Mendia

Boulder Ligako lehen proba bihar jokatuko da Gasteizen

Lau probak osatuko dute txapelketa, eta hiru maila jokatuko dira: herri izaerakoa, eliteena eta 16 urtez azpikoena

Eskalatzaile bat, Boulder Ligako probetako batean. EMF.
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Urtez urte indartzen ari den eskalada modalitatea da boulderra, eta Euskal Mendizale Federazioak hamargarren urtez antolatu du Boulder Liga. Ohiko legean, Arabako rokodromoak izango dira txapelketaren eremua, eta bihar jokatuko dute lehenengo jardunaldia Gasteizko Fundacion Estadio aretoko rokodromoan. Iñaki Garai eta Joseba Saiz dira ligaren koordinatzaileak eta Eneko Akarregi arduratuko da eskalatzeko blokeak prestatzeaz.

Lau jardunaldi izango ditu ligak. Bihar abiatuko da lehia, Gasteizko Estadio aretoan, eta otsailaren 10ean jokatuko da bigarren jardunaldia, hiriko K2 aretoan. Otsailaren 26rako eta martxoaren 12rako prestatu dituzte beste bi jardunaldiak, Amurrioko Bañueta kiroldegian eta Gasteizko Hegoalden, hurrenez hurren. Proba guztiak 10:00etan hasiko dira. Goizez sailkapen kanporaketak jokatuko dira, eta arratsaldez, finalak, 17:00etatik aurrera. Parte hartu nahi dutenek jardunaldi bakoitza jokatu bezpera dute izena emateko azken eguna. Gauzak horrela, biharko estreinako jardunaldian parte hartu nahi dutenek gaurko 13:00 baino lehen eman behar dute izena. Argibideak www.emf-fvm.com webgunean eskuratu ditzakete.

Azken urteetako bidean, maila guztietako eskalatzaileei lekua egin eta txapelketari herri izaera emateko asmoz, sei mailatan banatuko dituzte eskalatzaileak: emakumezkoen nahiz gizonezkoen herri izaerako liga, elitekoena eta 16 urtez azpikoena. Lau probetan bildutako puntu kopuruaren arabera osatuko da azken sailkapena. Iazkoa Irene Alvarezek, Jon Ferrerok, Cristina Reyk, William Chiluisak, Jone Larrañagak eta Jon Azpilikuetak irabazi zuten. Txapelak janzteko bidean, eskalatzaileek biharkoa dute lehenengo urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.