Euskal Mendizale Federazioaren egutegiko azken ekitaldia izan zen larunbatean Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jokatu zen Euskal Herriko Boulder Txapelketa. Hiru aste lehenago jokatu zen Euskal Herriko Zailtasun Eskalada Txapelketan ez bezala, boulderreko txapelketan ohiko parte hartzaile kopurua egon zen: 77 eskalatzaile. Beti bezala, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen eta nagusien kategorietan banatu ziren parte hartzaileak txapel preziatua eskuratzeko asmoz. Esther Cruz eta Antton Zabala izan ziren txapeldunak nagusietan; Andrea de Goñi, Mikel Linazisoro, Garazi Platero, Mikel Inoriza, Itziar Zabala eta Julen Alonso, berriz, gazteen mailetan.
Txapelketa 11:00etan hasi zen, 16 eta 18 urtez azpikoen sailkapen saioarekin. Ordubete izan zuten gazteenek ekipatzaileek proposaturiko sei blokeak kateatzeko. Blokeak flash modura eskalatu zituzten; hots, eskalatzaileek beste lehiakideen saioak ikusteko aukera zuten. Lehia etengabea izan zen; arratsaldeko finalerako lekua nork irabaziko zuen jakiteko, nor gehiago aritu ziren. Ordubete izan zuten lana bukatu eta20 urtez azpikoei eta nagusiei txanda emateko. Ia 40 eskalatzailek eman zuten izena 16 eta 18 urtez azpikoen kategorian, boulder diziplinak Euskal Herrian duen etorkizun oparoaren erakusgarri.
Gazteenen ostean, 20 urtez azpikoen eta nagusien txanda iritsi zen. Joseba Saiz, Markel Mendieta eta Mikel Ziarrusta zendu berriaren hutsunea nabaritu zen arren, maila eta lehia handia izan zen. Finalera sei pertsona sailka zitezkeen, eta eskalatzaileek gogor estutu behar izan zuten gainontzeko eskalatzaileei gailendu eta finalera pasatzeko.
Arratsaldeko finaleko saioan, 16, 18 eta 20 urtez azpikoek flash moduan eskalatu zituzten blokeak berriro ere; nagusiek, ordea, bistaz; hortaz, ez zituzten gainontzeko lehiakideak eskalatzen ikusi, eta bost minutu izan zituzten ekipatzaileek proposaturiko blokeak egiteko, banan banan.
Emakumezkoetan, Esther Cruz zumaiarrak boulderreko txapelketatan indartsuena dela erakutsi zuen, bloke guztiak fineta aparteko esfortzurik gabe eginda. Irati Anda izan zen bigarren, eta Zuriñe Arrue hirugarren. Anda izan zen duela hiru aste jokatu zen zailtasun txapelketako garaile, baina ezin izan zion Cruzi aurre egin boulderreko diziplinan. Arruek gero eta indartsuago dagoela erakutsi zuen.
Gizonezkoetan, Antton Zabala gazte hernaniarrak garaiezin jarraitzen du. Txapelketei neurria hartua diela erakutsi zuen, eta oso kontzentratuta aritu zen jardunaldi osoan. Ander Mendieta eta Ander Lasagabaster arrasatearrek bete zuten podiuma. Aretxabaleta inguruko eskalatzaileek txapelketa osoan izan zuten babesa handia izan zen.
Urduritasuna nabaria zen finalisten artean. 16 urtez azpikoen mailan, Andrea de Goñi eta Mikel Linazisoro izan ziren garaileak. Linazisorok zailtasun eskalada txapelketa ere irabazi zuen duela hiru aste; horrela, erakutsi du indartsuena dela edozein diziplina dela ere. Nesketan, Jone Ugartemendia izan zen bigarren, eta Muriel Ruiz de Larramendi hirugarren; mutiletan, Gorka Ruiz eta Paul Gabilondo.
Lehia estua izan zen 18 urtez azpikoen mailan ere. Mikel Inoriza izan zen garailea mutiletan. Zailtasun eta boulderreko Euskal Herriko bi txapelketak irabazi ditu horrek ere, eta etorkizunean zeresana eman dezakeela erakutsi. Beñat Murua eta Josu Artetxek bete zituzten podiumeko beste bi koskak. Nesketan, Garazi Platerok irabazi zuen txapela, Nahiara Garmendia eta Miriam Mulasen aurretik. Lehenengo bi sailkatu nafarrek erakutsitako maila handia izan zen, Mulas garaitu baitzuten —zailtasuneko txapelduna—. 20 urtez azpikoetan, Itziar Zabala izan zen garaile berriro ere nesketan. Dimakoak ez zien aukerarik eman lehiakideei, eta indartsuena dela erakutsi zuen berriro ere. Gizonezkoetan, Julen Alonsok eskuratu zuen txapela, aurreko urteko txapeldun Jon Ferrero ondarroarrari irabazita. Ibai Isusik bete zuen podiumaren azken koska, merezita.
Jardunaldi osoan, giro paregabea egon zen kiroldegiaren txoko batean kokaturiko rokodromoan. Eskalada zaleek ez zuten diziplina horrek eskaini ohi duen ikuskizun paregabea galdu nahi izan, eta Ibarra kiroldegiko rokodromo ingurua azkar bete zen ikuslez. Parte hartzaile eta ikusleen arteko distantzia eskasak giro paregabea sortu zuen, animo eta txalo zaparrada ugari eraginez. Rokodromoaren estruktura koloretsuak angelu askotako panelak uztartzen ditu, eta Ion Gurutz Lazkoz, Gotzon Gardeazabal eta Sergio Maiztegi ekipatzaileek hainbat mota eta estilotako blokeak proposatu zituzten, oso lan txukuna eginda. Aukera handiak ematen ditu Aretxabaletako kiroldegiko rokodromoak; boulderra egiteko estruktura onenetarikoa da Euskal Herrian, eta ziur datozen urteetan ere boulder txapelketaren gotorleku izango dela.
Mendia. Euskadiko Boulder Txapelketa
Cruz eta Zabala txapeldun
Euskadiko Boulder Txapelketa Aretxabaletako kiroldegiko rokodromo berrian egin dute aurten77 eskalatzaile elkartu dira, garailearen txapela eskuratzeko helburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu