Adolfo Madinabeitia. Eskalatzailea

«Bihotzak agintzen dizkit helburuak»

Eskaladan aritu direnek eta aritzen diren askok ezagutzen eta estimatzen dute Madinabeitia; jende gehienarentzat ezezaguna izanik ere, erreferentzia da horma handien eskaladan.

Unai Ugartemendia.
Gasteiz
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Askotan adinak gaztetasunarekin zerikusirik ez duela erakusten du Adolfo Madinabeitiak (Agurain, Araba, 1959). Hainbat belaunalditako eskalatzaileen erreferentzia izan da, eta gogotsu jarraitzen du oraindik, bai gazteekin entrenatzen, bai bere proiektuetan, Euskal Herritik kanpoko hormatzarretan. Eskalada lanbide ere bihurtu zuen. Bera da Euskal Herriko eskalatzeko hainbat hormaren egilea.

Nola da posible Euskal Herriko eskalatzailerik onenetakoa izatea, baina jende askorentzat ezezaguna izatea?

Niretzat, eskalatzaileek eta ingurukoek ezagutzen nauten bitartean, nahikoa da. Nire lanarengatik horiek ezagutzea da garrantzitsuena. Jende asko gehiago ezagutzen dute reality-engatik eta, egiten duten lanarengatik baino gehiago, eta ez dut gustuko. Hala ere, gu beste garai batzuetatik gatoz, eta, gaur egun, gauzak beste era batera bizitzen dira. Gure garaietan, ez zeuden sare sozialak, esaterako.

Badirudi, gaur egun, egiteaz gain, saltzen ere jakin behar dela. Zuk bide horretatik alde egitea erabaki al zenuen?

Bai. Nik saltzeko ditudan gauzak eskalatzeko hormak dira. Nik mendiko gauzak bihotzez egiten ditut, eta hainbeste urtetan horrela iraun badut, bihotzarekin jokatu dudalako iraun dut. Askok esan izan didate ez nekiela neure burua saltzen, baina nik zera erantzuten nien: «Eta nik zer dut ba saltzeko?». Gaur egun saltzen diren gauza asko ez ditut jasaten, gehiegikeriak iruditzen zaizkit. Niretzat, mendia eta eskalada bizitzaren bidea izan dira, eta gauza pertsonal baten gisa bizi izan ditut.

Beste eskalatzaileei erreparatzen al diezu?

Bai, bai, informatuta egon behar da. Beti kasu egin izan diot jendeari, lehen gure aurrekoei eta, orain, berriz, gure gainetik ziztu bizian pasatzen ari direnei ere bai. Garai ezberdinak dira, baina kalitate handiko jendea dabil eskaladan.

Zu hasi zinenean, lau katu izango zineten.

Bai, orduan denok ezagutzen genuen elkar: eskalatzaileak, espeleologoak, mendizaleak... Orain, berriz, askotan haitzera eskalatzera joan, ondokoari nongoa den galdetu eta Gasteizkoa dela esaten dizute. Gaur egun, izugarrizko jendetza dabil hormetan, eta oso zaila da denak ezagutzea.

Zuk esana da zuk egiten duzun eskalada motarako gazteen pentsamoldea izan behar dela.

Bizitzan, oro har, gazteen pentsamoldea izan behar da, bestela hilda zaude [barreak]. Lagun batek esaten dit ibilbidea alderantziz egiten ari naizela. Pentsatzen jarrita, gaur egun asko kostatuko litzaidake garai batean egiten genituen astakeriak egitea. Bizimodu hobe batera pasatu naizela esango nuke.

Nola aukeratzen dituzu proiektuak? Zailtasunagatik? Berritasunagatik? Bidaiatzeagatik?

Denagatik. Askotan, eskalada aitzakia ona ere bada bidaiatzeko. Bihotzak agintzen dizkit helburuak. Askotan, gauzak sentsazio onengatik egiten ditut, eta edozein erokeria egiteko prest izaten gara helburua lortzearren.

Mendizale askoren antzera, zu ere urtero proiektu berri bat egiten saiatzen al zara?

Garai batean bai, gazteagoa nintzenean. Ia urtero irteera bat egiten nuen, baina gaur egun egunerokora moldatzen naiz. Semea txikia zenean, gauzak partekatu behar izaten nituen; azkeneko hiru urteetan, ordea, kanpora atera naiz.

Zure belaunaldiko askori gertatu bezala, etxean ez omen zuten ondo ikusten zu eskalatzen aritzea. Zer duzu esateko?

Aitak gorroto zuen ni eskalatzera joatea. Nik min hartzeko beldurra izaten zuen, eta gure etxean eskalada hitza tabu bihurtu zen. 15 urterekin hasi nintzen arren, 21 urte egin nituen arte ez zuen jakin. Banekien ez zitzaiola batere gustatuko, eta niri xantaia egiten saiatzen zen. Nik ezin nuen eskalada saihestu.

Zuk esana da zure eskalatzeko modua eta beste batzuena bi kirol ezberdin direla. Zer esan nahi duzu horrekin?

Guk eskalatzeko dugun filosofiaz ari nintzen. Inoiz ez zait gustatu talde handiekin eskalatzea, ez zaizkit gustatu jende askoko espedizioak. Uste dut ez dela benetako eskalada. Mendi bat oxigenoarekin edo oxigenorik gabe egitearen antzekoa iruditzen zait.

Hainbesterako?

Antzekoa da. Jokoaren arauak ez dira berdinak. Norberak bide osoa ireki behar badu eta lan guztia berak egin behar badu, ezin da talde lan batekin alderatu. Ahalegin batek eta besteak ez dute zer ikusirik. Gauzak egiteko moduak asko esan nahi du. Guk horma handiak eskalatzeko geronek garraiatzen genituen gauza guztiak, eta horrek zailtasuna handitzen du.

Zuek eskalatzeko duzuen era hori galtzen ari al da?

Ez dut uste. Oraindik ere bada jendea eskalatzera bakarrik joaten dena eta gauza ikaragarriak egiten ari dena. Ni ez naiz, beste asko bezala, pasatutako garaiak beti hobeak direla pentsatzen duten horietakoa.

Hainbeste urteren ondoren, orain nola entrenatzen zara?

Orain askoz ere errazagoa da dena. Lehen baino gehiago entrenatzen naiz. Agian, gehiago beharko dugulako izango da [barreak]. Astean hiru edo lau egunetan joaten naiz hormara, eta, gero, helburuaren arabera, entrenamendu aerobiko gehiago egiten dut, hanketako ariketak... Urte hauetan guztietan, asko laguntzen ari zait Irati Anda. Gaztetxoen talde bat entrenatzen du, eta ni ere tartean ibiltzen naiz, oso gustura gainera. Asko gustatzen zait gazteek duten ilusioa, eta niretzat ere oso motibagarria da.

Euskal Herrian zure belaunaldiko alpinista asko ezagutu ditugu, Juanjo San Sebastian eta Juanito Oiartzabal, esaterako. Zuk, ordea, eskalada aukeratu zenuen. Zergatik?

Denetik probatu behar da, eta nik Everesteko ahaleginez ditudan oroitzapenak ez dira batere onak. Orduan konturatu nintzen mota horretako mendiek eta espedizioek ez nindutela batere betetzen.

Zer gertatu zitzaizuen ba?

Lagun bat galdu nuen, Antonio Miranda. Gainera, espedizio hark talka egin zuen nik mendiak igotzeko neukan filosofiarekin. Gaur egun, kasu egiten diet espedizioei, baina niretzat ez dira batere gozagarriak.

Pakistanen, Trangoko Dorrean, 30 egun igarotakoa zara haitzean zintzilik. Zenbaterainoko lana egiten du buruak horrelakoetan?

Lan handia egiten du buruak, bai. Zaila izaten da beldur horiek gainditzea, baina urte asko igaro eta gero, lortu dut.

Zeuk ordaindu al dituzu zure espedizioak?

Denetik egon da. Espedizio guztiak gure poltsikotik ordaindu behar izan bagenitu, galduta geundeke! Dirua aurreratzen genuela esan genezake. Espedizioak egin eta gero ematen genituen hitzaldien eta ikus-entzunezkoen babesa geneukan. Sari batzuk ere irabazi genituen. Hala ere, espedizio batzuetarako babesleak izan ditugula esan behar dut. Horretan ere, garaiak asko aldatu dira. Niri, gainera, nik egindako gauzak filmatzea gustatu izan zait beti, eta horrek ere dirua aurrezten laguntzen zidan.

Hamabi aldiz igo duzu Ameriketako Estatu Batuetako El Capitan hormatzarra, Yosemiten. Zergatik hainbestetan?

Bost aldiz egon naiz bertan, baina batzuetan hiru aldiz igo dut, bide ezberdinetatik. Lehen aldiz, Jesus Galvez lagunarekin joan nintzen. Garai haietan, hainbesteko gogoa genuen eskalatzeko, bidea behin egin eta gero berriro egiteko prest egoten ginen. Ez zuen igoera batekin balio, gorputzak gehiago eskatzen zigun beti.

Jende askok goraipatzen du Venezuelan igo zenuten Salto del Angeleko pareta —1.150 metroko igoera—. Hainbesterako al da?

Hemeretzi egun pasatu genituen horman Jesus Galvezek eta biok. Inoiz egin dudan gauzarik gogorrena da. Han egindako eskaladak eta egiteko moduak beteta utzi ninduen. Urte asko igaro ziren beste batzuek errepikatu zuten arte, baina hori lortzeko bide guztia apurtu zuten. Guk egindako luzeak erditik banatu zituzten, aseguru gehiago jarri zituzten… Paretak benetako errespetua sorrarazten du; behean zaudenean, gainera eroriko zaizula ematen du.

Patagoniara, ordea, oso berandu hasi zara joaten. Zergatik orain?

Bai. Orain urte batzuk ez genion inolako etorkizunik ikusten. Bagenekien, han hilabete pasatuta ere, agian ez genuela aukerarik izango igotzeko. Hara joatea garestia zen, eta askotan nahiago genuen beste nonbaitera joan. Gaur egun, pena pixka bat badut, garai hartako Patagonia ez ezagutzeagatik. Gaur egun, ordea, gauzak asko erraztu dira. Nahiko basatia da oraindik, baina Chaltenen moduko herriak dauzkazu, Internetekin eta eguraldi iragarpen zehatzekin. Garai hartan, abenturara joatearen modukoa zen.

Zein espediziotan pasatu duzu beldur gehien?

Ba, ez dakit. Nik beldurra hirian pasatzen dut [barreak]. Askotan pasatu izan dut beldurra, eta esan dezaket askotan pentsatzen dudala nola gauden oraindik bizirik.

Eskalatzeko hormak egiten dituen enpresa bat duzu, Hormaclimb. Zer eskatzen dizute?

Jendeak boulderraren aldeko joera hartu duela pentsatzen dut, baina denetik dago. Bada arrisku handirik hartu gabe eskalatu nahi duen jendea, eta baita zailtasun handia behar duen jendea ere.

Nola hasi zinen lan horretan?

Ni beti moldeekin lanean ibilitakoa nintzen. Asko gustatzen zaizkit betidanik forma ezberdinak, erretxinak... Hormak egiten hasi zirenean, nik ordurako banituen ideia ezberdinak, banekien material hura tratatzen. Horrela hasi nintzen, Gasteizen; K2ko horma egin nuen lehena. Egitura prestatu zidaten, eta nik han jarri nituen eskulekuak. Gaur egun, dena nik egiten dut, bizitzan eta eskaladan izan dudan filosofia moduan. Hutsetik hasi eta amaitu arte.

Nondik iristen zaizkizu hormak egiteko eskaerak?

Euskal Herritik, gehienbat. Gasteizen, esaterako, nik egin nuen lehen horma. Euskal Herrian ez ezik, Espainian ibiltzen naiz maiz.

Mendian lehia dagoela pentsatzen duten horietakoa al zara?

Bai. Beti egon da, eta beti izango da. Gizakia, berez, lehiakorra da, eta hori horrela ez dela pentsatzen duena bere burua engainatzen ari da. Mendiak banatzeko garaian ere lehia izaten zen, beraz, pentsa!

Etorkizunerako zer asmo duzu?

Aurten joateko aukerarik izan ez dudanez, datorren urtean berriro ere Patagoniara itzuliko naiz. Dena aztertu beharko dut, familia, lana, osasuna... Baina, dena alde badut, itzuli egingo naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.