Mendia

Carlos Soria, Kangchenjungan

75 urterekin igo du munduko mendi garaietan hirugarrena, eta udazkenean Shisha Pangmara joan nahi du

Soria, Kangchenjungako lehen kanpalekura bidean. LUIS M. LOPEZ SORIAN.
Ainhoa Lendinez
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Kangchenjungatik (8.586 metro) itzuli eta astebete eskasera, atsedenik hartzeko ia astirik gabe, Carlos Soria alpinistak (Avila, Espainia, 1935) jada esan du ondo bidean Shisha Pangmara joango dela udazkenean. Hiru zortzimilako (Shisha Pangma, Annapurna eta Dhaulagiri) falta zaizkio mendi garaienen zerrenda osatzeko.

«Oso ongi nago, eta oso motibatuta, beti bezala. Eskerrik asko». Carlos Soriaren hitzak dira, Kangchenjungatik itzuli berritan. 75 urterekin, munduko mendi garaietan hirugarrena igo duen pertsona zaharrena da. Maiatzaren 13an hasi zen igotzen, eta 18an iritsi zen gailurrera.

Soriak oxigenoa erabili du espedizioan, baina ez une oro; gorakoan, batez ere. «Igoera bikain joan da, baina oso gogorra izan da, goiko aldea oso zail zegoelako. Gainerakoa ongi atera zen, baina oxigenoarekin arazoak izan genituen, eta tarte handi batean ezin izan genuen erabili; jaitsieran, esaterako», azaldu du. Aurreikusitakoa baino egun bat geroago eraso zioten espedizioko kideek gailurrari, eta bete-betean asmatu zuten eguraldiarekin. «Eguraldi ezin hobea eduki genuen. Gailurrera iritsi ginenean 09:00 ziren (05:00 Euskal Herrian), eta ez zegoen haizerik», azaldu du Soriak.

Kangchenjunga ez omen da mendi zaila teknikoki, baina bai luzea: Soriak eta haren lagunek 24 ordu egin zituzten oinez igoeraren egunean. Broad Peakekoen ostean, Kangchenjungakoak izan dira Avilakoarentzat igoera eta jaitsiera luzeenak. Are gehiago, jaitsiera bera zailagoa izan omen da igoera baino. «Egin ditudan zortzimilako guztietatik, Kangchenjungako jaitsiera izan da zailena. Goiko aldea oso arriskutsua da, eta tontorretik gertu dauden 250 metroak oso gogorrak izan ziren», gehitu du. Mendizaleak azaldu duenez, «oso ongi» sentitu da espedizioan, eta, 2011tik lauzpabost espediziotatik gailurrik zapaldu gabe itzuli ostean, nekatuta baina pozarren itzuli da etxera.

Carlos Soriak 75 urte ditu, eta hamalau zortzimilakoen zerrenda osatzen diharduen pertsona zaharrena da munduan. Kangchenjunga igo berritan, hura da munduko mendi garaietan hirugarrena igo duen pertsona nagusiena. Shisha Pangma (8.013 metro), Dhaulagiri (8.167 metro) eta Annapurna (8.091 metro) falta zaizkio Avilakoari zerrenda osatzeko.

Udazkenean, Shisha Pangma

Hain zuzen ere, aurten bertan, uda igaro ostean ekingo dio hurrengo erronkari Soriak. «Udazkenean Shisha Pangmara joango gara, eta 2015eko udaberrian saiatuko gara Annapurna eta Dhaulagiri igotzen», esan du. Shisha Pangmaren erdialdeko gailurrean egona da Soria; ez, ordea, tontor nagusian. «Azken kanpalekuraino bide berbera egingo dugu. Ondoren, Iñaki Otxoa de Olza izeneko zeharkaldia igaroko dugu. Handik igoko gara, seguru asko», azaldu du. Shisha Pangma Txinan dago oso-osorik; «oso luzea eta nekeza da, aldapak ez direlako oso pikoak».

Horrenbestez, atseden hartu eta indarberritzeko baliatuko du uda sasoia Soriak, eta, ondo bidean, udazkenean jarraituko du hasitako egitasmoarekin. Aurreikuspenak betetzen badira, 76 urterekin osatu nahi du ametsa: munduko hamalau zortzimilakoak igotzen dituen pertsona zaharrena izango da Soria 2015ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.