Mendia. Ruben Diaz Torres. Boulder espezialista

«Boulderrean aurkitu dut kirol eskaladak ematen ez zidana»

Euskal Herriko boulder espezialista indartsuenetarikoa da egun Ruben Diaz. Proiektu bat hasi zuen otsail hasieran, 'Kemena' boulderrarekin, eta 'Oroimenean' bulderrarekin eman du bukatutzat, Almenarako eremuan.

CARLOS ARRUFAT.
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Hainbat kirol praktikatu ostean, 2006an ekin zion Ruben Diazek eskalatzeari (Bilbo, 1985). Ordutik, etengabeko garapena bizi izan du, eta, egun, Euskal Herriko boulder espezialista indartsuenetarikoa da. Otsaileko lehenengo astean Valentziako Almenara boulder eremuan (Herrialde Katalanak) egindako Kemena blokearekin, orain arte proposatu den zailtasun maila altuena berdindu zuen Bilbokoak; 8c zailtasuna, hain zuzen. Hori gutxi balitz bezala, aste honetan Almenarara itzuli eta hasitakoa borobildu du, Oroimenean blokea eginez, 8b zailtasunekoa.

2006. urtean hasi zinen eskalatzen, eta 6-7 urteren buruan zortzigarren mailako boulder ugari egin dituzu; otsailaren hasieran, Kemena egin zenuen Valentziako Almenara gunean, 8c zailtasuna proposatuta. Zein uste duzu dela hain garapen azkarraren arrazoia?

Garapen azkarra nahi izatearen ondorio da. Gauzak ez dira bakarrik iristen; ez dituzu kasualitatez lortzen, ezta zortearen poderioz ere. Badakit mundu guztiak hain garapen azkarra ezaugarri biologiko batekin arrazoitzen duela, baina nik inoiz ez dut ezer lortu, eta ez dut lortuko, esfortzurik gabe. Agerikoa da, batez ere boulderrean, alderdi biologikoa ezinbestekoa dela; hala ere, bururik gabe arraun egin eta lema on bat ez baduzu, ez zara inoiz helmugara iritsiko.

Kemena egin ostean Almenarara itzuli zara proiektua borobiltzeko asmoz. Zer du boulder eremu horrek hain gustuko izateko? Nolakoak dira Kemena eta egin berri duzun Oroimenean?

Eremuak aukera ugari ematea ezinbesteko osagai da niretzat. Ipurterrea baldin bazara, osagai hori edukitzea nahikoa da proiektu batean murgildu eta esperientzia aberasgarri bat jasotzeko. Kemena eta Oroimenean Almenarako bi boulder gogorrenak dira. Kemena ikusi bezain laster begietatik sartu zitzaidan bloke bat da, eta egin ahal izatea besterik ez nuen buruan. Pazientzia eta gogoarekin lortu nuen egitea; kontsolagarria izan zen niretzat, paretatik igotzeak eta muturreko esperientzia horiek bizitzeak muga bat duelako. Oroimenean boulderrarekin, ordea, proiektua borobildu dudan sentsazioa daukat, ideia eta ilusio bat erdiestea, hain zuzen ere. Oroitzapen politenak utzi dizkidaten bi blokeak izan dira Kemena eta Oroimenean; denbora desberdinetan banatuta egin ditut, baina biek elkarturik sortu dute abentura, bai eta bukatu ere.

Tiempo hostil, Laurok... azkenaldian erraztasun nabarmenarekin egin dituzun zortzigarren mailako beste bi adibide dira. Inoiz baino indartsuago zaudela iruditzen zaizu?

Aspektu guztietan inoiz baino indartsuago nagoela pentsatzen dut; bai fisikoki, bai psikologikoki eta baita espiritualki ere. Horrelako uneak aprobetxatu egin behar dira, guztiak ez baitu norberak nahi duen bezala funtzionatzen beti. Bizitza honetan bisitari baino ez gara, noizbait bukatu egiten da hau; egun, inoiz baino kontzienteago naiz horretaz, eta momentu oro dudan guztia ematen saiatzen naiz.

Nola definituko zenuke zure eskalada estiloa? Zein bloke mota doakizu hobekien?

Asko bidaiatzen dut, eta boulder eremu asko bisitatzen ditut, arroka mota desberdinak dituztenak. Mota eta estilo guztietan ondo moldatzeak ahalik eta leku gehienetara igotzeko giltza ematen dizu. Momentu bakoitzean estilo mota batek motibatu ohi nauen arren, aukeratzekotan, alderantziz heldu behar diren helduleku txikiak ditut gustuko, eroriko handia duten hormetakoak. Mugimendu esplosiboek atentzio handia eman ohi didate.

Iker Arroitajauregi izan ohi duzu irteera askoren bidelagun. Oso eskalatzaile indartsua da hura ere. Zer ekarpen egiten dizkizu?

Ez da soilik garrantzitsua izan, ezinbestekoa izan da. Nire eskalatzaile ibilbidean, norabide egokia zein den jakiteko, ezinbestekoa izan da maisu bat izatea; zein Arroita baino hobe arroka gaineko mugimenduak, artea eta trebetasunak ulertzeko. Eskalatzea ez da soilik igotzea, errespetatzea ere bada, ekarpenak egitea, egoten jakitea eta beste zenbait balio edukitzea. Arroita hori guztia ikasteko adibide perfektua izan da.

Orain arte egin dituzun boulderrak baino gogorragoak egiteko, bidaiatzeko beharra sentitzen al duzu? Etxetik gertu ez al duzu proiektu gogorrik, edo besterik gabe, bidaiatzea duzu gustuko?

Bidaiatzen ez baduzu, ez duzu ikusten; ikusten ez baduzu, ez duzu ikasten; ikasten ez baduzu, ez zara hezten, eta hezten ez bazara, hutsik zaude. Horregatik, argi daukat bidaiatzeko aukera dudan guztietan bidaiatuko dudala. Boulder diziplina praktikatzeko etxetik gertu dauzkagun eremuak oso mugatuta daude; kilometro gutxira, berriz, aukera mugagabeak dituzten paradisuak aurkitzen dituzu, eta horietan nabil buru-belarri, ahalik eta probetxu handiena atera nahian. Etxetik gertu ere badauzkat proiektuak, baina ez dute kanpoko eremuetan aurki daitezkeenen kalitate bera.

Ander Gardeazabal izan zen eskalatzaile moduan eman zenituen lehen pausoetan gehien lagundu zizun pertsonetako bat. Zer esan nahi izan zuen zuretzat?

Bai, bide zuzenean arraun egiteko gidari izan nuen. Badakit berak pentsatzen duela kasurik ez niola egiten, baina bai, entzun eta esaten didaten guztia barneratzen dut; nahiko ipurterrea naiz, eta gauzak nire erara egitea gustatzen zait, baina beti saiatzen naiz nahi dudanaren eta egin behar dudanaren arteko oreka bilatzen.

Kirol eskaladari ekin zenion hasiera batean, nahiko maila onean gainera. Gaur egun, berriz, boulder diziplinari eskaintzen diozu zure energia guztia. Zergatik? Zer ematen dizu boulderrak kirol eskaladak ez duena?

Boulderrak kirol eskaladak lortzen ez duen lasaitasun bat eragiten dit. Ardurak —norbaiten asegurua egitea, norberaren asegurua egin behar izatea, logistika— gutxiago dira boulderrean, anarkikoagoa da, eta horregatik eragiten dit askatasun sentipen handiagoa. Hala ere, badauzkat sokarekin egiteko proiektu batzuk.

Orduan, kirol eskaladari denbora pixka bat eskaintzeko asmoz zabiltza?

Baliteke denbora gutxi barru sokaren batetik zintzilik ikustea. Hala ere, ez zait askorik gustatzen etorkizunean egingo dudanaren inguruan pentsatzea, ez baitakit horretarako denborarik izango dudan eta asmoak etengabe aldatzen baitzaizkit.

Modu planifikatu batean entrenatzen al zara? Txapelketek ez zaituzte motibatzen?

Entrenatze hitzak duen esanahi hutsa hartuz gero ez, ez naiz entrenatzen. Haitzetan eskalatzen dut, eta eremu, arroka eta estilo ezberdinetara moldatzen joaten naiz. Jende askok galdetu ohi dit nola den posible entrenatu gabe maila fisiko horretara iritsi eta, batez ere, mantentzea. Oso sinplea da, entrenamendua inguratzen duen horretan guztian pentsatu gabe; jariatzen utzi behar da, ardurak alde batera utzita. Jendea harritu egingo litzake egunero motibazioz eskalatu eta aurrean jartzen dizuten janaria janda har dezakezun mailaz. Txapelketei dagokienez, hiztegiak ez du gezurrik esaten, eta hala definitzen du lehiatzea: borrokatzea, hainbat pertsona etsai bihurtzea helburu bakar bat lortzen saiatzeko. Pertsonalki, nire helburuak ez datoz bat hitz horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.