Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Tasio Martin (Urduña, Bizkaia, 2000) eskalatzaileen Patagoniako egonaldiak epilogo ezustekoa eta zirraraz betea izan zuen, Fitz Roy mendian (Argentinako Patagonia) ez atzera ez aurrera geratu ziren hiru txiletarren erreskatea zela eta. Alabaina, epilogoaren aurreko bi hilabeteak eta kapituluak ere zirraragarriak izan ziren. Dardara beteko egunak.
Patagoniako kapituluen aitzinsolasa AEBetan idatzi zuten Martinek eta Mendiak, hilabete batzuk lehenago. Yosemite, Indian Creek eta abarretan «egundoko bidaia» egin zuten, beste hainbat lagun eta ezagunekin batera. Elkarren berri aspalditik izan arren, bidaia hartan ezagutu zuten elkar bi gazteek, eta sutondoko berriketa amesti haietan jakin zuten, nork bere aldetik, AEBetatik zuzenean Patagoniara joateko plana zuela. «Ni iaz egon nintzen, eta sekulako gogoa nuen bueltatzeko. Ibon, berriz, Patagonia ezagutzeko irrikan zegoen», azaldu du Tasio Martinek. Osatua zegoen sokaldia.
Abenduan hartu zuten lur Patagonian, eta aurrena Paineko dorreetara jo zuten, Txilera. «Painen, helburua zen lau dorreak eskalatzea, eta hala, zortzi bat egunetarako janariarekin abiatu ginen gora, eguraldi oneko bi tarte lotzeko asmoarekin», azaldu du Ibon Mendiak. Lehen tartea, ordea, erdipurdikoa izan zen, eta Peineta eta Ipar Dorrea eskalatu zituzten, «bide erraz samarretatik»: Peineta Via dell’Agordino bidetik, aldaera batzuekin, eta Ipar Dorrea Monzino bidetik. Haize oso zakarra eta eguraldi txarra zela eskalatu zuten Ipar Dorrea.

Hurrengo eguna denda barruan igaro zuten, oihalezko bizileku mendre haren hagatxoei eusten, haizea bazter guztiak txikitu beharrean. «Uste genuen hantxe airean eramango gintuela», oroitu dute, baina eutsi zioten nola edo hala. Barealdiaren esperantzan, erresistentziara kondenatuak. Hurrengo goizean, eguraldia artean ez zenez hain garbia, ipar dorrearen mendebaldeko aurpegira hurbildu ziren. Aurrez ikusiak zituzten behetik goraino zihoazen zenbait arrakala sistema, eta haietako batean gora probatzea erabaki zuten. «Pixka bat inprobisatua izan zen. Pare bat luze probatzeko asmoarekin sartu, eta azkenean behetik goraino zabaldu genuen bidea. Ezusteko atsegina izan zen», oroitu du Mendiak.
Granitozko horma hura behetik goraino zeharkatzen duen ebakiondo bertikala da bidea, berez. «Kalitate handikoa dela esango nuke, eta lekua bera eta hango giroa, ikaragarriak. Bide guztia garbi utzi genuen, gainera, ezer zulatu gabe», nabarmendu du Mendiak, bide bat zabaltzeak, zerbait sortzeak barnean eragiten duen dardara berezi hori ahotsean seinale duela. Erresistentziara kondenatuak (420 m, 7a) izena jarri zioten bideari.

Hurrengo egunean, jende andana igo zen bailaratik, benetako eguraldi oneko tartea izango zela iragarri baitzuten. Piztu egin zituen horrek bi gazteen gorputz itzaliak, eta biharamunean, Erdiko Dorrea eskalatu zuten, Bonington bide klasikotik. Patagonian eguraldia nekez goxatzen da, eta azkar okertu; ez dira alferrik galtzen uztekoak giro oneko tarteak. Egun baten buruan, Hego Dorrean ere egin zuten saiakera, baina blai eginda aurkitu zuten horma, eta beraiek ere soinean zafraldi latza zeramatenez, jaistea erabaki zuten. Lau dorreetatik hiru igota, «poz-pozik» alde egin zuten Painetik.
Menditik jaitsita, Puerto Natales herrian (Txile) ospatu zuten Urtezahar eguna, beste eskalatzaile pila batekin batera. Dardara egin zuten Red Point hostaleko hormek urtea agurtzeko jai hartan. Patagonian dena «intentsitate handiagoz» bizitzen da.
Dardara, Mermoz Orratzean
Txiletik Argentinara egin zuten gero, El Chalten herrira. Mendiko lehen sartu-irtenean, saio herabe bat egin zuten Poincenot Orratzean, baina Tasio anginek jota ondoezik sentitu zen, eta behera egin zuten berehala. Laguna sendatu arteko egun haietan Puerto Natalesera itzuli zen Mendia, han utzitako materialaren bila. «Gainera, Argentinan dena oso garesti dago, Suitzan bezala ia, eta hilabete pasatxorako janaria eta beharrezko guztia erosteko aprobetxatu nuen», azaldu du Mendiak.

Motxila beti gertu, eguraldi iragarpenen atezuan igarotzen zituzten egunak Martinek eta Mendiak. «Giro oneko tarteekin asmatzea; mendi eta aurpegi bakoitzean baldintzak nolakoak diren jakitea, zenbat elur eta zenbat izotz dagoen; motibazioari eustea… hori guztia konplikatua da», azaldu dute. Hala moduzko tarte bat iragarri zuten batean, Cerro Torre ondoko Egger Dorrera abiatu ziren. Marc-Andre’s vision (7b, WI3, M6, 1.000 m) eta Titanic bideak lotzea zen bien asmoa, batetik sartu eta gailurreko elur ondora bestetik atera. «14:00etan ekin genion eskaladari, arratsalde eta gau osoan etenik gabe aritu ginen, baina biharamun goizean, goiko luzeetako bat (7b) gainditzeko denbora dezente behar izan genuen, eta iragarpenak esaten zuenez eguraldiak txartzera egingo zuela, jaistea erabaki genuen. Gailurretik 7-8 luzera geratu ginen; pozik egindakoarekin», adierazi dute Mendiak eta Martinek.
Ondoko egunetan, eguraldi oneko tarte luze eta fidagarririk ez zetorrela ikusita, B plan batzuk aztertu zituzten. Halaxe jo zioten begia Mermoz orratzaren ekialdeko aurpegiari. Gidaliburuetako argazkiei erreparatuta ezin zuten sinetsi: nola pareta puska horretan hiru bide bakarrik daudela? «Horma erraldoia da Mermozeko ekialdekoa, Naranjo de Bulnesko mendebalaren adinakoa edo handiagoa. Hala, irudi haiek ikusita, pentsatu genuen aukera egon zitekeela bide politen bat zabaltzeko», jakinarazi du Martinek, eta «motibazioz gainezka», hara jo zuten.
Bi aste ziren elurra atergabe ari zuela, eta aurreikuspen handirik gabe joan ziren. Baina Patagoniak erakutsi zien aldian behin begi kliska egiten diela egiazko abentura bila doazenei. «Horma oso baldintza onetan zegoen. Urtarrilaren 19an, goizeko 03:00etan hasi ginen eskalatzeko oinetakoak jarri eta eskalatzen. Lehen hiruzpalau luzeak gauez egin genituen». Lehen lau luze haietan, gainera, aurrez handik norbait ibili izanaren arrastoak aurkitu zituzten. «Gerora jakin genuenez, argentinar batzuek saiakera egin zuten lerro berean, baina lehen lau luzeak bakarrik zabaldu zituzten. Beste sokaldi batek utzitako txapak eta buriladorea ere aurkitu genituen laugarren luzeko depositu batean, baina guk txaparik eta zulagailurik gabe igotzea erabaki genuen. ‘Zulatu gabe pasatzen bagara, ondo, eta bestela, bide hau ez da guretzat’ pentsatu genuen».

Argazkietan ikusia zuten goi-goian plaka leun samar zegoela eta ez zela erraza izango hura gainditzea. Hala egiaztatu zuen Tasio Martinek luze horretara iritsitakoan: «Plakak ez zuen arrakalarik, lauzak ziren, eta haietan jarritako babesak nahiko prekarioak. Esposizio handi samarreko luzea izan zen. Lauzei kolpeak eman eta sekulako dardara ateratzen zuten». Dardara beldurgarria.
Plakaren gaineko luzea Ibon Mendiari egokitu zitzaion, hura ere oso zaila. «Erdi librean erdi artifizialean eskalatu nuen. Ondoren, soka goitik zuela, Tasiok ia librean lortu zuen, baina ez genuen luze hori guztiz liberatzea lortu. 7b/+ eman genion, galdera ikurrarekin. Hortik gorako luzeak zertxobait errazagoak ziren, eta gozatu genuen. Gure ahalmenaren muga-mugako bidea izan zen», onartu du Mendiak.
Beheko lauza haietan baino dardara gozoago batek hartu zien barrua tontorrean. Reggae musikaren faltan, doinu zerutarra iruditu zitzaien Patagoniako haizearena. Aiaraldeko soinu sistema bateko kidea da Tasio Martin, eta bozgorailuen dorre handi batekin jaietan musika jartzen aritzen dira, reggae musika. Dardara du izena soinu sistemak. Ibon Mendiak, eskuzabal, bideari izen hori jartzea proposatu zion Tasiori. Lauza haietan pasatako ikara, Patagoniako mendiek sortzen duten lilura, bide bat zabaltzeak sortzen duen zirrara, bi adiskideren arteko bibrazioa… hori guztia da Dardara.

Fitz Royko ‘El Corazón’
Handik egun batzuetara, baitezpadako beste tarte batean, Poincenot Orratza eskalatu zuten Whillans-Cochrane bidetik. «Kranpoi eta pioletekin egin genuen, mistoan, elur baldintza onetan. Gero dena estali zen, baina ez zuten haizerik iragarri, eta ondo jaitsi ginen. Gogoa genuen horrelako bide alpino bat egiteko ere, ordura arte dena arrokan eta eskalatzeko oinetakoekin egin baikenuen», azaldu du Martinek.
Patagoniako egonaldiko azken saiakera —baina ez nolanahikoa— Fitz Royn egin zuten, El Corazón bide gogor eta entzutetsuan. Yosemiteko solasaldi haietatik biek buruan zuten asmoetako bat zen bide hori. Paso Superiorrera iritsi zirenean, eta Fitz Royren ekialdeko horma begiztatu zutenean, ordea, zera pentsatu zuten: «Akabo, hor ez dago zereginik». Horma zuriz tapizatuta eta arrakalak izotzez beteta zeuden. Izan zuten barne eztabaida, Fitz Royra bide samurrago batetik igo edo El Corazón igotzen saiatu, nahiz eta jakin ez zutela inolako aukerarik; eta, azkenean, bidea lehenetsi zuten. «Hori zen barrutik sua pizten ziguna. Bidea eta eskalada jarri genituen tontorraren aurretik. Hori askotan esaten da, baina gero erabakia hartzea ez da erraza», adierazi dute bi gazteek.

Arinago joateko, bota pare bat oinarrian uztea erabaki zuten. Hala, Tasiok sokaren buruan egin zituen mistoko lehen 10 luzeak, botekin, eta Ibonek arrokako luzeetan hartu zion txanda. «Luze haietan pioletarekin etengabe ibili behar nuen arrakaletako izotza garbitzen, baina hamazazpigarren bilgunera iritsi eta gero, arrakala fin batean izotz asko zegoen, eta ezin zen kendu pioletarekin. Hor ohartu ginen ez zuela zentzurik jarraitzeak, eta behera jaistea erabaki genuen. Penaz baina pozik aldi berean, mendia igotzeko baldintzak txarrak izan arren gai izan ginelako nahiko gora iristeko. Bidearekin maiteminduta jaitsi ginen», adierazi du Mendiak. Dardara hor ere.
Patagonian hainbat aldiz egin du estropezu Mendiak: «Oinez zoaz eta ezin duzu begirada kendu mendietatik. Harrapatu egiten zaitu. Lekua ikaragarri ederra da, eta oso adiktiboa. Etxera itzuli berritan jada hara bueltatzeko gogoz nago». Tasio Martinek ere beste hitz batzuekin sentipen bera adierazi du: «Bizitza benetan bizitzeak, gustuko ditugun gauzak egiteak, eskalatzeak eta horrelako uneak lagunekin batera bizitzeak barnean zerbait mugiarazten dizu, dardara moduko bat. Eta Patagoniako mendiek ere horixe sorrarazten dute».