Munduko txapeldun, bi aldiz Zegama-Aizkorriko irabazle eta Munduko Kopako lasterketa askotan parte hartutakoa da Oihana Kortazar (Elgeta, Gipuzkoa, 1984). Azken urteetan izandako arazo fisikoak albo batera utzi, eta berriro ere onenekin lehian ibiltzeko irrikan da. Viveiroko (Galizia) Camovi maratoia irabazi du, eta marka berria jarri du asteburuan. Bide onetik doa.
Nola doa denboraldia?
Ondo, espero bezala. Ez nuen gehiegi lotu. Abuztura artekoa nahiko zehaztuta daukat, baina handik aurrerakoa ez dut batere ziur. Gonbidapenen, jendearen aholkuen eta gogoaren arabera mugituko naiz batetik bestera.
Azken hilabete eta erdian ia asteburuero lehiatu zara.
Martxoan hasi nintzen lasterketetan, eta, geroztik, bi asteburutik behin lehiatu naiz. Lasterketa gehienak test modukoak dira niretzat: aste barruan entrenatzeko denbora gutxi dudanez, asteburuetan denbora gehiagoz entrenatzeko aitzakia, alegia. Iaz ere horrela ibili nintzen, eta gustura amaitu nuen. Lasterketen bidez motibazioa handitu zitzaidan iaz, eta aurten ere bide berean noa.
Gustura al zaude emaitzekin?
Bai. Egia da, gaur egun, eta dagoen lasterketa kopuruarekin, ezin izan naizela asko lehiatu Euskal Herrian punta-puntan dabiltzan neskekin. Haien ondoan zein mailatan nagoen ikustea falta zait; baina orain artean lasterketetan egin ditudan denborak kontuan hartuta, konforme eta pozik nago. Bide onetik noala uste dut.
Duela bost edo sei urteko mailan zaude?
Ez, horrenbeste ez. Hala ere, adibide gisa, nire markarik onena lortu nuen duela hiru aste Berako lasterketan [Nafarroa]. Denak emanda joan nintzen, eta horixe gustatzen zait niri gehien. Ez nuen irabazi, baina oso pozik amaitu nuen. Ainhoa Sanzek izugarrizko denbora egin zuen, eta horrelakoetan zoriontzea besterik ez da gelditzen. Denborak esango du lehengo mailara itzuliko naizen edo ez; baina, horretarako, munduko onenekin lehiatzea besterik ez dago. Izango da denbora hori ikusteko; Zegama-Aizkorrin, esaterako.
Azkenaldian oso gustura zabiltza, baina azken urteak oso gogorrak izan dira.
Bai. Lesio batengatik ia bi urte joan zitzaizkidan 2016ko abuztutik 2018ko apirilera. Traumatologoak lehen bisitan jada esan zidan sei hilabetetik bi urtera arteko lesioa izan zitekeela, eta hala izan zen. Ezin nuen korrika egin, baina, hala ere, ez dut gogoan oso gaizki igarotako egun asko izan zirenik. Beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu dut; nahi gabe ondo etorri zait.
Etxekoek ere eskertuko zuten.
Bai [barrezka]. Umeekin denbora asko pasatu nuen bi urte horietan, eta asteburuetan beste gauza batzuk egiteko aprobetxatzen genuen. Horregatik kostatzen zait hainbeste orain asteburuetan entrenatzera joatea! Askotan pentsatu dut horrelako lesio asko seinaleak izaten direla, gelditu beharraren seinalea-edo.
Noiz hasi zen mina?
2016ko abuztuan, Valle de Tena lasterketan [Aragoi, Espainia]. Orkatila bihurritu nuen, beste askotan bezala. Lasterketa aurrera zihoan neurrian, min handia sentitu nuen oin guztian, ez orkatilean bakarrik. Arraroa izan zen. Ikaragarri sufritu nuen bukatzeko. Bi astera beste lasterketa bat egin nuen, eta amaitzea lortu nuen. Handik gutxira, irailean-edo, lesioa agertu zen erresonantzia batean: esan zidaten edema bat sortu zitzaidala maleoloan. Tratamendua hasi nuen. Lehenak ez zidan batere onik egin. Beste batzuk ere probatu nituen, baina ez zen osatzen. Konturatzerako, zortzi hilabete pasatu ziren. Tartean, bazirudien hobetzen zihoala, lasterketa pare bat ere egin nituen, baina berriro ere minez hasten nintzen. Orduan erabaki nuen Zegaman ez ateratzea. Denbora luze batean oinari atseden ematea erabakia nuen.
2017ko Zegama-Aizkorriri uko egitea kolpe gogorra izan al zen?
Bai, baina ez zuen zentzurik hara joateak. Hara ezin zara erdipurdi joan.
Ia bi urteren ostean, berriro ere itzuli zinen iaz.
Azkeneko erresonantzia egin eta gero, esan zidaten oraindik ere edema pixka bat nuela, baina korrika hastea gomendatu zidaten. Askotan ez omen dute zerikusirik edemak eta minak, eta berriro ere hasi nintzen. Orkatila indartzeko gomendatu zidaten. Mutrikuko futbol zelaian hasi nintzen korrika, itzuliak ematen. 2018ko martxoan bueltatu nintzen mendira.
Geldirik egon zinen denboran, askotan pentsatu zenuen dena amaitu zela?
Dena amaitu zela ez, baina bai ea egunen batean berriro ere eliteko korrikalari izatera iritsiko naizen. Niretzat ispilu ona da Nerea Amilibia. Korrikako bizipoza da bera. Maila jaitsi duen arren, oraindik hor jarraitzen du lasterketetan.
Ama izan eta gero, gauzak asko aldatu al zaizkizu?
Bai, antolaketa handiagoa eskatzen du, baina egin daitekeela iruditzen zait. Ohituta nago 06:00etan entrenatzera, eta nahiz eta askok erotuta nagoela esan, oraindik ere entrenatzera joateko gogoz jarraitzen dut.
Zure erronka nagusia berriro ere eliteko emakumeekin lehiatzea izango da?
Bai, eta horretan saiatuko naiz. Espero dut berriro ere Munduko Kopan lehiatzea. Gaztea naiz oraindik, eta badakit denbora badudala. Aurreko astean, esaterako, Elisa Desco italiarra zoriondu nuen, Japonian Munduko Kopako proba irabazi eta gero. Berak ere bi ume ditu, eta berriro ere lehiatzen hasi da, oso indartsu. Ispilu onak dira beste guztiontzat. Berriro ere onenekin lehiatzeko baliabideak baditut, familiaren laguntzari esker.
Azken urteetan Salomon etxearen babesean ibili zara korrika. Orain nola zaude?
Ez nago Salomonen nazioarteko talde ofizialean, enbaxadore moduan baizik. Lehen, Munduko Kopara joateko bidaiak ordaintzen zizkidaten; orain, ez. Arropa bakarrik ematen digute; beste guztia geuk ordaindu behar izaten dugu.
Haien babesa izan al duzu geldirik egon zaren denboran?
Alde handia nabaritu dut, bai. Edozer gauza behar izan dudanean, ez didate ezezkorik esan, baina sumatzen nuen deitzen zidaten bakoitzean zera galdetzen zidatela: «Noiz hasiko zara berriro?». Horrek asko estutzen ninduen. Alde batetik, hobea izan da enbaxadore moduan jarraitzea.
Gaur egun badirudi korrikalari ona izateaz gain sare sozialetan ere azaldu behar dela: alegia, saltzen jakin behar dela. Zuei ere hori eskatzen dizuete?
Bai, eta agian hori da haiek nahi duten moduan betetzen ez dudan gauzetako bat. Egia da inoiz ez didatela aurpegiratu, baina gaur egun helburuetako bat hori da: urtetik urtera jarraitzaile gehiago izatea sare sozialetan. Lehen, taldean egiten genituen egonaldietan beti izaten genuen bileraren bat gai horren inguruan, helburuak ere jartzen zizkiguten, eta horren arabera jasotzen genituen gainsariak. Alde horretatik, nahiko zorrotzak dira.
Zaila egiten al zaizu eskaera horiek betetzea?
Askotan bai. Lasterketetako gauzak direnean, hor nonbait, baina zerbait jartzeagatik jarri behar horrek ez nau betetzen; askotan barregarria ere iruditzen zait nik ipintzea.
Zegama-Aizkorri duzu lasterketa kutuna. Ilusio berezia egiten al dizu berriro ere itzultzeak?
Bai. Berriro ere euskal zaleekin biltzearen modukoa litzateke. Nire ondokoei ere ilusio berezia egiten die Zegamak. Aitak, aurreko batean, txantxetan, horrela bota zidan: «Aurten ez bazara podiumean sartzen, oinez sartuko zara etxera!». Parte hartu ez dudan urteetan beti egon izan naiz bertan. Lasterketa berezia da.
Aurtengo helburua hori izango al da, berriro ere Zegaman aurrean ibiltzea?
Zalantzarik gabe. Gaur egun lasterketa guztiek egiten didate ilusioa, baina denoi gustatzen zaigu bertan egotea, Zegamak duen oihartzunarengatik. Jende gehiago izaten dugu begira, eta horrek ere gehiago behartzen gaitu.
Zerekin konformatuko zinateke itzuleran?
Ez nuke etxera oinez itzuli nahi [barrezka]. Podiumean sartzea gauza handia izango litzateke.
Askotan amestu al duzu berriro ere irabaztea?
Askotan. Hala ere, aurten oharkabean pasatu nahiko nuke. Aurreko egunetan eta irteeran lasaiago egotea... Hala ere, nik neuk estutzen dut gehien neure burua.
Etorkizunean gustatuko al litzaizuke ultra distantzietan lehiatzea?
Leitzako [Nafarroa] Euskal Herria Mendi Erronka egin nuen 2016an [67 kilometro, +3.600 metro]. Hala ere, ultra bat izateko ez zen hain luzea. Ez dut neure burua UTMBren moduko proba batean ikusten [168 kilometro], baina motzagoren batean bai. Buruak lan handia egiten du horrelako probetan, eta badakit askotan ernegatuko nintzatekeela. Lasterketak baino gehiago, askotan ultrak erronka pertsonalak dira, eta hori zer den bizitzea gustatuko litzaidake.
Zein egutegi izango duzu hurrengo hilabeteetan?
Maiatzean Euskal Herriko lasterketa batzuk egingo ditut, oraindik zehaztu ez baditut ere; ekainean Zegama-Aizkorri eta Arnoko [Mutriku, Gipuzkoa] mendi lasterketa; eta uztailean Zumaiako Flysch Trail [Gipuzkoa] eta Les Gabizos [Okzitania]. Gustatuko litzaidake berriz ere Herradura de Campoo ere egitea [Kantabria, Espainia]. Abuztutik aurrerakoak ez ditut begiratu ere egin.
Oihana Kortazar. Mendi korrikalaria
«Denborak esango du lehengo mailara itzuliko naizen edo ez»
Mendi lasterketen munduko eliteko kide zen, baina, lesio batengatik, ia bi urtean ez du korrika egin; aurten, ordea, bueltatu da: mendi lasterketetara, garaipenetara eta markak jartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu