen zarenean?

4. Zer asmo dituzu aurten?

5. Nola antolatzen duzu denboraldia?

6. Zuretzat zein da kirol osoagoa?

7. Bietakoren bat aukeratu beharko bazenu?

8. Zer da kirol bakoitzetik gehien gustatzen zaizuna?

JAVI DOMINGUEZ Mendi korrikalaria eta eskiatzailea

«Eskia dinamikoagoa da, aldakorra... Paisaiak ere politagoak dira»

Gehienek mendi lasterketengatik ezagutzen duten arren —Ehunmilietako irabazlea 2014an, hirugarren UTMB Mont Blanceko Ultratrailean urte berean—, mendiko eskian ere asko aritzen da Javi Dominguez (Gasteiz, 1974). Bietan proba luzeetan ibiltzen da. Iaz lesioek ez zuten bakean utzi. Aurtengo gogotsu dago.

1

Eskiekin gusturago, horrek errepidetik urrun egoteko aukera ematen didalako.

2

Korrika ibiltzeak duen erosotasuna. Eskiatzeko, material asko behar da, nahiz eta guztia oso beharrezkoa den.

3

Egia esan, ez dut ezer faltan izaten.

4

Mendiko eskian, Pirinioetatik gertu jokatzen diren lasterketa ezberdinak eta Alpeetan jokatzen den Tour du Rutor lasterketa; korrika, berriz, Transgrancanaria, Lavaredo, UTMB eta Diagonal des Fous.

5

Denboraldi hasieran helburu batzuk izaten ditut, eta horietara ondo iristeko beste lasterketa batzuk gehitzen dizkiot egutegiari.

6

Eskia esango nuke. Dinamikoagoa da, aldakorra, lesionatzeko aukera gutxiago… bertan izan litezkeen istripuak kontuan hartu gabe. Paisaiak ere politagoak iruditzen zaizkit.

7

Korrika egitea, bere erosotasunagatik. Edozein lekutan ibil zaitezke eta edozein egoeratan, gainera. Oso kirol segurua da.

8

Eskiaren kasuan, mendian, egoera basatienean zaudelako sentsazioa; korrika, aldiz, bere sinpletasuna.

UXUE FRAILE Mendi korrikalaria eta eskiatzailea

«Eskia denbora-pasa modukoa da;hala ere, mesede egiten dit burua argitzeko»

Iazkoa inoizko denboraldirik onena izan zen Uxue Frailerentzat (Donostia, 1974). Mendiko eskian, Altitoy irabazi zuen, Amets Maiztegirekin bikotea osatuz. Gero, korrika, bigarren izan zen Mont Blanceko ultratrailean (UTMB) eta Fuji mendikoan. Kirolari petoa da, eskarmentu handiko korrikalaria.

1

Agian eskiatzen, presio gutxiago sentitzen dudalako.

2

Ezer ez. Eskiatu, asteburuetan eskiatzen dut, eta ez naizenez espezialista bat...

3

Elurra gehienbat. Eskiatzen ere asko gozatzen dut, baina osagarri moduan erabiltzen dut.

4

Eskian ezer gutxi. Gertuko probak egingo ditut eta, ahal badut, Tour du Rutor egitea ere gustatuko litzaidake. Korrika, berriz, ikusteko dago denboraldia: Transgrancanaria eta UTMB egingo ditut. Beste zerbait ere egingo dut, baina zehazteke daukat.

5

Nire egutegia korrika egiteko prestatzen dut. Bestalde, egia da elurra egiten duenean mendira joan eta eskiatzeko probesten dudala. Mendiko eskia osagarria da mendi lasterketetarako.

6

Ez nuke jakingo bat esaten. Biak osoak iruditzen zaizkit; bietarako behar dira dohainak, eta horregatik dira hain osagarriak.

7

Mendian korrika egitea, dudarik gabe. Beti bili naiz korrika; eskia, ordea, gurasoek erakutsitako denbora-pasa modukoa izan da. Hala ere, eskiatzeak mesede egiten dit burua argitzeko.

8

Eskian, jarduera ezberdinak egiteko aukera izatea. Agian alpinoagoa da mendiko lasterketak baino. Korrikan, berriz, eguraldiak ez duela hainbeste baldintzatzen.

NAHIA QUINCOCES Mendi korrikalaria eta eskiatzailea

«Natura bera gustatzen zait gehien. Libresentitzen naiz gizakiok moldatu ez ditugunparajeetan ibiltzean»

2014. urtea oparoa izan zuen Nahia Quincocesek (Mendexa, Bizkaia, 1983): Altitoy irabazi zuen mendiko eskian, eta hirugarren izan zen Munduko Kopan distantzia luzean. Korrika ere goi mailan ibiltzen da, lasterketa bertikaletan batik bat. Aurreko urteetako lorpenak gainditzeko asmoz bete-betean ari da lanean.

1

Eskiatzen, zalantzarik gabe.

2

Eskiatzen gauza gutxi izaten dut faltan. Egia da mendia elurtuta dagoenean ezin dela leku guztietara iritsi zailtasunengatik edo arriskuagatik, eta mugatuago gaude.

3

Elurretan irristatzea izaten dut faltan, batez ere jaisteko garaian. Tontor batera korrika iristean askotan pentsatzen dut. Eskiak banitu ez nuke denborarik galduko.

4

Orain mendiko eski denboraldian nabil buru-belarri: bi txapelketa izan ditugu, eta hurrengo bi-hiru hilabeteetan ia astebururo daukat baten bat, Pirinioetan edo Alpeetan. Eski denboraldia amaitutakoan pentsatuko dut korrikako zein proba egin. Aurreko urtean nahiko nekatua bukatu nuen; korrikako denboraldia prestatzeko astirik ez nuen izan, eta, azkenenen, lasterketa gutxi egin nituen.

5

Udan, mendian eta bizikletan ibiltzen naiz, baina entrenamendu zehatzik gabe; udazkenean, rollerskian entrenatzen naiz; azaroan, Alpeetako lehen elurteekin, hara joaten ahalegintzen naiz, denboraldi-aurrean ahalik eta gehien eskiatzeko; eta, behin denboraldia hasita, asteburu gehienetan lasterketak ditudanez, aste barruan atseden hartzen dut, eta entrenamendu laburrak egiten ditut.

6

Eskia, eta, gainera, lesionatzeko arrisku gutxiago dago. Kontrakoa dirudien arren, korrika gehiago lesionatzen gara, gainkargak, uzkurdurak, zaintiratuak…

7

Mendiko eskia.

8

Eskia oso dibertigarria da, eta norberak igotako mendia irristatzen jaistea itzela da! Baina bietan gehien gustatzen zaidana natura bera da. Libre sentitzen naiz gizakiok moldatu ez ditugun parajeetan ibiltzean.

IMANOL ROJO Mendi eskiatzailea eta korrikalaria

«Kirol hauetan ez dasorpresa handirik izaten: lan egiten duenaaurrean egoten da»

Iraupen eskian, 2014ko Sotxiko Jokoetan aritu zen Imanol Rojo (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Udan, berriz, etxe ondoko mendietan korrika ibiltzeko aukera baliatzen du. Igoeretan oso ondo moldatzen da. Denboraldiaren erdian harrapatu dugu buru-belarri. Ez du helburu faltarik.

1

Bost urterekin hasi nintzen eskiatzen, eta eskiekin askoz ere gehiago gozatzen dut korrika baino. Korrika udako gauza bat izaten da, negura begira, sasoian egoten jarraitzeko, baina beste filosofia batekin.

2

Lagunak eta familia, normalean neguan oso gutxi egoten bainaiz etxean.

3

Ezer ez. Korrika egiteko aukera dut etxean nagoenean, eta edozein lekutan egiteko aukera izaten dut

4

Gustatuko litzaidake iraupen eskiko lasterketa luzeko Munduko Kopan lehenengo hamarretan sartzea; distantzia ertainean, berriz, otsailean lehenengo hogeita hamarrenetan sartzea, martxoa hasieran lehen hamarretan eta, Europako Kopan, bost lehenengoetan. Espainiako txapeldun izatea ere gustatuko litzaidake.

5

Maiatzetik irailera, hilean behin astebeteko kontzentrazioak egiten ditugu, lehorrean: korrika, bizikleta, rollerskia, mendian korrika, gimnasioa... denboraldiari begira oinarri sendo bat izateko. Irailetik aurrera eskiatzen hasten gara Austriako eta Italiako glaziarretan, 3.000 metro ingurura. Azaro erditik martxoaren erdira lasterketak izaten ditugu.

6

Iraupen eskia, dudarik gabe. Gorputz guztia lantzeko aukera ematen duelako: besoak, hankak, abdominalak, motorra... Kirol gogorrenetarikoa da. Faktore asko hartu behar dira kontuan kirol honetan lehiatzeko.

7

Iraupen eskiak maitemindu nau eta, olinpiar jokoetara joan eta gero, askoz ere gehiago. Giro paregabea dago lasterketetan, eta kirol honetan beti dago zer hobetua. Horrek ere lotzen zaitu.

8

Biak erresistentzia kirolak direla eta ingurumenarekin harremanetan zaudela beti. Kirol hauetan ez da sorpresa handirik izaten: lan egiten duena aurrean egoten da. Eskian agian gutxiago, materiala oso garrantzitsua izaten baita.

IÑIGO LARIZ Mendi eskiatzailea eta korrikalaria

«Ez da gozoa izatenastebururo elurrarenbila ibiltzea. Garaiangaraikoarekingeldituko naiz»

Iñigo Lariz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1983) ez da geldirik egoten den horietakoa. Mendi eskiatzailea izateaz gain, aurten euskal selekzioko hautatzailea ere izango da. Lasterketa zale amorratua. Korrika ere, Espainiako Txapeldun izandakoa da kilometro bertikaletan. Igotzaile aparta da.

1

Bietan aritzen naiz gustura. Sasoi bakoitzari dagokiona, baina bat aukeratu beharko banu, eskia aukeratuko nuke. Elurrak badu xarma berezi bat, kirol hau oso estetiko eta erakargarri egiten duena.

2

Eskiatzeko garaian, elurra bera izaten dut faltan, berezia eta ederra izaten da etxeko mendietan eskiatzea. Tamalez, gutxitan izaten dugu horretarako aukera, eta Pirinioetara edo elurra dagoen beste mendikateetara mugitu behar izaten dugu. Denboraldi amaierarako astuna izaten da.

3

Eskiatzeak jaitsieretan eskaintzen dituen sentsazioak. Elurraren egoera egokia bada, oso bizkor galtzen dira metroak, eta elur hautsa dagoenean izugarrizko gozatua da bertatik eskien gainean irristatzea.

4

Orain arte bezala, Euskadiko txapelketak lehiatzea izango da helburu nagusia, eta Espainiako Kopako lasterketetan txukun aritzea.

5

Funtsean, bi denboralditan banatzen dut denboraldia: azaroan hasi eta martxoa bukatu arte, eskiko denboraldian zentratzen naiz, eta garai horretan, txapelketek urtarrilaren erdialdetik martxoaren bukaerara irauten dute; gero, atsedenaldi labur bat hartzen saiatzen naiz, mendiko lasterketen denboraldiari ekin aurretik. Mendiko eskiko denboraldiak korrikako denboraldia prestatzeko balio dit, eta alderantziz.

6

Agian eskia aukeratuko nuke. Alde batetik, gaitasun fisikoei dagokienez, korrikak dituen antzeko eskakizunak dituelako; baina, bestetik, alderdi teknikoan, elurretan irristatzeak dakarren zailtasuna gehitu behar zaio. Gainera, eskian, hainbat probatan parte hartzen dugu: besteak beste, hiru minutuko lasterketa izugarri tekniko eta esplosiboetan [sprint modalitate berriko probak] eta zenbait etapatako iraupen luzekoetan.

7

Zaila da bietakoren bat aukeratzea, urte osoan korrika bakarrik egin beharko banu, gehiegi aspertuko nintzatekeelako; baina, bestetik, ez da gozoa izaten astebururo elurraren bila ibiltzea. Garaian garaikoarekin geldituko naiz: neguan, eskia, eta besteetan, korrika.

8

Eskiatzean gehien gustatzen zaidana elurraren gainean eskiekin irristatzeak sorrarazten didan zirrara eta emozioa da. Neguaren gordintasunak zurituriko mendietan aukeratutako bidetik igo eta ondoren jaistean sentitzen dena berezia da. Mendian korrika egiteak, berriz, etxetik oinetakoekin irteteak duen erosotasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.