Alberto Iñurrategi. Alpinista

«Bigarren mailan gabiltzala esan izan dut beti»

Alpinismoa epikaz, miresmenez eta prentsako tituluz janzteko joera gorabehera, bere eta Euskal Herriko alpinismoaren mugak onartu ditu Alberto Iñurrategik, ohi bezain zintzo.

Unai Ugartemendia.
Arrasate
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Elkarrizketak ez ditu gogoko Alberto Iñurrategi alpinistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1968). Ez da eroso sentitzen mikrofonoen edo grabagailuen aurrean. Munduko alpinista onenen pare ipintzen dute askok, nahiz eta berak beste maila batean ikusten duen bere burua. 30 urteko ibilbideari errepasoa egin dio, eta gogoeta egin du garai bateko, oraingo eta etorkizuneko mendizaletasunaz ere.

Dagoeneko ia 30 urte dira lehen espedizioa egin zenuela. Gogoratzen al duzu nora izan zen?

Bai, Chamonixera izan zen, Alpeetara, hobeto esanda. Anaiak eta biok egin genuen lehen bidaia izan zen. Nik aurretik eginak nituen Iruñeako lagunekin irteera batzuk, astebetekoak, baina anaiarekin hura izan zen lehena. Etxetik ez ginen diru askorekin atera, baina haren erdiarekin itzuli ginen berriro ere. Gidatzeko baimena atera berritan izan zen.

Zuek, mendian, ohiko ibilbidea egindakoak zarete: lehenik Pirinioak, gero Alpeak, Himalaia…

Hori esan genezake. Lehenik futbolean aritu ginen, gero eskaladan, eta gero mendira.

Nola sortu zitzaizuen Himalaiara jauzia egiteko aukera?

1999an izan zen. Alpeetatik bueltan, Andeetara joateko asmoa genuen, Perura. Sendero Luminosorekin zituzten arazoengatik, azken unean ez joatea erabaki genuen. Orduan hasi ziren gure Himalaiarako bidaiak. Pumori [7.161 metro] mendia aukeratu genuen.

Zergatik Pumori?

Orduan ez zegoen Internet, ezta informazio handirik ere. Aldizkari batean ikusi genuen Gaztelako espedizio bat han egona zela, eta hortik sortu zen ideia. Juanfer Azkonaren laguntza izan genuen antolaketarako. Lagun arteko espedizio bat osatu nahi genuen, herriko jendearekin, baina informazioa eskuratzen genuen neurrian, jendea atzera egiten hasi zen. Pumorik berezko fama txarra du, heriotza asko izan direlako han. Azkenean, anaia eta biok joan ginen.

Nola ordaindu zenuten bidaia hura? Laguntzarik bai?

Gure poltsikotik ordaindu genuen. Ni ordurako lanean hasia nintzen, eta anaiak ere bere gauzak egiten zituen. Gure ilusioa zen, eta ez genuen bitan pentsatu.

Zuek oso gaztetan erabaki zenuten mendiaz eta espedizioez bizitzea. Aitak bereziki asko lagundu omen zizuen erabaki horretan.

Bai, azken bultzadatxoa harena izan zen. Ni, aita bezala, kooperatibista nintzen Fagorren, eta aitak ondo zekien zer zen burdinen azpian lanean aritzea. Beti animatzen gintuen beste zerbait aurkituz gero, saiatzera. Aitak ere, guk bezala, ez zuen oso argi ikusten mendiaz bizitzea, baina bolada berezia izan genuen. Himalaiaren inguruan bazegoen halako mitifikazio bat, eta 1994an hara hiru edo lau espedizio egin ostean, probatzea erabaki genuen.

Geroztik ez zara itzuli fabrikara.

Ez, ez, baina hau kirola da, eta nik behintzat ez dut ikusten kirolean erretiratzeko aukerarik. Zerbait pentsatzen hasi beharko dut.

21 urterekin El Capitán horma igo zenuen Yosemiten. Gaur egun posible da hain gazte izanda? Garaiak asko aldatu al dira?

Nik ez nuke hori esango. Adibide bat: Iker Madoz. 24 urte ditu, gure aldean maila handia dauka, eta ez zaio motibaziorik falta. Orain Himalaian dago, Hego Amerikan ere izan da, Alaskan... Nahiz eta garaiak aldatu diren, mendia ilusioz bizi duenak asmatzen du mendira joateko bidea.

Zein uste duzu dela gaur egun hain espedizio gutxi egitearen arrazoia?

Ezin ditugu espedizioak orain dela 25 urte egiten ziren bezala planteatu. Gainerako gauza guztiak aldatu diren bezala, espedizioen planteamendua ere aldatu egin behar da. Hautu hau egin duenak asmatzen du bidea egiten. Iker Madoz da adibiderik onena.

Oraindik ere dirua al da arazorik handiena?

Gure garaietan ere arazo bat zen diruarena. Gogoan dut, 1993an, K2 joateko, ia 7.000 kamiseta eta praka saldu behar izan genituela. Uste dut Euskal Herri osoak bazituela! Hori gaur egun ezinezkoa litzateke, baina, hala ere, sormena eguneratu egin behar da. Askotan diruarena aitzakia bat bihurtu da etxean gelditu eta eguneroko jarduerak egiteko.

Mendizaletasuna ere erosotu egin al da?

Ez daukat zalantzarik neurri handi batean hala dela. Pirinioetan, adibidez, nork egiten du bibak gaur egun? Orain modan dagoena zera da, furgonetan hormara hurbildu, eskalatu eta berriro ere furgonetara itzultzea lo egitera. Nik ere gustura egingo nukeen zerbait da, eta asko erosotu gara, noski. Horrekin ez dut esan nahi ez ona eta ezta txarra denik ere.

Himalaiako zuen lehen espedizioan, Makalun, izozte batzuk ere izan zenituzten. Horrek ez al zintuzten beldurtu?

Ziurrenik bai, baina uste dut ikasketa handia izan zela. Horrelako hanka sartzeak aukera eman zigun autokritika handia egiteko, eta, autokritika hori zintzoa denean, ikasteko modua ere bada. Hala ere, etxean gelditzeko aukera ez zitzaigun burutik pasatu ere egin.

Aurten dira 25 urte oxigenorik gabe Everestera igo zinela. Historiako gazteena izan zinen. Zer izan zen hori zuretzat?

Oso atzean gelditu zaidan oroitzapen bat da, baina gogoan dut etxeratzean espero ez genuen harrera izan zuela, bai hedabideen aldetik eta baita gizartearen aldetik ere. Ezustean harrapatu gintuen: inoiz ez genuen pentsatuko halako oihartzunik izango zuenik.

Handik aurrera profesionalizatu zineten erabat, ezta?

Ordurako, Aretxabaletako Udalaren eta eskualdeko enpresa askoren laguntza genuen, kamisetekin ateratako diruarekin... Hala ere, Everestera joateko, poltsikotik ere dirua jarri behar izan genuen. Egia da handik aurrera espedizioak finantzatzen hasi ginela, ez bizitzeko adina ateratzen. Bi gauza oso ezberdinak dira.

Zortzimilakoak abiada bizian igotzen hasi zineten. Noiz pentsatu zenuten hamalauak igotzeko aukera?

Gezurra dirudien arren, hamalau zortzimilakoak osatzea errazkeria bat bezala ikusten genuen. Horren aurka egin nahi genuen, baina, aldi berean, ezin genuen egin. Kontraesan handi bat genuen, eta erresistentzia moduko bat ere egiten genuen, bai hitzaldietan eta baita elkarrizketetan ere. Seigarren zortzimilakotik aurrera, eguneroko kontua bihurtu zen, betiko galdera zen. 1999an, gure hamargarrena, Nanga Parbat igo eta gero, konturatu ginen ez egiteak ez zuela zentzurik, eta orduan erabaki genuen egitekotan geure erara egingo genuela. Falta zitzaizkigun laurak urte berean egiten saiatu nahi genuen.

Mendiaren alde gogorra 1996an ezagutu zenuen, Jose Luis Zuloaga Zulu-ren heriotzarekin. Lehen kolpe gogorra izan zen hura.

Benetan oso gogorra izan zen. Guretzat, Zulu erreferente handi bat zen, mendizaletasunean eta lagun gisa. Izugarrizko galera izan zen guretzat, eta uste dut orduan konturatu ginela bertan hartu genuen arriskua. Oso une gogorrak izan genituen. Espedizioa bertan behera utzi genuen ia-ia, naiz eta bi espedizio ezberdin ginen. Hala ere, mendian jarraitzeari zentzua aurkitu genion. Berdurrak uxatzeko modu bat zen, eta aurrera egin genuen. Oso igoera emotiboa izan zen, eta une oro Zulu gogoan izan genuen.

1998an, neguan, Manaslu mendira joan zineten. Geroztik, ez zaitugu asko ikusi neguko espedizioetan. Ez al diozu zentzurik ikusten?

Zentzua ikusten diot joan eta probatzeari, oso esperientzia interesgarria delako. Erronka moduan urte garai ezberdinetan igotzeak badu bere xarma, baina uste dut balio handiegia ematen zaiola, eta ikusi besterik ez dago behin igo eta gero berriro ere ez dela espediziorik antolatzen. Jendea ez da berriro itzultzen. Orain, poloniarrak K2rako saiakera antolatzen ikusten ari naiz, eta pena ematen dit. Iruditzen zait garai honi ez dagokiola estilo hori. Ez diot zentzu handirik ikusten 45 urte atzera egiteari. Atzerapauso handia iruditzen zait, eta are gehiago ematen ari zaien oihartzuna. Alpinismoa beste bide batetik doan sentsazioa daukat.

2000. urtean anaia galdu ondoren, sokalagun berriekin ibili zara. Beti eman diezu garrantzi handia bidelagunei.

Hotz utzi ninduen anaiaren galerak. Argi neukan ez nuela beste horrelakorik izango, baina, hala ere, uste dut zorte handia izan dudala. Jon Lazkanok, esaterako, asko lagundu zidan berriro ere mendiarekiko konfiantza hartzen. Berriro ere harekin eskalatzea oso lagungarria eginzitzaidan. Oso pasionala da egiten duen guztian, eta haren babesak onura handia egin zidan.

Ondoren ,Jon Belokirekin hasi zinen; GI eta GIII igo zenituzten.

Ezusteko handia izan zen. Ez nuen pentsatzen berriro ere hain gustura ibiliko nintzenik sokalagun batekin. Belokirekin bizitako urteak oso politak izan ziren; ederki moldatzen ginen. Orduan konturatu nintzen posible zela bidelagun berriak bilatzea, ondoren Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin gertatu zaidan antzera. Jonek mendia oso modu intentsoan bizitzen zuen, baina halako batean aurrera edo atzera egitea erabaki behar izan zuen, eta irakaskuntzan hasi zen.

Azken urteetan, berriz, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza izan dituzu ondoan.

Hauena ere markakoa da! Zabalza, esaterako, pirineista petoa da. Ez dut uste beste horrelakorik badagoenik. Mendia oso barruan daraman gizona da. Vallejotaz, berriz, zer esan! Harekin ondo moldatzea oso erraza da, egiazalea da. Horrek ere buruan beti mendia dauka, eta oso erraza da harekin irteerak egitea.

Zuk esana da: «Hamalau zortzimilakoek garen baino askoz ere mendizale hobeak egin gaitu». Zer esan izan nahi duzu?

Balio handiegia ematen ziola. Hemen, mendizalearen neurria egindako zortzimilakoen arabera neurtzen da, eta hori oso ideia okerra da. Alpinismoan gorenean ari direnak ez dabiltza zortzimilakoetan. Oso mitifikatua dago dena, eta badirudi mendizaletasunaren adierazpen gorena himalaismoan jarri dugula. Hori ez da zuzena.

Azken urteetan ez da zuen kasua izan. Zer ekarri dizu beste mendi ez hain ezagunetan ibiltzeak?

Estimulu berriak, emozioak eta ilusioa mantentzeko modua. Azkenean, ezagutzen ez dugun horretan dago bizia, eta gauza berriak probatzeak hori eskaini dit. Motibazioarekin jarraitzeko erronka paregabeak izan dira.

Zutaz hitz egitean, alpinista askok esan dute: «garai bateko alpinista», «munduko onena», «parekorik gabekoa»… Nola ikusten duzu zeure burua horrelakoak entzutean?

Oso deseroso, egia esanda. Nik ez dut dohain berezirik izan sekula. Nire dohain bakarra zera izan da, beti jakin izan dudala jende egokiarekin elkartzen, bai mendian eta mendiko kontuak kontatzean. Nik hori azpimarratuko nuke. Beti argi izan dut nire mugak zein diren, eta, hortaz, planteatu ditudan inguruetara iristeko, lan handia egitea eskatu izan dit, entrenamenduetan, zaintzan... Ziurrenik, nire lagun askok behar izan ez dituzten sakrifizio handiak egin ditut. Nik ez daukat dohain berezirik, ezta genetikarik ere.

Azken espedizioetan gailurrera iritsi ez zareten arren, goi mailako mendizaleek asko goraipatu dituzte zuen saiakerak. Zuek nola bizi izan duzue?

Nik asko estimatzen dut jendearen borondatea, baina ez dago objektibotasunik. Ikusi besterik ez dago gaur egun mendizaletasuna zein parametrotan neurtzen den, eta, horretarako, ikusi baino ez dago Urrezko Pioleta ematen duten urteroko ekitaldian zein jarduera saritzen diren eta zein diren hautatuak. Guk egiten duguna hautatuen artean sartu ere ez dute egiten, baina ez lehenengo bostetan bakarrik, ezta lehenengo berrogeita hamarretan ere. Hori da objektibotasuna!

Ez duzu esango zuenak meriturik ez duenik.

Beti esan izan dut gu bigarren mailan gabiltzala; horretan ez dut inolako zalantzarik. Argudiatu egingo dizut, gainera. Betidanik izan da horrela. 60ko hamarkadan euskaldunek egiten zutena bigarren mailakoa zen. Ezin dugu alderatu garai hartan frantsesek edo ingelesek egiten zutenarekin. Zabaletak 1980. urtean Everest oxigenoarekin eta xerpekin igo zuenerako, Messnerrek bakarrik egina zuen igoera iparraldetik. Edo guk 1993an Everest igo genuenean, ordurako izugarrizko igoerak eginak zeuden. Mila adibide jarriko nituzke. Mundu guztian ba al dago euskaldunek eginiko igoeraren bat erreferentzia moduan hartzeko? Ez, argi eta garbi. Horretarako, poloniarrak, frantziarrak, ingelesak eta esloveniarrak aipatu behar ditugu.

Zer da beldurra zuretzat?

Ilusiorik gabe bizitzea.

Zein dira etorkizunerako zure asmoak?

Buruan txori asko ditut, baina ez dugu ezer pentsatua. Egia da ez dela ohikoa. Bagenekien WOPeko proiektua amaitua zegoela, baina oraindik ez dakigu zer egingo dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.