Leire Fernandez Abete. Mendiko korrikalaria

«Bizi egin nahi dut, zoriontasuna aurkitu, edozer eginda ere»

Nerabea da, baina emaitzek goi mailako kirolari egin dute helduen artean. Bere etorkizunari buruzko galderen eta aurreikuspenen zama jasan behar izan du aspalditik. Fernandezek, ordea, gozatzea baino ez du helburu, mendian eta txakurrekin, beti irribarrea ahoan.

AITOR MATAUCO / RED BULL.
Unai Ugartemendia.
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Azterketen atarian dago, lanpetuta, Leire Fernandez Abete (Errenteria, Gipuzkoa, 1998). Fisioterapia ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan (Bizkaia). Lehen ikasturtea du, eta nahikoa lan du ikasketak, entrenamenduak eta lasterketak uztartzen.

Jende asko zure adinarekin, 18 urterekin, hasten da mendian korrika. Zu zenbat urterekin hasi zinen?

Ez naiz ziur ondo oroitzen, baina uste dut 11 urterekin izan zela. Zurizan [Huesca, Espainia] geunden batean, kartel bat ikusi genuen. Bertan, inguruko mendi lasterketa bati buruzko informazioa zegoen: Boca del Infierno lasterketa, Ozako basoan. Aitari komentatu nion, konbentzitu nuen eta bertara joan ginen. Ikusten duzun moduan, erarik sinpleenean hasi nintzen. Ez dut inoiz ahaztuko. Sekulako esperientzia izan zen. Nire bizitza markatu duen une horietako baten gisan gogoratzen dut.

Ordura arte, zein beste kirol egiten zenituen?

Ikastolan denetik egiten nuen. Urteak aurrera joan ahala, eskubaloian hasi nintzen, aurrena Errenteriako Ereintza taldean, eta ondoren Gipuzkoako selekzioan.

Lasterketetatik ezagutzen zaitugunok beti aitaren ondoan ikusten zintugun. Zein izaten ziren aitaren aholkuak?

Aita ez da korrikalaria, ezta gutxiagorik ere. Beldurra pasatzen zuen, niri zerbait gertatzeari beldurra. Beti berarekin joan behar nuela esaten zidan. Geroago, tratuak egiten hasi ginen, noraino joan behar nuen berarekin eta noiz libratu nintekeen berarengandik [barreak]. Asko hitz egiten zidan, eta baita animatu ere, baina aholku gutxi ematen zizkidan. Gerora etorri dira bere aholkuak eta bere sermoiak [barreak].

13 urterekin jada helduen mailako lasterketak irabazten zenituen. Zer sentitzen zenuen orduan?

Egia esan, ez dakit. Lasterketetatik ez ditut postuak gogoratzen, bertan pasatu zaizkidan gauzak baizik. Nola ezkutatzen nintzen txiza egiteko, jaitsiera batzuetan ondoan izaten nituen lagunak edo anoa guneetan helduengandik jasotzen nituen animoak. Euskal Herria Mendi Erronkan, esaterako, Ireber igaro eta gero, txikituta zegoen jendea aurreratzen nuenean, haiek ematen zizkidaten animoak... Une politez betea dut bihotza, eta horiek jada ezin dizkit inork kendu. Hori dena bizitzen duzunean, edozein markak baino gehiago zaletzen zaitu.

Azken urteetan mendiko lasterketak eta txakur krosa partekatu dituzu. Nola hasi zinen diziplina horretan?

Txakur krosarena ere kasualitate hutsa izan zen. Herrian kartel bat ikusi genuen eta jarraian aitari joateko eskaera egin nion. Lagun bati eskatu genion txakurra, eta geroztik ez dut bizitza txakurrik gabe imajinatzen. Mendiagatik sentitzen dudan poztasuna beraiekin partekatzea, nola ematen duten guztia niregatik, bai elurretan, bai lokatzetan, beroarekin... Hori bizitzen duenak jada ez du alde egiten.

Zein dira bakarrik edo txakurrekin lagunduta ibiltzearen alderik nabarmenenak?

Oso ezberdina da, ez du zerikusirik ezertan. Mendiko lasterketetan lehiatzean, jende arruntarekin eta erritmo normaletan joaten gara. Nolabait esateko, bakoitzak kontrolatzen du nola doan, noiz gelditu, nola igo, nola jaitsi... Oso polita izaten da. Buruak lan handia egiten du eta hori oso garrantzitsua izaten da. Asko gozatzen da mendiaz, jaitsiera teknikoak, lau hanketan egin beharreko igoerak... Txakurrarekin lotuta joatean, ordea, beste erritmo batzuetan joaten zara eta asko arduratzen zara txakurraz. Hitz egiten diozu, animatu egiten duzu eta, gainera, zuretzat nola lan egiten duen ikusten duzu. Horrek askoz gehiago motibatzen nau. Asko gustatzen zait txakurrekin elkarlanean aritzea. Orain, gainera, haiekin eskiatzen dut. Eskiak jarri eta burugabe haiei lotzen zara. Ikaragarria izaten da hartzen den abiadura, kontrol falta behera zoazenean... Bizi beharreko esperientziak dira, sentitu beharrekoak. Barnean gelditzen diren gauzak dira, eta horiek ez dira, ez argazkietan, ez sailkapenetan, eta ezta elkarrizketetan ere ateratzen. Norberak bere barnean daramatzan gauzak dira.

Txakur krosean munduko txapeldun izatea lortu zenuen helduen mailan, baina 14 urterekin. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Uf, ezingo nuke hitzekin deskribatu, ezta idatziz ere. Oso barnean daramadan gauza bat da, inoiz ahaztuko ez dudana. Saria baina askoz gehiago da, askoz ere haratago doan zerbait. Oso esperientzia polita izan zen Iron-Bolt nire txakurrarekin bizi izan nuena. Bera izan zen sari horren benetako garailea. Bizitzan zehar partekatutako energia da bien artekoa, eta oraindik esperientzia asko ditugu partekatzeko. Podiumak eta sariak ahaztu egiten dira, baina horrelako gauzak ez.

Korrikalari ona izateaz gain, beti izan zara oso ikasle ona ere. Nola uztartzen dituzu kirola eta ikasketak?

Ea, ea... Jende askok pentsatzen du beti ikasten aritzen naizela edo liburuak oso gustuko ditudala. Eta ez da horrela. Ikastea, beste guztiei bezala, asko kostatzen zait. Gertatzen dena zera da, mendian bezala, irmotasun handia eta eguneroko lana behar direla. Eta horretan ondo moldatzen naiz. Egunerokotasunean zorrotza naiz, denetara iritsi ahal izateko. Askotan ostatuetara liburuak eraman behar izaten ditut asteburuetan, edo bidaietan askotan kopeteko argiarekin joaten naiz, ikasi ahal izateko. Oso zaila da denetara iristea, baina gaur egunera arte behintzat, nahiko ondo antolatzen naiz.

Katalunian jokatu zenuen lasterketa batean, Olla de Nurian, kanporatu egin zintuzten, lasterketara gonbidatu eta lasterketa irabazi eta gero, 16 urte ez zenituelako. Kontatuko al diguzu bitxikeria hura?

Beno, oso erraza da. Araudian argi jartzen du, bertan parte hartzeko 18 urte izan behar dituzula, eta nik garai hartan ez nituen. Hala eta guztiz ere, detaile oso txikia da. Lekua ikaragarri gustatu zitzaidan, eta han jendearen berotasuna sentitu nuen, eta jendearen errespetua irabazi nuen.

2014an, 16 urte besterik ez zenituela, Leitzan jokatzen den Euskal Herria Mendi Erronka irabazi zenuen, 65 kilometroko lasterketa. Marka ere jarri zenuen. Jendeak ez zuen ondo ulertu nola utzi zizuten bertan parte hartzen. Zer duzu esateko?

Ez dakit, nik esan dezakedan gauza bakarra zera da, betirako markatu nauen lasterketa izan dela. Etxean korrika egiteko aukera eman zidaten. Jende askorekin ordu asko eta kilometro asko egiteko aukera izan nuen. Atzetik entzuten nituen animoak... Nire burua probatu nahi nuen eta burua eta gorputzaren arteko lehia ikusi nuen. Gauza asko sentitu eta bizitu nituen, eta gauza horiek nire urteez edo denboraz haratago doaz. Adinari buruzko xehetasun horiek guztiak ahaztuta ditut, beste guztiak, berriz, ez.

Orain arte ezin izan duzu parte hartu lasterketa askotan, araudiengatik, ez zenituelako 18 urte. 18 urte beteta, zein lasterketa egitea gustatuko litzaizuke?

Ez daukat ideiarik ere. Badakizu zer gertatzen den: lehen gutxi batzuetan bakarrik parte hartu nezakeen; orain, berriz, guztietan. Baina ez dut erotu nahi. Nik nahi dudana zera da, esperientziak bizitzea, orain arte egin dudan antzera. Oraingoz bizi egin nahi dut, nire zoriontasuna aurkitu nahi dut egiten dudana egiten dudala. Korrika egin nahi dut, eskiatu... bizi egin nahi dut.

Zein izan da lasterketa batean izan duzun momenturik okerrena?

Oraingoz ez dut esperientzia oso txarrik izan. Bitxikeria bat badut kontatzeko, ordea: Volta Cerdanya Ultrafons lasterketan [Herrialde Katalanak], hamargarren kilometroan, kakalarria nuen. Ahal nuen guztia egin nuen helmugara iristeko ahaleginean. Lehen postuan nindoan eta Anna Comet oso gertu zetorren, beraz, ezin nuen gelditu. Helmugarako bi kilometroren faltan ordea, ezin izan nion kakalarriari gehiago eutsi. Sasi batzuen atzean jarri eta nire eginbeharrak egin nituen. Berriro ere lasterketara sartu nintzenerako Annak aurrea hartua zidan. Gutxigatik, baina irabazi egin zidan [barreak].

Lasterketa bati buruz duzun oroitzapenik onena?

Oso zaila da niretzat oroitzapenik onena aukeratzea. Bihotzera begiratzen jartzen banaiz, Euskal Herriko Mendi Erronkaz hitz egin nezake edo irabazitako Traveserinaz [Asturias, Espainia], edo Beriaingo kilometro bertikalaz, edo... Baina partekatu nahi dudan oroitzapen bat badut: Txakur Kroseko Munduko Txapelketan eginiko azken kilometroak. Txakurrarekin hizketan, oihuka, animatzen, hilzorian neraman. Grabatuta gelditu zait haren irudia, nigatik tiraka, lokatz haietatik irteten. Txakur horrek irakatsi dizkidan balioak ez ditut sekula ahaztuko.

Egutegiari begira, zein lasterketa egingo dituzu aurten?

Uf, ba ez dakit. Askok egiten didazuen galdera da. Inoiz ez dut egutegirik egin eta ez dakit egiten ere. Aitarekin hitz egingo dut, eta antolatzen joango gara.

Euskal Herriko lasterketaren batean ikusiko al zaitugu, Zegama-Aizkorrin esaterako?

Oraintxe bertan ez dakit zer esan ere. Nire burua elurretan jarria dut. Gelditzen den apurra baliatu beharra daukat. Baina uste dut Zegaman ez naizela izango. Maiatza oso hilabete txarra da unibertsitatean gabiltzanontzat. Hilabete horretan amaitu nahi nuke ikasturtea, udan lasai ibili ahal izateko.

Salomon kirol markaren etorkizuneko izarretako bat zara. Horrek urduritasuna sorrarazten dizu?

Ba, askotan baietz esango nuke. Jendeak eliteko korrikalari bat izango banintz bezala hitz egiten dit, edo nire egutegia jakin nahi dute, edo zerbait berezia egiteko asmorik dudan jakin... Baina nik 18 urte besterik ez dut, eta bizitza guztia aurretik. Orain egin nahi dudan gauza bakarra zera da: nahi dudana egitea eta egiten dudanarekin pozik egotea. Etorri behar duena etorriko da aurrerago ere.

Nolabaiteko presioa sentitzen al duzu, oso-oso gaztetatik lasterketak irabazi izan dituzulako?

Ez dakit, pentsatzen dut beste guztiak bezala. Urduri jartzen naiz, agian beste asko baino gehiago, esperientziarik ez dudalako eta denetik pasatzen zaidalako [barreak]. Oraingoz ezjakin bat naiz, baina ez nau arduratzen. Joango naiz ikasten.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Ez dut egun arruntik, beti unibertsitatera egokitu behar dudalako. Taldekako lanak, mintegiak, entrenamenduak, asteburuak libratzeko aurreratu beharrekoa... Lagunak harritu egiten dira gauza guztiak bere lekuan izateko nola moldatzen naizen ikusita. Ikasketetara moldatu behar dut, denboraldiaren uneetara, lasterketa batean baldin banago, edo eskiatzen, edo txakurrekin... Nire egunerokotasuna buruhauste bat da, ahal dudanean entrenatzen naiz eta ahal dudan lekuan.

Oraindik oso gaztea zara, bainanon ikusten duzu zeure burua hemendik hamar urte barru?

Beste galdera zail bat. Ez dut ideiarik ere, pentsa, oraindik udan zer egingo dudan ere ez dakit, beraz hamar urte barru... Argi dudana zera da, nire txakurrekin biziko naizela nahi dudan lekuan eta betetzen nauten gauzak egiten. Ez dut ezertan aurreratu nahi, unean unekoa bizi nahi dut eta gozatu egin nahi dut.

Zenbattxakur dituzu? Eta zer ematen dizute?

Orain, hiru: Iron-Bolt, Elan eta Sony.Iron-Bolt da denetan liderra, eta beste biak kumeak dira. Haiekin bizitzeko ilusio handia dut eta datorren neguan Txekiara, Poloniara edo Norvegiara joan nahiko nuke, bertakoekin bai txakur krosean edo skijoringean [txakur krosa, baina eskiekin eta elurretan] lehiatzera. Ez dut imajinatzen gaur egungo nire bizitza txakurrik gabe. Ia dena batera egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.