Bihar jokatuko da Txirrita mendi lasterketa, faborito argirik gabe

Donostiako Altza auzoko mendi inguruan izango da proba (16,6 km, 720 m+). 300 korrikalari ariko dira lehian, kirola eta euskara uztartuz. Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsotan ariko dira ibilbidean eta helmugan.

Iaz egin zen Txirrita mendi lasterketaren lehen ekitaldia. MADDALEN ODRIOZOLA ZUBILLAGA
Iaz egin zen Txirrita mendi lasterketaren lehen ekitaldia. MADDALEN ODRIOZOLA ZUBILLAGA
Unai Ugartemendia.
2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Bihar jokatuko da, Altzan (Donostia), Txirrita mendi lasterketaren bigarren ekitaldia. Iazko estreinaldi bikainaren ondoren, aurten ere mendi korrikalariek ez diote bizkarra eman probari, parte hartzaileen eskuetan jarritako 300 dortsalak berehala saldu baitziren. 09:30ean abiatuko da Altzatarrak Kirol Elkarteak antolatutako proba; korrikalariek 16,6 kilometroko distantzia eta 720 metroko goranzko desnibela gainditu beharko dituzte. Berrikuntza bat ere izango du aurtengoan lasterketak: banaka eta binaka parte hartzeko aukera izango dute korrikalariek.

Gizonezkoetan, iaz izan zuten borroka estuari jarraipena ematen saiatuko dira Ibai Makazaga oriotarra eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra. Biak ere irteeran izango dira. Baina ez dira izango lasterketa irabazteko lehian ibiliko diren bakarrak, azken hilabetean emaitza bikainak lortzen ari diren bi korrikalari ere ariko baitira: Amets Aranbarri eta Hodei Lujanbio.

Donostiako Altza auzoko Txirrita mendi lasterketa, 2023ko ekitaldia
Iazko partaideetako bat helmugaratzen. TATO OTEGI CALLES

Emakumeetan, iazko irabazlea, Erika Alvarez, irteeran izango da. Aresoarra nagusitasunez gailendu zen iaz, eta aurtengorako ere hura da, Jone Zabaleta azkoitiarrarekin eta Yashira Navas aresoarrarekin batera, lasterketa irabazteko hautagai nagusietako bat. Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako korrikalariez gain, Herrialde Katalanetatik, Kanaria Uharteetatik eta Errioxatik etorritako korrikalariak izango dira besteak beste parte hartzaileen artean.

Baina Altzakoa ez da mendi lasterketa soil bat. Euskararen aldeko apustu garbia egin dute antolatzaileek. Hala, bai lasterketan, bai sari banaketan, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsolariak bertsotan ariko dira. Lasterketa ikustera joateko aukerarik ez dutenek streaming bidez ikusteko aukera izango dute, Youtube eta Twitch kanaletan, baita Primeran plataforman ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.