Felipe Uriarte
TASHI DELEK

Chomolungma

2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Khumbun dago munduko mendirik garaiena. Chomolungma du izena, eta gizakien jainkosa Miyo Lungsangma bertan bizi da. Erromes asko joan izan dira Tibeteko Rongbuk monasteriora, Miyo Lungsangmaren egoitza ikustera. Egun, mundu osoko pertsonak etortzen dira Khumbura, mendia hegoaldetik ikusteko. Miyo Lungsangma tigre gorri baten gainean ibiltzen da, eta ederra da oso».

Horrela deskribatzen zuen Chomolungma 1988an Ngawang Tenzing-ek, Thyangboche monasterioko Lamak. 1852an topografo britainiarrek Peak XV.a neurtu, eta 8.839 metro zituela ohartu zirenean munduko gailurrik garaiena deskubritu zuten. Everest izena jarri zioten, George Everest Indiako topografo buruaren omenez.

Esan zuten izena jartzean ez zekitela beste izen bat zuenik. Kolonizatzailearen argudio merkea. Mendi horren magalean bizi diren xerpek eta tibetarrek antzinatik ezagutzen zuten mendia, eta bi aldetako biztanleek Chomolungma esan izan diote.

Jakin dut euskal talde indartsu batek urratu gabe zegoen mendi eder baten lehenengo igoera lortu dutela. Txundigarria egin duten lana, era ezin garbiagoan bide berri zailak zabalduta.

Amaiur Peak izena jarri diote, euskaldunen erresistentziaren sinboloa gogoan. Aralarko Mailopeko artzainek zulo, erreka, malda, erpin guztiei izena jarri izan diote. Harrigarria da Shafat ibarreko artzainek halako orratz bati izenik ez ipintzea. Izan liteke. Eta hala balitz, ez zegoen inguruan artzain baten seme txiki eta bihurririk? Zer izen zuen? Eta Padum herriko azken auzoak ez zuen izenik? Uztailean iritsi zirenez gailurrera, ladakheraz Dawa Tupka, zergatik ez Dawa Tupka Ri?

Hainbat aukera hango hizkuntzan Amaiur Peak mendiari izen misteriotsua ipini ahal izateko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.