Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo mendizaleak prest azaldu dira Alberto Zerainen eta Mariano Galvanen bilaketan laguntzeko. Koordinazio lanetan parte hartuko lukete. Hirurak Himalaian dira ekainaren 6tik, Gasherbrum I (8.080 metro) eta Gasherbrum II (8.034 metro) mendiak jarraian kateatzeko asmoz. Hala, Nanga Parbatetik (8.126 metro) gertu egonda, hara bertaratu eta bilaketa taldeei laguntzeko moduan daude. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ere babesa azaldu diote Zerainen familiari, eta behar dituzten izapide administratiboekin laguntza eskaini diote. Espainiako enbaxadari presioa egiteko eskatu die familiak erakundeei, izapide horiek arintzeko.
Eguraldia ari da baldintzatzen bi mendizaleen bilaketa lanak. Atzo ere helikopteroa ezin izan zen irten. Elurrak bilatzeko lanak zapuztu zituen. Hogei bat metroko elur geruza zegoen beheko kanpaleku inguruan, eta ezin izan zen hara inguratu.
Iragarpenen arabera, eguraldiak nabarmen egingo du hobera gaurtik aurrera, eta, hala izanez gero, berriz hasiko dira lanean erreskate taldeak. Zeregin horretan lagunduko lukete Iñurrategik, Zabalzak eta Vallejok. 200 bat kilometrora daude Nanga Parbatetik, eta ordu eta erdian bilaketa lanak abiatuko diren lekuan egongo lirateke: Skarduran (Pakistan). Hiru alpinistak garaierara egokituta daude, eta ondo ezagutzen dute ingurua.
Haien eskarmentua ezinbestekoa da, Zerainek eta Galvanek Nanga Parbat igotzeko aukeratako bidea zailena baita: Mazeno ertza. Behin bakarrik igo dira Nanga Parbateko tontorrera bide horretatik, eta orduan ere komunikazio arazo asko izan zituzten espedizio hartako kideek. Hala, mendizaleen gertukoak eta espedizioaren antolatzaileak baikor dira. Komunikatzeko gailuak huts egin izana espero dute.
Duela astebete galdu zen Zerainen eta Galvanen arrastoa. Orduan bidali zioten azken mezua igoera kudeatzen duen enpresari. Harrezkero, haien komunikatzeko gailua itzalita dago. Asteazkenean egin zuten haiek bilatzeko lehen saioa, baina hutsala izan zen. Helikopteroak hiru orduko bidaia egin zuen Nanga Parbat ingururaino, baina, hodei asko zegoenez, buelta eman behar izan zuen. Asteburuan egin asmo dutena bigarrena izango litzateke.
Denak laguntzeko prest
Zerainen bilaketan parte hartzeko moduan dira Iñurrategi, Zabalza eta Iñurrategi. Gaur giroa hobetu, eta beste ahalegin bat egitea espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu