Alex Txikon: «Bihotzarekin pentsatu dugu, eta buelta hartzea erabaki dugu»

Lemoako alpinista Euskal Herrian da, Annapurna (8.091 metro) mendi tontorrera igotzeko neguko saiakera egin ondoren. Helburua lortu ez arren, Txikon «oso pozik» eta «gustura» azaldu da.

Alex Txikon eta Eneko Garamendi Meabe, gaur, Loiuko aireportuan.
Alex Txikon eta Eneko Garamendi Meabe, gaur, Loiuko aireportuan. BIOK PRENTSA
marcos tedin
Bilbo
2024ko urtarrilaren 19a
17:30
Entzun

«Gustura gatoz», esan du Alex Txikonek, irribarretsu, Loiuko aireportura heldu bezain laster. Aurreko larunbatean, bertan behera utzi zuten neguan Annapurna (8.091 metro) igotzeko ahalegina; ez du umorea galdu, hala ere. «Momentu batzuetan, tristura edo pena hortxe daukazu. Baina gustura gaude, benetan. Aurreko saiakera batzuekin alderatuz, askoz ere gusturago gatoz».

Txikonek aitortu du gutxi aztertu duela mendia. 2010ean gailurrera iristea lortu zuenez, uste zuen jakingo zuela Annapurna hobeto aztertzen. «Informazioa hortxe eduki dut. Material guztia kanpalekura eramateko laguntzeko talde bat izanez gero, ziurrenik eraginkorragoak izango ginen», arrazoitu du. Hori egin beharrean, taldea bera material guztia igotzeaz arduratu zen. Dena dela, gaineratu du «hamalau urte luze» igaro direla igo zenetik: «Urte luze horietan asko aldatzen da mendia. Annapurna bera egun batetik bestera aldatzen da».

«Urte luze horietan asko aldatzen da mendia. Annapurna bera egun batetik bestera aldatzen da»

Txikonen ustez, «saiakera polita» egin dute, eta helburua lortzeko zorian egon dira. «Alabaina, errematatzea falta izan zaigu. Gure eskuetan eduki dugu». Baldintza «onak baina gogorrak» topatu dituzte mendian, eta horrek eragotzi die igoera. 

Eduki duten arazoetako bat elur falta izan da. Lemoarrak azaldu duenez, elur gehiegi izatea arazo bat da, baina baita elurrik ez egitea ere, horrek elur jausiak eragiten baititu: «Hamabost minututik behin elur jausi bat izan dugu». Zailtasun handiagoa dakar Annapurna igotzeak neguan: «Normalean, udaberrian bakarrik behin pasatzen da kanpalekutik gora. Gu, kasu honetan, lau aldiz pasatu ginen».

«Normalean, beti hotzak izaten gara: odol hotzean pentsatzen dugu. Baina oraingo honetan, bihotzarekin hartu ditugu erabakiak» ALEX TXIKON  alpinista

Txikonen hitzetan, mendiari buruz egin duen azterketa okerrak sorrarazi dio kezka, aipatu bezala aurretik ezaguna baitzuen. Baina erantsi du «erokeria» eta «arrisku larria» izango zela igotzen saiatzen jarraitzea. Hala ere, esperientzia honek «ikasteko» balio izan diela ziurtatu du.

Zuhurtziaz jokatu dute

Txikonek esan du bueltatzeko erabakia «bihotzarekin» hartu dutela: «Normalean, beti hotzak izaten gara: odol hotzean pentsatzen dugu. Baina oraingo honetan, bihotzarekin pentsatu dugu, eta buelta hartzea erabaki dugu». Bigarren kanpalekutik pasatu ezinik, arriskutsua zatekeen igotzeko saiakerarekin aurrera jarraitzea, eta, «nahiz eta hilabete luze bat eduki aurretik», erabaki zaila hartu behar izan dute: espedizioa bertan behera uztea.

Annapurna eta haren gisako mendiak igotzeak berez dakartzan arriskuak nabarmendu ditu alpinistak: «Hor, goian, epika edo arrakasta ideia horrek heriotza baino ez dakar». Gainera, esan du taldekoak zaindu nahi izan dituela: «Neuri zerbait gertatzea... onartu dezaket. Baina ez dut gura bizi nire bizitza osoa zama batekin, hau edo beste hori joan delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.