Oso gaztea den arren, eskalada munduan ez du eskarmentu faltarik Mikel Linazisorok (Bergara, Gipuzkoa, 1991). Oso umetatik eskaladan eta eskien gainean ibilitakoa da. Aukeratu egin behar izan du, eta horman saiatzea erabaki du. Gaztetatik etorkizuneko eskalatzailea izan da Euskal Herrian. 2018ko gazteen olinpiar jokoetarako sailkatzea lortu berri du.
2018ko gazteen olinpiar jokoetan izango zara. Pozik?
Oso. Lehen aldiz egongo da eskalada gazteen olinpiar jokoetan, eta harro nago bertan egoteaz.
Urte batzuk badaramatzazu eskaladan, baina noiz hasi zinen?
Oraindik nahiko umea nintzenean, 7 urterekin joan nintzen lehendabizikoz eskalatzera, baina 10-11 urterekin hasi nintzen eskalatzen buru-belarri.
Nork eraman zintuen lehenbizikoz eskalatzeko horma batera?
Anaiaren eskiko entrenatzaileak, Arkaitz Iurritak. Arraroa badirudi ere, ez zen izan eskalatzeko horma batean, arroka batean baizik.
Beste kirolik egiten al zenuen?
Bai. Kirol asko egin ditut, baina eskalatzailea izan aurretik eskiatzailea izan nintzen. Eskalatzen baino urte gehiago pasatu ditut eskiatzen.
Nor izan zen eskalatzeko balio zenuela esan zizuna?
Arkaitz Iurrita. Josean Mulasek, berriz, asko lagundu zidan eskalada munduan murgiltzen.
Etxetik jaso al duzu eskaladarako zaletasuna?
Ez, mendirako zaletasun handia bai, baina eskalatzen hasi nintzenean familia osoa zen hasiberria.
Nor izan zen zure lehen eskalada irakaslea?
Josean Mulas. Gerora, urte askoan aritu naiz berarekin entrenatzen, baita Euskal Selekzioan ere
Eskiatzen zenuen. Nola moldatzen zinen?
Oso ondo. Ez zen erraza izan aukeratzea... Urte askoan txapelketak ere irabazi izan ditut, eta oso gustura ibiltzen nintzen eskien gainean.
Eskaladan jarraitzea aukeratu zenuen. Zergatik?
Bizitza osoa eskiatzen pasatu eta gero, zaila izan zen eskia eta eskiaren inguruko guztia alde batera uztea. Lagun asko egin ditut, eta horrek eman dit pena handiena.
Zergatik eskalada?
Erosoagoa zelako [barreak]. Eskalada asko gustatzen hasi zitzaidan, eskaladaren inguruko pertsonak eta momentuak gehienbat.
Zenbat ordu entrenatzen zara aste osoan?
Urteko garaiaren arabera. Gezurra badirudi ere, txapelketa garaian gutxiago entrenatzen gara; bestela, aste osoan hamabost bat ordu. Asteburuak eskalatzeko baliatzen ditut.
Gaztetatik garaipen asko lortu izanak presio berezia sortu al izan dizu?
Ez. Txapelketa garrantzitsuetan izaten dugu presioa, baina txapelketak berak sortutakoa, ez gainerako ezerk. Ez da erraza moldatzea, baina ikasten da.
Txapelketetan presio handia sentitzen al duzu?
Egia esanda, beste mundukorik ez. Normala denez, txapelketa garrantzitsuetan, munduko txapelketa batean adibidez, presio edo urduritasun pixka bat beti dago, eta oso garrantzitsua da presio hori beti hor egotea. Presioa, ez gehiegizkoa, ona da, betiere kontrolatzen dugunean, dena ematen laguntzen baitigu.
Txapelketetan oso ondo moldatzen zara. Zein izan da eskalada munduan izan duzun unerik politena?
Duela bi aste, gazteen Munduko Txapelketan, hirugarren postua lortu eta gero. Momentu zoragarria pasatu nuen taldekideekin.
Baina egun guztiak ez dira onak izaten. Nola kudeatzen dituzu aldeko ez diren egunak?
Ez dakit. Askotan ez dira gauzak nahi ditugun bezala ateratzen, baina ikasi egin behar da. Maila handia dago, eta, inozokeriaren bat eginez gero, beherakada galantak izaten dira postuetan; hala ere, garrantzitsua da beti postuari ez begiratzea, baizik eta momentu horretan daukazun gaitasunari, horrela motibazioa ez galtzeko.
Zer behar du eskalatzaile on batek?
Ezer askorik ez. Burua erabiltzen jakitea, eta, batez ere, gogo handia izatea, hori da gakoa.
Zertan da ona Mikel Linazisoro?
Uf, galdera zaila da. Burua ez da nire ezaugarri indartsuena, baina bai, ordea, beti jartzen dudan gogoa eta pasioa.
Nor izan da zure ispilua?
Eskalada munduan, Adam Ondra eskalatzaile txekiarra. Munduan dagoen eskalatzailerik indartsuena eta balioaniztunena da.
Gogoan al duzu nola sentitu zinen 15 urterekin 9a zailtasuna (Begi puntuan bidea) egin zenuenean?
Gogoan dut gorputz barnean poztasun ikaragarria nuela, momentu oso bereziek soilik sortzen dutena.
9a zailtasuna hain gazte eskalatzeak zer esan nahi du?
Eskaladarako gaitasuna duzula, agian. Baina hori ez da nahikoa, gogor lan egitea da garrantzitsuena.
Patxi Usobiagarekin eta Gianni Faggianarekin entrenatzeak zer ekarri dizu?
Aldaketa bat ekarri dit. Mundu mailako elitean sartzeko beharrezkoa den aldaketa, entrenamendu aldetik. Horrez gain,bi eskalatzaile handi horienesperientziatik ikastea, etorkizuneko egoeren aurrean prest egoteko.
Zer ikasi duzu Josean Mulasengandik?
Eskalada zer den. Eskalatzen irakasteaz gain, eskalada mundua erakutsi zidan. Lekuak, moduak, jarrerak, sentimenduak... Eskalatzaile bihurtu ninduen.
Gaztea zara, baina urte asko daramatzazu eskalatzen. Nolako maila dago Euskal Herrian gazteen mailan?
Oso handia da. Eskalatzaile gutxi gaude gainerako herrialdeekin alderatuta; Austriarekin, adibidez. Asko ez garen arren, gutxi horietako askok maila oso handia dute, eta oso indartsuak dira, bai arrokan eta bai mundu mailako txapelketetan.
Zer ari zara ikasten?
Batxilergoa egiten ari naiz, bigarren maila.
Nola uztartzen dituzu eskalada eta ikasketak?
Lan handia eginez. Ez da erraza biak uztartzea, eskaladak ikasketetako denbora asko kentzen baitit, eta alderantziz. Askotan gogorra izaten da, baina, beno, gustuko duzuna egiten jarraitzeko baldintza bat da.
Gaztetan oso garrantzitsua izaten da etxekoen babesa. Zukbeti izan al duzu etxekoen babesa?
Bai. Txikitatik bultzatu eta lagundu izan naute kirolari gisa aurrera jarraitzeko eta eboluzionatzeko. Haien laguntza ezinbestekoa izan da, bai gurasoena, bai anaiarena.
Ba al duzu babeslerik?
Bai, ez daukat kexarik. Eskerrak eman behar dizkiet La Sportivari, Trangoworldi, Techrocki eta Ekin Fisioterapiari.
Zein dira hurrengo erronkak?
Hurrengo erronka urteko azken nazioarteko txapelketa da, zailtasuneko Europako Txapelketa, Errusian. Gero, arrokan eskalatzeko garaia dator. Dagoeneko gogo handia dut txapelketaz jositako urte luze baten ondoren berriro haitzean aritzeko.
Eskalada olinpiar jokoetan egongo dela iragarri zuten iaz. Ikusiko al zaitugu olinpiar joko batzuetan?
2018ko gazteen olinpiar jokoetan bai, Buenos Airesen. 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea oso zaila izango da, oraindik gaztea naizelako; agian, 2024. urtean, Parisen. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Hortaz, gogor entrenatzen jarraituko dut egunen batean bertan egoteko.
Non dago zure muga?
Oraindik ez dakit, eta espero dut urte askotan ez jakitea. Horrek esan nahiko du oraindik hobetzeko aukerak ditudala.
Eskalatzeko, horma edo haitza?
Txapelketetan jarduten garenontzat galdera zaila da! Haitza nahiago dut, baina eskalatzeko hormari lotuta dauden txapelketetako giroa, ezagutzen diren herrialdeak, kulturak, pertsonak... Ez dakit, eskalada hormak ere momentu paregabeak eskaintzen dizkit.
Atzerrian badira eskalatzaile profesionalak. Euskal Herrian bizi al daiteke eskaladatik?
Bai. Ez da erraza, bizi garen tokian gehienbat, eskalada kultura nahiko eskasa dagoelako; baina ondo antolatuta eta zorte apur batekin, posible da eskaladatik bizitzea. Hala ere, ikasi egin nahi dut, eta karrera bat egin.
Mikel Linazisoro. Eskalatzailea
«Burua ez da nire ezaugarri indartsuena; bai, ordea, gogoa eta pasioa»
Umetatik egin ditu eskalatzaile helduagoei dagozkien hormak eta mailak, eta munduko eskalatzaile gazte onenetako bat da. Gazteen olinpiar jokoetan parte hartuko du datorren urtean, Argentinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu