Kirol eskalada

Brooke Raboutouk ‘Excalibur’ eskalatu du, emakume batek kateatutako lehen 9b+ bidea

Munduan bide hori gainditu duen hirugarren eskalatzailea da estatubatuarra. Josune Bereziarturen eta Angela Eiterren arrastoan, koska bat gorago eraman du kirol hau.

Brooke Raboutou, 9b+ mailako 'Excalibur' bidean
Brooke Raboutou, 9b+ mailako 'Excalibur' bidean. @crimp.films
ramon olasagasti
2025eko apirilaren 10a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Excalibur maitea: Eskerrik asko zure ikasbideengatik. Hasieratik sentitu nuen erakarmen handia zuganako. Gure arteko harremana aldatu egin da denborak aurrera egin ahala. Batzuetan harmoniatsua zen, eta bestetan, ahotsa goratuta aritzen ginen eztabaidan. Nire beldurrei aurre eginarazi, aurreikuspenak alde batera utzarazi eta fede txinparta bakoitzari helarazi zenidan. Zalantzarekin eztabaidatzen irakatsi zenidan, zalantza bera duda egiten hasi zen arte. Dena eskatu zenidan, baina are gehiago eman zenidan trukean». Bere sare sozialetan idatzitako hitz berezi horiekin adierazi du Brooke Raboutou eskalatzaile estatubatuarrak zer izan den beretzat Arco mendiguneko (Italia) Excalibur bidea eskalatzea.

Raboutouk mugarri bat ezarri du kirol eskaladaren historian, 23 urterekin: munduan emakume batek eskalatutako 9b+ graduko lehen bidea kateatu du, aurrez beste hainbat eskalatzailek zabaldutako arrastoari jarraituz. Zailtasuneko kirol eskaladaren maila goren horietan, Josune Bereziartu (1972, Lazkao, Gipuzkoa) izan zen sabai guztiak apurtu zituen lehena, sabaiak zentzu guztietan. Bereziartu izan zen munduan lehen emakumea 8c zailtasuneko bide bat eskalatzen (Honky Tonky, Araotzen, 1998), 8c+ gradua gainditzen (Honky Mix, Araotzen bertan, 2000) eta 9a zailtasuneko lehen bidea eskalatzen (Bain de sang, Suitzako Saint Loup eskolan, 2002). Horren ondoren, Bimbaluna (9a/+) ere kateatu zuen Sain Loupen bertan. Hamarkada oso bat igaro zen beste emakume batek 9. gradu horren langa gainditu arte.

JOSUNE BEREZIARTU - 9a/a+
Josune Bereziartu 'Bimbaluna' bidean (9a/+). LAURENT DE SENARCLENS

Bereziarturen uberan, Margo Hayes estatubatuarrak lehen 9a+ zailtasuneko bidea eskalatu zuen 2017an: Siuranako La Rambla (Katalunia). Ainhize Belarrek gradu hori bera eskalatu zuen iaz, Baltzolako kobazuloan Iñi Ameriketan (9a+) bidea kateatzea lortu zuenean. Angela Eiter austriarrak koska bat gorago eraman zuen gradua 2017ko urrian, Villanueva del Rosarion (Espainia) lehen 9b graduko bidea eskalatuta: La planta de Shiva.

Brooke Raboutou, gainera, 9b+ langa hori gainditu duten eskalatzaile apurretako bat izan da. Orain arte bederatzi eskalatzaile baino ez dira gai izan gradu hori eskalatzeko. Adam Ondra izan zen lehena, 2012an, Change bidean —txekiarra da zailtasun horretako bide gehien egin dituena—, eta haren atzetik, beste hauek batu dira talde hautatu horretara: Stefano Ghisolfi, Seb Bouin, Alex Megos, Jorge Diaz-Rullo, Jakob Schubert, Chris Sharma, Sean Bailey eta Will Bosi.

Excalibur bidea Cristian Dorigatti eta Morris Fontanari italiarrek prestatu zuten 2021ean, eta berehala eman zioten bere obraren berri Stefano Ghisolfi herrikideari. Ghisolfik bi urte behar izan zituen lehen igoera egiteko. Lehen errepikapena, berriz, Will Bosi britainiarrak egin zuen, aurtengo otsailean. Orain Raboutouk egin du bigarren errepikapena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.