Boulder txapelketak urtebeteko hutsunea izan du soilik

Euskal Herriko Boulder Txapelketa jokatuko da larunbatean Iruñean, BiHatz eskalatzeko horman. EMFk Gorka Karapeto aukeratu du eskaladako hautatzaile posturako

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Boulder Txapelketa, 2013an, Aretxabaletan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Iaz jokatu ez bazen ere, aurten berriro ere bueltatuko da Euskal Herriko Boulder Txapelketa. Larunbatean jokatuko da, Iruñeko BiHatz eskalatzeko horman. Antolatzaileen asmoa ahalik eta parte hartzerik handiena izatea da, eta, horregatik, larunbatean 12 urtez azpiko eta senior bitartekoeskalatzaileak bilduko dituzte. 12 eta 14 urtetik beherako eskalatzaileek goizean bakarrik parte hartuko dute, eta haien artekoa ez da izango lehiaketa. Gainerako maila guztietan —16 urtetik beherakoak, 18tik beherakoak, 20tik beherakoak eta seniorrak—, sailkatuz gero, arratsaldean jokatuko dituzte finalak.

Euskal Herriko Boulder Txapelketa berrikuntzekin bueltatuko da. Iruñeko BiHatz eskalatzeko horman jokatuko da, estreinakoz. Euskal selekzioak ere hautatzaile berria izango du: EMF Euskal Mendi Federazioak Gorka Karapeto aukeratu du (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981).

Iazko hutsunearen ondoren, pozik dago Irati Anda, Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoa, berriro ere txapelketa jokatuko delako. Lehen aldia izango du halako antolaketa lanetan: «Ez da erreza horrelako gauza bat antolatzea. Ditugun baliabideekin, zerbait polita egiten saiatuko gara. Ilusio eta mimo handiarekin antolatutako txapelketa izango da».

Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoa izateko aukera eskaini zioten, eta onartu egin zuen: «Azken batean, laguntzeko nago, eta ahalik eta ondoena egiten saiatuko naiz».

Iazko hutsuneari dagokionez, Andak zehaztu du boulderrekoa egin zela martxoan, baina bideena ez egitea erabaki zutela: «Baliabide faltak bultzatu zuen txapelketa bertan behera uztera. Erdipurdiko txapelketa bat egin ordez, ez egitea erabaki zen. Gainera, aldaketak izan ziren zuzendaritza teknikoan, eskaladako Euskal Selekzioan ere bai, hauteskundeak...».

Maila ona

Gorka Karapeto hautatzailea gustura hasi da lanean selekzioko gazteekin. Etorkizunaz galdetuta, lan egiteko lehengaia ikusten du gazteen artean: «Euskal selekzioa oso ongi ikusten dut, gazteen artean batez ere: asko daude, eta maila handia dago; emaitza onak izaten ari dira».

Karapeto hasi berria da hautatzaile lanetan, baina urte asko egin zituen selekzioan. Gaur egun eskalatzaile ezagunak diren askoKarapetorekin ikasitakoak dira.

Azken urteetan Josean Mulas izan da euskal selekzioko hautatzailea. Iaz utzi zuen kargua, eta orduz geroztik hutsik egon da postua. Zergatik Karapeto? Andak oso garbi dauka: «Bere ibilbidea ikusi besterik ez dago zergatik aukeratu dugun jakiteko. Eskaladan darama bizitza osoa, lehiaketetan oso emaitza onak lortutakoa da, eta ilusio handia du hautatzaile lanerako. Ezinbestekoak diren ezaugarriak ditu Gorkak. Pertsona oso jantzia da, eta ez dugu asko pentsatu beharrik izan. Freskotasuna emango dio selekzioari».

Eskalatzaile azpeitiarra ohituta dago gazteekin lan egitera. «Gazteen taldea oso talde jatorra da, eta eskalatzaile apartak dira», gehitu du Andak. Asko baloratzen du gazteen arteko giro on hori: «Txapelketatik kanpo daudenean beti jolasten eta bihurrikeriak egiten ikus ditzakegu, gazteek egon behar duten moduan, jakina, eta horrek asko pozten nau». Gero, lehiaketan, serioago aritu behar denean, elkar animatzen dute, eta elkarri laguntzen diote.

Ehun eskalatzaile inguru

Euskal Herriko Boulder Txapelketak eskalatzaile onenak, punta-puntakoak, ikusteko aukera emango du. Gazteen artean lehia estua izango bada ere, helduen mailan arituko direnen zerrenda ikusita, ikuskizuna espero da: Mikel Linazisoro, Muriel Ruiz de Larramendi, Markel eta Ander Mendieta anaiak, Itziar Zabala, Bittor eta Andoni Esparta anaiak, Eneko Carretero...

Gorka Karapetok ez du parte hartzaileen izen bat edo beste bat nabarmendu nahi izan: «Ezin da jakin zer gertatuko den, beti egon daitezke sorpresak; baina horiek guztiak bertan izango dira, beste askorekin batera, eta onena emango dute finalean sartzeko eta txapelketa biribil bat egiteko asmoz».

Guztira ehun eskalatzaile inguru elkartuko dira Iruñean. «Eskalatzaileen kopurua ikusita, oso pozik gaude», nabarmendu du Andak. «Gazte asko izango ditugu. Oso gogotsu eta ilusio handiarekin ikusten ditut».

Bihar bukatuko da txapelketan izena emateko epea. Parte hartzeko, beharrezkoa da federatuta egotea. Eskalatzeko eremua 07:30ean zabalduko dute, eta sailkatzeko txandak 09:00etan hasiko dira. Arratsaldean, 16:00etan izango dira finalak, eta 20:00etan banatuko dituzte sariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.