Luis Arrieta. 'Bizi II' lanaren egilea

«Bizitza arriskuan jartzen dugu sarri, beharrik gabe»

Betidanik mendizale, txirrindularitza utzi eta gero eskaini ahal izan zion denbora mendiari. Mendira joateaz gain, mendian egindakoaz eta mendiak emandakoaz gogoeta egiten du ikus-entzunezkoen bidez. Bizi II da horren lekuko.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Iruñea
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Txirrindulari ohia, bizikletarekin joaten da lanera Luis Arrieta (Iruñea, 1984). Hala iritsi da bulego berrira. Aita izan berri da bigarrengoz orain gutxi, eta ez du denbora askorik sobera. Bizi II film laburra eman zuen iragan astean Bilboko Mendifilm jaialdi ospetsuan, eta bere ametsetako bat bete du.

Gaztetan urte asko igaro zenituen txirrindularitzan. Noiz hasi zen mendiarekiko zaletasuna?

Afizionatuen mailan aritu nintzen 21 urtera arte. Garai haietan ezinezkoa zitzaidan txirrindularitza mendiko zaletasunarekin uztartzea, beti izaten genituen lasterketak. Hala ere, nik betidanik izan dut mendiarekiko zaletasuna, eta neguan beti ibiltzen nintzen mendian. Gurasoak Irurtzun ondoko herri txiki batekoak ditut, eta han inguruan mendia besterik ez dago. Txirrindularitza utzi nuenean, mendira gehiago joaten hasi nintzen: lehenik, eskalatzera Etxaurira; gero, mendiko eskiekin Pirinioetara; alpinismoa... Oso denbora gutxian zeharo lotu ninduen. Lehian urte askoan ibili garenok ez dugu asko behar izaten [barreak].

Ikasketaz eta lanbidez ingeniariagronomoa zara. Unibertsitateko azken urtea mendiz inguratutako unibertsitate batean egin zenuen, Italian.

Bai. Nire lagun gehienek izen handiko unibertsitate ezagunetan egin nahi zuten Erasmuseko azken urtea; nik, berriz, Alpeetako mapa hartu nuen, eta etxetik gertuen nuen unibertsitatea aukeratu. Italiako Udinera joan nintzen, Esloveniarekin eta Austriarekin mugan dagoen hirira. Mendian egon nintzen denbora gehienean. Ez nuen asko ikasi, baina urte guztia eskalatzen eta eskiatzen pasatzeko aukera izan nuen.

Mendizalea eta eskalatzailea izateaz gain, film laburrak egiten ere aritzen zara. Azkenaldian, Bizi dokumentalekin egin zara ezaguna mendiko zinemagintzan. Noiz hasi zinen?

Ni beti izan naiz ipurterre bat. Gustuko ditudan gauzak ikasteko zaletasun handia eta erraztasuna dut. Gainera, autonomoa naiz, eta gure bizitzak askotan hori ere eskatzen digu: autodidakta izatea. Argazkilaritza asko gustatu izan zait beti, eta beti nuen buruan mendia eta argazkia uztartzea. Konturatu nintzen nire argazki kamerarekin oso bideo onak egin nitzakeela. Neguan irudiak grabatzen hasi nintzen; udan, berriz, muntatu egiten nituen. Lehen film laburra fikziozko dokumental bat zen, Proyecto Hugo izena zuena. Gaur egun, lotsa eta guzti ematen dit gogoratzeak. Gerora, Al otro lado del Arriegé egin nuen. Orain, lan horiek ikusten ditudanean, konturatzen naiz aurrerapauso handiak egin ditudala. Beti dago zerbait ikasteko.

Nondik dator Bizi?

Iaz egin nuen lehen film laburra. Bertan, mendira joateko ditugun motibazioei buruzko gogoetak egin nituen, mendian hartzen ditugun arriskuei buruzko gogoetak ziren oro har. Ingurukoek mendizaleoi askotan egiten diguten galdera da: ea zergatik joaten garen goi mendietara, ea zergatik hartzen ditugun horrelako arriskuak. Galdera horri erantzun nahi izan nion lehen dokumental horretan.

Gogoeta sakonak dira.

Bai, nik barruan sentitzen ditudan gauzak dira, mendian askotan izan ditudan bizipenetan oinarritutakoak direlako. Ni, gainera, ez naiz ikus-entzunezkoetan aditua, ez dut protokolo argirik jarraitzen, eta Bizi I dokumentalean ataletan sailkatu nahi izan nuen.

Mendian izan daitekeen arriskurik handiena igarotakoa zara, elur-jausi batek harrapatu zintuelako 2011n. Hortik sortu zitzaizkizun gogoetak.

Oso gogorra izan zen hura. Atzera begira jarrita, esango nuke ondoren egin ditudan gauzak baldintzatu egin dizkidala. Gaur egun, gertaera positibo baten gisan ikus dezaket, mugarri bat izan zen. Askotan pentsatzen dut inongo beharrik gabe bizitza arriskuan jartzen dugula eta inguruko guztiak ere baldintzatzen ditudala. Ez gara ezer mendian. Ni elur-jausi batek lurperatuta gelditu nintzen une batean, eta izugarrizko beldurra pasatu nuen, ez bainekien aterako nintzenik. Hala ere, libratu nintzen; baina lagunen bat ere galdu dut mendian, eta horrek zer pentsatua ematen dit. Geroztik ikastaro asko egindakoa naiz, eta gaur egun ez zait batere kostatzen mendirik igo gabe itzultzea.

Iaz, Bizi I dokumentala; aurten, Bizi II. Iazkoari jarraipena eman nahi izan al diozu?

Lehenengoa amaitu nuenean, motz geratu zitzaidala sentitu nuen, nahiz eta hamar minutuko formatua erosoa den, bai ataletan eta bai denboran. Gaiak ere nahiko antzekoak dira, eta jarraipen bat emateko aukera aproposa ikusi dut.

Zure film laburrak oso erraz iristen dira ikus-entzuleengana. Zergatik dela uste duzu?

Ez nago mendi jaialdietan parte hartzen duten zuzendarien pare, ezta gutxiagorik ere. Ez dut ikasketarik arlo horretan, baina eskalatzailea eta alpinista izateak asko laguntzen dit. Kamerarekin mugitzea errazagoa da niretzat, kamerari arrunt batentzat baino, eta gertutasun horrek garrantzi handia du.

Iazko filmak, Bizi I-ek, sari asko lortu zituen. Aurtengoak ere, batzuk bai. Nola sentitzen zara?

Ilusio handiarekin. Iruñeko Skimetraje lehiaketan hiru sari lortu nituen; aurten, berriz, beste hiru lortu ditut Bizi II filmarekin.Poz handiena ikusleriarensariak eragin zidan. Motibazio handia eman didate aurrera jarraitzeko.

Beti eramaten al duzu kamera gainean?

Bai, gero egunaren arabera ateratzen dut. Eguraldiak ez badu laguntzen edo egin beharreko gauzek ez badidate ezer berezirik esaten, ez dut erabiltzen.

Zure ametsetako bat bete duzu behintzat, Bilboko Mendifilmeko sail ofizialean egotea.

Bai, aspaldiko ametsetako bat zen. Bizi I-ekin lehiaketa batzuk irabazi ondoren, horrekin amesten nuen. Mundu guztiko mendiko film onenak egoten dira bertan; gainera, Bilbon da... Izugarrizko poza ematen du norberak egindako lan bat munduko onenekin batera egoteak. Oraindik gogoan dut urte batean Jimmy Chin zuzendaria ikusi nuela Bilbon. Niretzat munduko onenetako bat da. Pentsa...

Film asko ikustekoa eta liburu asko irakurtzekoa al zara?

Egia esan, bai. Etxean liburu mordoa dut: poloniarrek 1980ko hamarkadan idatzi zituztenak, ingelesek 1990eko hamarkadan idatzi zituztenak, himalaista askorenak...

Zure bi zaletasun nagusiak, bizikleta eta mendia, uztartzen dituzu azken film laburrean. Nolatan?

Askotan joaten naiz Iruñeko liburutegira, film eta liburu berriak hartzera. Liburu horietako batean argazki eder bat ikusi nuen. Bertan, amerikar bat azaltzen zen, bizikleta batekin eta eskiak gainean zeramatzala. Norvegian barrena zihoan orduan. Ikusi orduko, mila ideia etorri zitzaizkidan burura. Azkar batean pentsatzen jarri nintzen: bizikletan, eskiekin, Pirinioetan barrena... 2016ko abuztuan bizikletarentzako gurdi antzeko bat erosi nuen.

Lehen proba Izaba inguruan (Nafarroa) egin zenuen.

Bai. Egun gutxira, goizean irten eta Iruñetik Lintzako aterpetxera joan nintzen bizikletaz. Arratsaldean, Lintzatik Petretxema igo nuen, Laskungo haranera jaitsi nintzen, eta han lo egin nuen. Hurrengo egunean, Laskunetik Hiru Erregeen Mahaira igo eta Lintzako aterpetxean lo egin ondoren, hurrengo goizean berriro ere Iruñera bueltatu nintzen. Proba ederra izan zen.

Asko kostatu al zitzaizun bidelaguna bilatzea?

Egia esan, bai. Ez da erraza bi kirolak uztartuko dituen bateren bat aurkitzea. Askori bizikletan ibiltzea gustatu bai, baina mendiak ez dio ezer esaten, eta alderantziz ere bai. Aurrena Eneko Cesarri eta Jabier Redini esan nien, baina ez nituen konbentzitu. Uda horretan Mikel Zirizarekin ibilia nintzen Alpeetan eskalatzen. Berak ez zuen asko eskiatzen, baina bizikletarekin eta alforjekin ibilitakoa zen. Proposatu egin nion, eta baiezkoa erantzun zidan. Handik aurrera dena errazagoa izan zen. Argi nuen ez nuela bakarrik egingo.

Eguraldiak ez omen zizuen asko lagundu.

Ez. Hasierako ideia Hondarribitik atera eta Transpirenaicaren erdia egitea zen, Araneko ibarreraino, betiere elurretako jarduerak eginez bideko haranetan. Ondo ateraz gero, hurrengo urtean bidearen beste erdia egitea zen asmoa. Arazoa zen egun asko beharko genituela. Maiatzean oso elur gutxi zegoen, eta, azkenean, ibilbidea aldatu, eta hiru egunetan egin behar izan genuen.

Zer-nolako esperientzia izan zen?

Izugarria. Ostiral eguerdi batean Irunberritik atera ginen azkenean, eta lehen egunean Otsagabia pasatu eta Larraineko portua igo genuen. Denera 115 kilometro, alforjetan hamabost kilo generamatzala. Oso berandu egin zitzaigun gauean eta, gainera, ekaitz elektriko bat izan genuen. Pentsa, eskiak generamatzan gainean... beldur handia pasatu genuen. Larraineko frontoira goizaldeko ordu batean iritsi ginen, eta bertan lo egin genuen. Arropa guztia bustita, lo zakua ere bai, eta, okerrena zera zen: hurrengo egunean 200 kilometro baino gehiago genituela aurretik.

Nahiko lan izan zenuten orduan.

Bai, gainera, bigarren egunean mendate asko igo behar genituen: Bagneres, Saint Lary, Aspen... Bigarren egunean, egun guztia pasatu genuen bizikleta gainean, 09:00etatik 22:00etara. Azken egunean, Campbieileko [3.173 metro] ertza egin nahi genuen, baina ez zegoen ia elurrik. Azken unean Estaragne [3.006 metro] igo genuen. Hiru eguneko bidaia zoragarria izan zen. Esperientzia bikaina izan da hurrengo baterako. Gauza asko ikasi ditugu.

Zer ikasi duzue bidaiaz?

Lehenik, hurrengoan askoz ere pisu gutxiago eramango dugula. Ezin gara joan berriro ere sukaldearekin, zakuarekin, kranpoi astunekin eta hainbeste sokarekin. Hurrengorako ikasi dugu. Logistika kontuak eta datak zehatzago aukeratuko ditugu.

Zerbait pentsatua baduzu orduan?

Bai. Hurrengoan ere ziurrenik bizikleta eta mendia uztartuko ditugu, baina era ezberdin batean. Agian, goizean mendiko jarduerak egitea, eta arratsaldean bizikletan 50 kilometro egitea, haran batetik bestera joateko. Oraindik ez dut ezer zehaztuta, baina aukera bat izan daiteke.

Pentsatzen dut jende askok galdetuko zizula, baina, noizko ikus-entzunezko luzeago bat?

Niretzat oso garrantzitsua izaten da kontatu nahi den istorioa. Oso istorio onak aurkitu beharko nituzke gauza luzeagoak egiteko. Orain badut lagun bat ikus-entzunezkoetan ibiltzen dena, eta agian harekin hitz egin beharko dut. Pentsatzen dut horrelako lanak egiteko ezinbestekoa izango dela esperientzia duen batekin egotea. Uste dut hori izango dela hurrengo urratsa. Koldo Pastor lagunak proposamen bat egin dit, eta ziur hura ere nirekin egongo dela hurrengo lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.