Imanol Aleson eta Carlos Moran. Mendi korrikalariak

«Bizipenez osatutako lasterketa da Tor des Geants»

Kirolari gogorrak dira, zailduak. Euren neurriko erronkari aurre egin diote aurten, bigarrenez: Tor des Geants. Alesonek oso pozik bukatu du; Moranek, ez hainbeste, eta berriro itzuli nahi du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Beasain
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ez dira atzo hasiberriak. Bigarrengoz izan dira Tor de Geants lasterketa ikusgarrian (338 kilometro eta 24.000 metroko desnibel positiboa), nahiz eta biek helburu ezberdinak zituzten. 2015eko esperientzia gaziak berriro ere Aosta ibarrera, Italiako Alpeetara, itzultzera eraman ditu Imanol Aleson (Azkoitia, Gipuzkoa, 1972) eta Carlos Moran (Zegama, Gipuzkoa, 1960). Alesonek orain bi urteko arantza atera du lortutako bosgarren postuarekin; Moranek berriz ere itzultzeko asmoa du.

Bigarren aldia zenuten biek, 2015ekoaren ondoren. Nolako esperientzia izan da aurtengoa, Aleson?

IMANOL ALESON: Lehen aldia ezusteko handia izan zen. 290. kilometroan nindoanean, lasterketa bertan behera uztea erabaki zuten antolakuntzakoek. Izugarrizko penarekin gelditu nintzen; amorruz nengoen. Horregatik itzuli naiz aurten: orduko arantza atera nahi nuen. Orain bi urte amaitu izan banu, ia ziurrenik ez nintzen itzuliko. Gauzak oso-oso ondo atera zaizkit, eta oraindik eta gusturago nago.

2015etik bazenekien orduan berriro ere itzuliko zinela.

I.A.: Itzuliko nintzela banekien, baina ez nekien noiz. Torrera joan eta amaitzen ez uzteak amorrua sortu zidan. Eguraldi txarraren ondorioz izan bazen ere, ez nintzen batere gustura etxeratu. Iaz itzultzeko asmoa nuen, baina, azken orduan, nire taldeak Transalpine Run lasterketan parte hartzeko aukera eskaini zidan [8 egun, bikoteka], eta ez nintzen Torrera joan. Aurten, gainera, Carlosi, Javi Dominguezi eta Felipe Artigueri dortsala tokatu zitzaien, eta are eta gusturago joan naiz.

Moran, zuk ere bigarren aldia izan duzu. Zuk ere ba al zenekien itzuliko zinela?

CARLOS MORAN: 2015ean, finisher aitortza eman ziguten 200 kilometrotik pasatu ginenoi. Momentuan pozik geunden arren, handik itzultzean argi geneukan kontua ezin zela horrela gelditu. Gauza bakarra nuen garbi: aurten ez nintzela itzuliko. Izena emateko epea amaitzen zen egun berean, Imanolekin topo egin nuen, Aizkorrin ibili eta gero. Berak argi esan zidan baietz, bera joatekoa zela, eta nik argiago oraindik ezetz, ni ez nintzela joango. Etxera itzuli eta emazteak ez zidan ba esan nire izena eman zuela! Ordurako Basque Ultra Trail Series zirkuituko lau lasterketak egiteko izena emanda nengoen. Ez nuen kanpora joateko asmo handirik. Nire zortea zein izango, eta tapa, tokatu! Jada ezin nuen atzera egin.

Zein asmorekin irten zineten lasterketan?

I.A.: Nire erritmoan egin nahi nuen, hasieratik amaieraraino. Ez nuen inorekin egiteko asmorik, bakarrik egin nahi nuen. Nire lehen asmoa, duela bi urteko denborak ikusita, gutxi gorabehera 90 orduan ibiltzea zen. Anaia nirekin joan zen, eta hari argi esan nizkion erreferentzia denborak. Azkenean, uste baino hobeto nengoen eta 81 orduan amaitzea lortu nuen. Ustekabean etorri zen bosgarren postua.

C.M.: Nire asmoa oso argia zen: amaitu egin nahi nuen. Hori zen helburu bakarra. Aurreko astean oso eguraldi txarra iragartzen ari ziren, eta oraindik eta argiago nuen helburua. Gerora, eguraldia aldatu egin zen, eta onera egin zuen. Hasieran mantsoegi nindoala sentitzen nuen, baina lehen anoa gunean sabeleko arazo batzuk hasi zitzaizkidan, eta ez nion bueltarik ematen. Hogeita hamar pauso eman, eta gelditu egin behar nuen. 50. kilometroan nindoan oraindik. Hemezortzi orduan ez nuen ezer jan eta edan. Halako batean, nahiko atseden hartu eta gero, jaten hasi nintzen eta suspertu. Arrastaka joan nintzen handik aurrera. Hasi aurretik 100 ordutik gertu ibiltzea espero nuen, baina 119 ordura joan nintzen. Amaitzea lortu nuen, baina oraindik ez ditut bakeak egin lasterketarekin.

Berriz ere itzuli nahi duzu?

C.M.: Bai, psikologikoki hobeto prestatuta joan nahi nuke hurrengoan. Aurten ez nengoen prestatuta horrelako gauza bat egiteko. Hurrengoan, burua gehiago ibilita prestatuko dut denboraldia.

Zer izan da gogorrena?

I.A.: Niretzat, logura. 90 orduan egitea pentsatua nuenez, bigarren gauean bi ordu lo egitea aurreikusi nuen eta laugarren gauean ere beste bi. Uste baino azkarrago ibili nintzenez, laugarren gaua baino lehenago iritsi nintzen. Ikusten nuen iritsiko nintzela, eta egunez iritsi nintzen. Azken jaitsieran lurrera jausi nintzen. Gauza batez konturatu nintzen: ez nintzela erori, lo hartu nuela baizik. Ura hartu nuen, aurpegira bota eta esna egoten saiatzen nintzen. Oihuka ere ibili nintzen, lo ez hartzearren. Azkenean, mendian zebilen italiar batek lagundu zidan. Denera, ordu eta erdi besterik ez dut lo egin.

Zure arazoa, ordea, ez zen logura izan, Moran.

C.M.: Ez, niretzat gogorrena ezin jan ahal izatea izan zen. Anoa guneetan ezin nuen ezer jan, ez zitzaidan ezer sartzen. Horrelakoetan gorputzak janari gazia eskatzen du, baina nik ezin nuen ezer jan. Gogoan dut anoa gune batean kalimotxo bat eskatu nuela. Harekin batera, urdaiazpiko tortilla bat eta bi kafe hartu nituen. Orduan berpiztu nintzen berriro. Barre ederrak egin zituzten nire kalimotxoaren kontura! Handik aurrera, hobeto joaten hasi nintzen. Loguraren kontura, esan, nik ere ordu pare bat besterik ez nuela lo egin. Lo egiten saiatzen zaren arren, ia ezinezkoa da.

Aleson, zuk atzetik aurrerako lasterketa egin zenuen, bosgarren postuan amaitu arte. Ba al zenekin lehen postuetan zindoazela?

I.A.: Anaiari gauza bat besterik ez nion esan irten aurretik, ez nuela jakin nahi inongo momentuan zenbatgarren nindoan. Eskatutakoa bete zuen azken 38 kilometroetan sartu nintzen arte. Banekien ondo nindoala, baina ez nekien zein postutan nindoan. Anoa guneetan, irtetean, sinatu egiten genuen bertako horma batean. Lehenengo anoa guneetan sinadura batzuk ikusten nituen, baina azkenekoan jada oso gutxi zeuden. Baina zera pentsatu nuen: «Hauek ez dituk bertan gelditu ere egin». Orduan esan zidan anaiak bosgarren nindoala. Berrogeita hamar minutu ateratzen zizkidan laugarrenak. Azken kilometroak izan ziren denetan okerrenak, orduan hasi nintzelako lehian.

Zurea beste lehia bat zen, Moran. Sare sozialetan irudi gordin batzuk ikustea tokatu zitzaigun. Uneren batean lasterketa bertan behera uztea pentsatu al zenuen?

C.M.: Emazteari deitu nion lehen aldian bai. Gelditu egingo nintzela esan nion. Une horretan abantailak dezentekoak ziren. Silvia Triguerosekin joan nintzen kilometro askotan, baina arazoak hasi zirenean denbora asko galdu nuen. Badakit oso zaila dela jendeari azaltzea, berrogeita hamar kilometroren ostean uztea pentsatuta nuela, eta gero ia beste hirurehun kilometro egin nituela. Inori ez zaio burutik pasatzen lehen egunean lasterketa bertan behera uztea. Pentsa, lehen egunean lasterketa utzi eta beste lau egunetan bakarrik egon behar duzu etxean, besteak iritsi arte. Nola ba... Argi neukan amaitzera joan nintzela, eta hori egin nuen.

Oroitzapen asko izango dituzue, baina zer nabarmenduko zenukete?

I.A.: Lasterketaren aurreko momentuak, joan ginen lagunekin. Izugarrizko taldea egin dugu. Korrika egitera lau joan ginen, baina anaia ere gurekin joan zen. Bertan beste bi lagun ere gehiago bildu zitzaizkigun, eta sekulako giroa izan genuen aurreko egunak igarotzeko. Lasterketa, berriz, bizipenez osatutako lasterketa bat da. Anoa guneak, jendearen gertutasuna... film baten antzekoa da.

C.M.: Arrazoi du Imanolek. Esaterako, 100 kilometroko lasterketa batean ez zara oroitzen 50 kilometroz, ez zara ohartzen zer egin duzun ere. Hemen ere antzekoa gertatzen da, 200 kilometro daramatzazunean, zera pentsatzen duzu: «130 besterik ez da gelditzen eta!». Burua egoerara egokitzen joaten da une oro. Ni bertako jendearekin gelditzen naiz: ikaragarriak dira! Denak animatzen dituzte, nahiz eta leku askotan hiru pertsona besterik egon ez. Bertako anoa guneak ere latzak dira. Janari ikaragarria jartzen dute, ibar bakoitzekoa aurrekoa baino hobea zen. Izen emateak 650 euro balio du, baina ondo pentsatuta, ez da hain garestia. Aste oso bat pasatzen duzu bertan, lo egin, dutxatu, gosaldu, bazkaldu eta afaldu, medikuen laguntza... Merkea eta guzti dirudi [barreak].

Zuek lehiatzera joan zarete, baina jendea joango da lasai egitera ere, ezta?

C.M.: Bai, bai. Esaterako, azken 24 orduan 300 parte hartzailetik gora helmugaratzen dira. Irteeran 950 korrikalari inguru ginen eta amaitu, berriz, 475ek egin genuen. Pentsa...

Zer du Tor de Geantsek berriro ere itzultzeko?

I.A.: Nire kasuan, arantza atera besterik ez nuen egin nahi, baina orain argi daukat berriro ere ez naizela itzuliko. Izugarrizko egurra da gorputzarentzat, nahiz eta fisikoki oso ondo joan. Baina lan handiena buruak egiten du, eta, psikologikoki prestatuta ez bazaude, jai duzu. Hori bai, bertako mendiak, parajeak, ibarrak... Ultra lasterketetan ibiltzen den edonork bizitzan behin egin beharreko proba bat da Tor de Geants.

81 ordu eta 119 orduren ostean, zer sentitzen da helmugan?

I.A.: Izugarrizko poza izan zen. Neure buruarekin oso harro nengoen, gehienbat gozatzeko hainbeste aukera izan nuelako. Ia lau egun igaro nituen mendian bakarrik, oso kontzentratuta, idien pare, eta behin helmuga igaro eta gero, behea jo nuen, eta asko hunkitu nintzen. Uste dut ez dudala inoiz hainbeste negar egin.

C.M.: Kirol arloan oso etsita sentitu nintzen. Neure burua engainatzen saiatzen nintzen; neure buruari esaten nion ez zegoela gaizki, 100 lehenen artean sartu nintzela... Baina ez zen horrela, argi daukat zerbait gelditu zaidala amaitzeko. Itzuliko naiz, ziur, fisikoki eta psikologikoki beldurrik ez didalako ematen. Beldurrik handiena eguraldiak ematen dit, eta hori ezin dugu guk kontrolatu.

Eguraldiak hainbeste baldintza al dezake lasterketa?

C.M.: Bai, izugarri. Orain dela bi urtekoa latza izan zen. Anoa gune askotan errekak sortzen ziren bota zuen euriarengatik. Oso gogorra izan zen, bertan blai eginda ohean sartuta, baina aldatzeko arroparik gabe...Uf, ez gogoratzea hobe.

Aleson, aurten, ia 1.300 kilometro egin dituzu lasterketa ezberdinetan, baina horietatik ia 570 kilometro bi lasterketatan. Nola da posible?

I.A.: Gehien gozatu ditudan bi lasterketak izan dira, gainera. Bata, Tor des Geants, eta bestea, Andorran, bikoteka, Txomin Isuntza lagunarekin. Agian lehia alde batera uzteak dituen onurak ezagutu ditut; presiorik gabe ibili naiz. Bakoitzaren aurka lehiatzeak duen alde ona ezagutzeko aukera eman didate bi lasterketa horiek.

Zuk ere, Moran, zortzi ultra lasterketa egin dituzu aurten. Ez al zaigu burua joaten ari ultrekin?

C.M.: Baietz esango nuke. Inoiz gehien gozatu dudan lasterketa lehen ultra izan zen. Oso ondo prestatu nintzen, oso motibatuta nengoen... Orduan zera pentsatzen nuen, ea nola egingo ote nituen 160 kilometro. Buruan gauza bat sartutakoan horrelako gauzak egiten dira. Lehenik Ehunmiliak, gero Tor des Geants, eta noizbait Torren bikoitza sortuko balute, ziur norbaitek egingo lukeela.

Eta motibazioa, nondik ateratzen duzue?

I.A.: Egunerokoan aurkitzen dut. Motibazioa galtzen dudan egunean, ez dut gehiago ultrarik egingo, hori ziur. Niri gustatzen zaidana hori da: egunero mendian ibiltzea. Lasterketek egun bateko lehia eskaintzen dute, baina ongi edo gaizki atera daiteke.

Zuekin zen lasterketako irabazle eta markaren egilea: Javi Dominguez. Zer duzue aipatzeko?

C.M.: Oso ondo prestatu du lasterketa: anoa guneetan zer jan, zer edan, estrategia... Robot baten antzekoa da, dena behar den bezala egiten du eta horrek irabaztera eraman du.

I.A.: Oso argi zeukan zertara zihoan. Nik ezin nuen sinetsi horrelako marka egitea posible zenik. Ni ere bertan egon naiz, ikusi ditut nolako aldapak dauden, nolako jaitsierak... Ezinezkoa zela pentsatzen nuen, baina lortu du. Marka ikaragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.