San Joan egunaren bezpera zen, 1986ko ekainaren 23a. Mari Abregok eta Josema Casimirok 8.100 metrora pasatu zuten gaua, mendiaren lepoan jarritako denda txikian. Hiru urte lehenago ere leku berean izan zen Abrego, Roger Baxter britainiarrarekin. 1983ko saioan ez zuten gailurrik jo. Euskal Herriko plazak San Joan suak pizteko prestatzen ari ziren bitartean, 02:30ean irten ziren denda txikiaren babesetik Casimiro eta Abrego.
Beheko kanpalekua ekainaren 19an utzi zuten, eta nekearen arrastoa sumatzen hasiak ziren. Altuerak, ahaleginak, era alpinoan igotzeakÂ… Urrats bat egin, bigarrena, hirugarrena eta gelditu beharra, ezinbestean. Pixkanaka irabazi zituzten tontorrerainoko metroak; Cuello de botella korridore estua gainditu zuten aurrena, hiru urte lehenago buelta hartu zuten lekura heldu ziren ondoren. «Hemendik aurrera lasaitu egiten da malda», aurreratu zion Abregok Casimirori. Tontorrera 14:30ean iritsi ziren, bibaketik irten eta hamabi ordura. Nerea alabaren argazkia atera zuen Abregok, eta, ikurrina eskuan hartuta, argazki bana atera zuten: «50 minutu egin genituen tontorrean. Hain ginen gustura mendigune amaigabea gure azpian ikusita».
Jaitsi artean, ordea, ez dago tontorra ospatzerik, eta K2n beste inon baino zentzu handiagoa du horrek. Ekaitzak harrapatuta, bi egun egin zituzten 6.750 metrotan, ia janaririk gabe eta nekeak jota. Tontorra zapaldu eta lau egunera iritsi ziren beheko kanpalekura. Erabat ahulduta heldu ziren, baina bizirik. «Orduan igo ginen K2ra, ez lehenago», dio Abregok. Iritsi ahala jaso zituzten Renato Casaroto, Kurt Diemberger eta Julie Tullis lagunen besarkada zintzoak.
Euskal mendizaleen arrastoa
Everesten atzetik altueran bigarren mendia da K2, baina zerikusi gutxi dute zailtasunari dagokionez. K2ra mendizale bakar bat igotzen denerako hamar igo dira Everestera. Horratx tontor kopuruari dagokion proportzioa.
Abregok eta Casimirok 1986ko San Joan bezperan pioleta jarri zuten lekura zortzi urte geroago igo ziren Juanito Oiarzabal, Alberto eta Felix Iñurrategi anaiak, Juan Tomas eta Kike de Pablo. Ordura arte gainditzeke zegoen hego-mendebaldeko ertzetik edo Cesen bidea deritzonetik igo ziren. Euskal mendizaletasunak Himalayan egindako ekarpen nagusia egin zuen boskoteak 1994ko San Joan egunean.
Urte hartan bertan Juan Carlos Tamayo, Juanjo San Sebastian eta Atxo Apellaniz ere igo ziren K2ra. Abruzos bide normaletik egin zuen Tamayok, eta Iparraldeko ertzetik gainerako biek. Zoritxarrez, eman eta kendu egiten du goi mendiak, eta jaitsieran Apellaniz hil zen. Hamar urte behar izan ziren bi eguneko tartean beste bost mendizale Chogoriren tontorrera iristeko: Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Edurne Pasaban eta, bigarrenez, Oiarzabal igo ziren 2004ko uztailaren 26an, eta hilaren 28an Iñaki Otxoa de Olza. Alberto Zerain izan zen azkena; bakarrik igo zen, 2008ko abuztuan.
Chogorik, erraztasunik ez
Josema Casimiro eta Mari Abrego izan ziren 8.611 metrotan pioleta jarri zuten lehenengo bi euskal mendizaleak; harrezkero hamabost mendizale igo dira K2ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu