Ziztu bizian eta klaxon gorgarriak joz, motorrak dira nagusi Boudnatheko kale estuetan (Katmandu, Nepal); oinezkook, bazterreko hormetara itsatsita, kontu handiz gabiltza.
Euriak putzuak sortu ditu, eta estupara iristea, arriskuz beteriko ibilaldia bihurtu zaigu.
Arratsaldero, kora egiten dute budistek: estupari birak eta birak ematen dizkiote, denek arrosarioa eskuan, batzuek mantrak ahoan, eta beste hainbeste berba alaian. Isiltasun geruza batek ahots apalak estaltzen ditu. Estuparen goialdetik loturik dauden soketatik, mila otoitz-ikurrin dardarti ilunabarrean. Budaren lau haizeetara zabaldutako begiek, eguzkiaren azken izpiak jasotzen dituzte; alboko erretiluetan dozenaka kandela txiki dardaratsuek, inguruan biltzen den jendearen aurpegiak argiz blaitzen. Haize leun eta baketsua dabil, gune sakratu honetan.
Zenbat ume erail dute oraintxe Gazan, Libanon?
Zer du buruan Netanyahu jaunak? Nola jasaten du bere baitan piztuta duen arrazismo gar itzalezina?
Zer duzu Harris anderea? Nola bizi liteke botere gose aseezinaz?
Ursula andere dotore hori, ondo zaude? Ez al duzu inolako zalantzarik, beldurrik, errukirik?
Ondo orraztuta, jantzi dotorez, gorbata bere tokian, zer pentsatzen dute agintariek janzten diren bitartean?
Lurrak eguzkiaren inguruan nola, xerpak, tibetarrak, tamangak, newarrrak, mendebaldatarrak, stupari itzulika gabiltza. Neska hirukoteak selfiea egin du Budharen begiak atzean dituela; haien irribarreek hegan egin dute otoitz-ikurrinetaraino.
Palestinako genozidioa. Lehertu diren guda beldurgarriak. Motxila astuna bizkarrean. Baina ez dut zamarengandik ihes egin nahi. Euskal Herriko agintari txit gorenek euskarari egiten dioten etengabeko erasoa, beste gai horiekin alderatuta, ñimiñoa begitantzen da.
Boudnath (Katmandu)
2024ko urriaren 9a